Su festak argitzen du, gauero, Iruñeko zerua, eta jendetzak bat egiten du Ziudadela parkean, suzirien ikuskizunaz gozatzeko asmoz.
Eguneko ekitaldirik kutunena da su festaren ingurukoa iruindar anitzentzat. Ogitartekoa eramaten dute Ziudadelara, eta parkeko belardi gainean afaltzen dute, familia edo lagun artean. Adin guztietako jendeak bat egiten du, su festak berdin erakartzen baititu etxeko gazteenak eta zaharrenak.
Suziri baten hotsak iragartzen du gauero su festaren hasiera. Hortik aurrera, Ziudadelan bat egiten duten guztien begiek gora so egiten dute, eztanda egiten duen festa ikusteko adi. Ordu erdi inguru irauten du ikuskizunak, eta ugariak izaten dira ikusleen txaloak eta harridura hotsak. Jendea liluratzeko gaitasuna dute suziriek.
Hilaren 14a bitarte, ikuskizunaz gozatzen jarraitzeko aukera izanen dute iruindarrek. Gaur, Galiziako Xaraiva etxeak zartaraziko ditu bere suziriak. Bihar, Italiatik etorriko da su festa. Fuochi Artificiali etxeak izanen du suziriak botatzeko ardura.
Hilaren 13an, Valentziako Pirotecnia Valenciana etxeak prestatuko du su festa. Azken egunean, berriz, hilaren 14an, Madrilgo Vulcano etxea izanen da Iruñeko Ziudadela parkean. Etxe guztiak saiatuko dira hiriko zerua argitzen, eta iruindarrek, zalantzarik gabe, Ziudadelan bat eginen dute, lekuko izateko.
Sanferminak Iruñean. Goizeko giroa
Bestak gauero egiten du eztanda hiriko zeruan
Ziudadela parkean jendetzak bat egiten du egunero, su festen ikuskizunarekin gozatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu