Bidelagun berriak izango dituzte tranbia eta metroko bidaiariek datorren urtetik aurrera. Izan ere, txakurrak eta katuak eramateko aukera eskainiko du Euskotren garraio zerbitzuak hilabete barru, Jaurlaritzako Garraio Sailak hala baimendu duelako duela aste gutxi. Europako zenbait hiritan-Amsterdamen, Bruselan, Kopenhagen...- aspalditik dago etxeko abereekin bidaiatzeko aukera, eta haien eredua jarraitzen hasi nahi dute orain gurean.
Etxeko abereekin bidaiatu ahal izateko baldintzak argi eta garbi zehazten ditu onartutako arauak: Bilboko metroan zortzi kilora arteko pisua duten animaliak bakarrik eraman ahal izango dira, betiere animalia «arriskutsua» ez bada, eta forma, tamaina, zarata edo usainarengatik besteei trabarik eragiten ez badie. Gainera, kutxa berezi batean sartuta eraman beharko dira. Tranbian eta metroan doazen txakurrek eta katuek ezingo dituzte jarlekurik okupatu, eta txakurren kasuan, uhalarekin lotuta eraman beharko dituzte haien jabeek. Horrez gain, animalia exotikoak eta arriskutsutzat jotzen diren txakur arrazekin bidaiatzea erabat debekatu dute.
Neurri berriak ez du inor epel utzi. Gasteizko tranbiaren erabiltzaileen artean, esaterako, denetariko iritziak daude. Animaliak garraio publikoan joatea arriskutsua izan daitekeela eta bidaiariekin arazoak egon daitezkeela diote batzuek. Abetxukora doan tranbia egunero hartzen du Rosa Mari Iglesiasek, lanera joateko, eta ez luke nahi txakurrekin batera bidaiatu: «Animaliak gustuko ditut, baina tranbia ez da tokirik aproposena beraientzat. Dena zikinduko dute, eta arriskutsua izan daiteke».
Beste batzuek, berriz, erabakia txalotu egin dute, animalien eskubideen aldeko urratsa delakoan. Bi txakur ditu Alex Salazarrek, eta noiz edo noiz tranbia erabiltzen duen horietakoa da. Begi onez ikusten du neurria, beti ere «errespetuz» jokatzen bada: «Jabeok saiatu behar dugu txakurrak ingurukoei ez molestatzen». Hortaz, neurriak ongi araututa egon behar duela uste dut, «bidaiariekin inolako arazorik egon ez dadin». Halako neurria beste eremuetara zabaltzearen aldekoa da Salazar: «Trenetan bagoi bereziak jarri beharko lituzkete animalientzat, eta hoteletan eta jatetxeetan txakurrak edo katuak sartzeak araututa egon beharko luke».
Gasteizko tranbia lepo joaten da maiz: astegunetan umeak eskolatik atera eta etxera bazkaltzera dihoazenean, hiriko jaietan, noiz edo noiz jartzen diren zerbitzu berezietan... Jendetza pilatzen denean animalien sarrera mugatzeko eskubidea izango du Euskotrenek. Lanegunetan, berriz, goizeko hamarretatik aurrera bidaiatzeko aholku eman diete jabeei. Erabaki horrekin ados dago Alejandra Saez:«Askotan nire semearen haur kotxea uzteko komeriak izaten baditut, zer esanik ez animaliak sartzen badira».
Bestalde, arraza arriskutsutzat jotzen diren txakurrei tranbian sartzea debekatzea «onartezina» dela dio Aitor Herediak. Pit bull arrazako txakur bat dauka, eta berarekin garraiatzeko eskubidea duela dio:«Nire txakurra arriskutsua izendatuta dagoenez, lotuta eta muturrekoarekin eraman behar dut, beraz, non dago arriskua?».
Beste bidaiarien antzera
Urtarriletik aurrera Euskotren garraio zerbitzuetako erabiltzaileek txakurrak edo katuak eraman ahal izango dituzte. Arraza «arriskutsuekin» bidaiatzea galaraziko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu