Zazpi urte zituenetik Beran bizi izan da. Kultur munduaz maiteminduta, Berako kultur batzordeko eta Gure Txokoa elkarteko kide da gaur egun Bittori Telletxea (Lesaka, 1957). Haren ustez, jendea harremanetan egoteko ezinbertzeko bilakatu da elkartea. Urte hauetan guztietan egindako lanarengatik, elkarteak antolatzen duen Lurraren Eguneko arduradunei eman die txupinazoa botatzeko aukera Berako Udalak. Izan ere, 25 urte dira besta hori antolatzen dela. Telletxeak gaur eguerdian «ilusioz eta ohorez» piztuko du Berako bestei hasiera emanen dien suziria.
Zer sentitu zenuen Berako txupinazoa botako zenuela erran zizutenean?
Beldur pixka bat eman zidan hasieran. Ortzegunean erran zidaten txupinazoa botatzeko. Aurten Lurraren Eguna ospatzen den 25. urtea denez, txupinazoa botatzea agian guri egokituko zitzaigula erran ziguten. Hala ere, azkenaldian lasai nengoen. Ohorea da niretzat bestei hasiera ematea. Gustura eginen dut.
Ilusioa egiten al dizu txupinazoa botatzeak?
Bai, noski. Jendearen aitzinean egon behar hori ez dakit nola izango den. Dena den, zailagoa iruditzen zait urtero Lurraren Eguna antolatzea. Bi hilabete jo eta su pasatzen ditut lanean horrelako egun bat antolatzeko. Ohitu egin naizen arren, Lurraren Eguna antolatzea zailagoa da txupinazoa botatzea baino, dudarik gabe [irribarrez]. Oraindik ez dut sobera pentsatzen txupinazoaren momentua nola izango den.
Eduki al duzu bertze noizbait txupinazoa balkoitik bizitzeko aukerarik?
Duela hiru urte inguru kultur batzordeak bota zuen txupinazoa, eta ni bertako kide naizenez, udaletxeko balkoitik noizbait txupinazoa ikusten izana naiz. Iaz ere han inguruan ibili nintzen. Hala ere, politagoa da txupinazoa plazatik ikustea. Ikaragarria da txupinazoaren aitzineko momentu horretan bizi den urduritasuna. Buruhandiak ateratzeko momentua ere ederra izaten da. Iaz aski hunkigarria izan zen, erraldoiak berriak zirelako.
Nola bizi dituzu bestak?
Besta batzordeko kide izaten urte batzuk daramatzat. Urte hauek guztiak bestekin kritikoa izateko esperientzia nahikoa eman didate. Baina Berako bestetan denetarik egiteko aukera dago; guztien gustuak asetzeko ekitaldiak. Nik bortz egun horiek hagitz gustura pasatzen ditut.
Zein ekitaldi duzu gustukoen? Zer aldatuko zenuke?
Ekitaldi guztiak gustatzen zaizkit. Azkeneko urtetan egiten den kantu bazkaria bereziki anitz gustatzen zait. Horrez gain, gazteek egiten duten lana ere gustukoa dut, beraiek antolatzen baitituzte musika eta jokoak. Bertzalde, Altzateko plazatik autoak ibiltzea ez zait sobera gustatzen. Okerrena Altzateko plaza oinezkoentzat ez bihurtzea da. Izan ere, Bera saihesten duen ingurabidea egin arte, handik pasatu behar dira autoak. Lurraren Egunean, oinezkoentzako bakarrik bihurtzen dugu plaza, baina bestetan ez. Zirkulaziorik gabeko plaza eder bat behar dugu. Orain, plaza berri bat badugu Altzaten, baina oraindik ez dugu erabili kioskoa jartzeko. Gainera, udaletxeko plazan arratsaldero ekitaldi bat egin beharko litzatekeela uste dut. Plaza hau hutsa gelditzen baita bestetan, eta Altzatekoa, berriz, beteta. Bestak anitz hobetu diren arren, oraindik bada zertan lan egin.
Gure Txokoa elkarteak bestetan ere antolatzen al ditu ekimenak?
Bestetan ekitaldi ugari egiten ditugu, bai. Gure txokoa elkartea ezinbertzekoa da Beran. Musika, kirol eta kultura arloan dihardugun elkarte garrantzitsua gara. Osotara, 1.300 bazkide inguru ditugu. Jendea anitz mugitzen da elkartean. Bestetan, elkarteak antolatutako ekintza asko egiten dira: dantza jaialdia bezperan, larrain dantza dantzatzen ikasteko ikastaroak, lasterketak eta abar.
Lurraren Eguna antolatzen 25 urte bete dituzue aurten.
Bai, hala da. Lurraren Eguna urriaren laugarren igandean egiten da. Egun hori baserritarrek beren produktuak herrira ekartzeko asmatu zen. Herritarrek baserritarren bizimodua nolakoa den ezagutzeko egiten da. Izan ere, duela 25 urte herriaren eta baserritarren arteko harreman hori ia erabat etenda zegoen, eta horregatik hasi ziren hori antolatzen. Beran aspalditik finkatutako besta da, eta etorkizunean hala jarraitzeko asmoa dugu.
Krisia iritsi al da elkartera?
Jendeak berdin mugitzen jarraitzen du, baina bai, krisia nabaritu dugu. Zoritxarrez, diru falta dagoenean lehenbizi murrizten dutena kultura izaten da. Joan den urtean %35eko murrizketa egin zioten Gure Txokoa elkarteari. Lurraren Eguneko aurrekontua ez da jaitsi, baina 25. urteurrena denez, aurten zerbait berezia egiteko asmoa geneukan. Hala ere, ezin izan dugu deus berezirik egin, diru faltagatik. Datorren urtean udalak diru gehixeago ematen badigu, behar bada hogeitaseigarrena izanen da berezia.
Berako festak. Bittori Telletxea. Besta batzordeko kidea
«Bestak hobetu dira, baina bada zertan lan egin»
Bittori Telletxeak ilusioz hartu du aurtengo Berako bestei hasiera emateko ohorea. Gaur piztuko du etxafuegoa, eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu