Beste bizileku eredu bat

ContenHouse etxeak itsas garraiorako erabilitako edukiontziak birziklatu eta etxebizitzak eraikitzen ditu. Merkeagoak izateaz gain, ekologikoagoak ere badira.

Adrian Garcia.
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
E txebizitzen prezio altuak eta ingurumenarekiko errespetuak beste etxebizitza eredu iraunkorrago baten beharra azaleratu du. Premia horretaz jabetu dira CotenHouse Bizkaiko etxean, eta oso bestelakoak diren bizitokiak proposatu dituzte: itsasontzietan merkantziak garraiatzeko erabiltzen dituzten edukiontziak.

Abantaila ugari eskaintzen dituztebizitoki horiek ohiko etxebizitzekin alderatuta. Salneurria da nabarmenena.

Barakaldoko Ezkerraldeko Enpresak Garatzeko Zentroan egunotan ikusgai dagoen etxebizitza aitzindaria bi edukiontzik osatzen dute. 60 metro karratu ditu orotara; bi logela, komuna, egongela eta sukaldea. 53.000 euroren truke eros daiteke etxebizitza hori.

Itsasontzi enpresek gehiago erabili behar ez dituzten edukiontziak erosten ditu CotenHouse etxeak, Jose Luis Santin enpresako sortzaileetako batek azaldu duenez. Edukiontziak Lemoako (Bizkaia) lantokira eramaten dituzte, eta han bilakatzen dituzte etxe. Desinfektatu, pintatu, lizatu eta termikoki isolatzen dituzte. Euria goian behean egindako egunotan etxeak ez du arazorik jasan, Santinek ziurtatu duenez. «Nire etxean baino hobeto egoten zen».

Etxebizitza ekoizteko prozesu osoa lantegian egiten dute, eta, behin etxea bukatzean, kamioietan garraiatzen dute bezeroak eskatzen duen tokiraino.

Ekologikoa eta merkea ez ezik, ekoizten azkarra ere bada etxebizitza mota hori. Hiru hilabeteren buruan egina egon daiteke familia batentzako bizitokia.

Santinek azaldu duenez, bizilekua higikorra izatean hiri zein landa eremuan ezar daiteke. «Hala ere, azken hitza beti tokian tokiko udalarena da».

Edukiontzia ezartzeko lur eremua bilatzea izan ohi da gehien kostatzen dena. Zailtasun horren jakitun dira CotenHousen, eta zerbitzu hori eskaintzen hasi dira.

Euskal Herrian etxebizitza tradizionalentzako alternatiba izan badaiteke ere, munduko beste toki askotan oso erabilgarriak izan daitezke edukiontzi birziklatu horiek.

Hondamendi naturalen ondorioz etxerik gabe gelditu direnei ostatu emateko aukera ona eta merkea izan daiteke, esaterako. Bide horretan, txabola ugaritasunaren aurkako proiektu batean murgildua dago Bizkaiko etxea, Hego Amerikako bi gobernurekin elkarlanean.

Kanpin eta hotelentzako ere egokiak izan daitezke edukiontzi etxeak, ostatu emateko gaitasuna azkar handitu behar izanez gero. Haurtzaindegi eta ikasleentzako etxe gisa erabiltzeko ere aproposak izan daitezkeela dio Santinek. Edukiontziak bata bestearen gainean ezar daitezke, bost solairuko eraikina osatu arte.

Europan gero eta ohikoagoa den kontzeptua bada ere, Euskal Herrian oraindik ez daude oso ondo ikusiak gisa horretako bizitokiak. «Hemen jendea tradizionalagoa da. Ez dago etxebizitza industrialetan bizitzeko horrenbesteko joera», adierazi du Santinek. Etxebizitza ikustera joandako askok ez zituzten begi onez ikusten gisa horretako etxeak. «Behin etxea ikusita, ordea, harrituta gelditu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.