Jaiak. Lizarra

Besta hasia da Lizarran, suziria gaur botako duten arren

Atzo izan zen Lizarrako herri mugimenduaren txupinazoa; udalak prestatutako egitaraua gaur hasiko da

Txupinazoaren ondotik Lizarrako larrain dantza dantzatuko dute udaletxeko plazan. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARP.
Iker Tubia.
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Bi suziri botatzen dira Lizarrako bestetan. Batek jai herrikoien hasiera iragartzen du; udalak prestaturiko egitaraua hasten da bestearekin. Lehenbizikoa ostegunez botatzen dute; bigarrena, ostiral eguerdian. Bart izan zen lehenbiziko txupinazoa; Festagiro jai batzordearena, hain zuzen. Talde hark biltzen du Lizarrako herri mugimendua, eta 22:00etan jaurti zuten atzo suziria. Ondotik, musika kontzertuak izan ziren Lizarran. Abuztuaren 11n akituko dira bestak.

Bigarren txupinazoa gaur eguerdian izanen da, eta Lizarrako Udalak prestaturiko egitaraua hasiko da berarekin. Felix Alfaro kultura zinegotziak botako du suziria, 12:00etan, udaletxeko balkoitik. Beraz, txupinazoa UPNko zinegotzi baten esku izanen da bosgarren urtez segidan. Besta lehertzearekin batera, Ibai Ega eta Larraiza dantza taldeek Lizarrako larrain dantzaren jota zaharra dantzatuko dute.

Aurtengo jaietako egitaraua joan den urtekoaren antzekoa izanen da. Hala ere, izanen da berrikuntzarik. Adibidez, ikuskizun pirotekniko berezia prestatu dute prozesioa Foruen plazatik pasatzen denerako. Horretaz gain, bildotsa txilindroi erara prestatzeko lehiaketa ez du San Migel auzo elkarteak antolatuko, Bota elkarteak baizik. Eraso sexisten aurkako kanpainaren barnean, bestalde, Lizarrako Udalak kartelak prestatu ditu, eta 88.000 ezpainzapi banatuko ditu taberna eta peñetan.

Geltokiko txosnak

Festagiro jai batzordeak hainbat ekimen prestatu ditu txosnetan. Autobus geltokiaren atzealdean paratzen dituzte txosnak, eta kontzertuak dira ekitaldirik garrantzitsuenak. Festagiroko kidea da Rakel Kunde. Azaldu duenez, ongi joan da besten prestaketa lana, eta «gogotsu» ibili dira. «Hiruzpalau hilabetean prestatu ditugu, batzarretan bilduz eta lan taldeak osatuz», azaldu du Kundek. Herri mugimenduaren egitaraua prestatzeko lanetan edozeinek parte har dezakeela esan du, «jai herrikoiak» baitira.

Musika izateaz batera, aldarrikapena egin ohi dira Lizarrako txosnetan. Aurten, udal ordenantzaren aurkako mezuak garrantzi handia izanen du. Oraingo ordenantzarekin ordaindu egin beharko baitu Festagirok autobus geltokiaren atzealdeko eremua erabiltzeagatik. «Txosnak paratzeagatik ordaindu behar izatea zentzugabekeria galanta da», dio Kundek; «herriari zerbait eskaintzen ari gara».

Euskarak ere bere lekua izanen du Lizarrako bestetan. Garean euskal elkartea arduratuko da horretaz. Bestetan «beharrezkoak» dira euskarazko ekitaldiak, haien aburuz. Horregatik prestatu dute euskal egitaraua. Kantua, dantzak eta jolasak antolatuko dituzte laugarren urtez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.