Komunikazioa. Ekografiak

Beste debateak

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Debate handia, Debatea —horrela, letra larriz—, ustez, astelehen gauekoa izan zen —Rubajoy eta Rajalcaba hautagaien artekoa—, baina asteazken gauean ere izan ziren beste debate batzuk, akaso guri, Euskal Herriko ikusleoi, interes handiagoa piztu zigutenak. Piztu ahal zigutenak, besterik ez bada, nahiz gero Hegoaldeko ikusle gehienok nahiago izan genituen Tu cara me suena eta Tierra de lobos.

Asteazken gaua. Ia erotu nintzen. Astelehenean aspertzeko nahi adina denbora izan banuen, asteazkenekoa burua galtzekoa izan zen. Guztira hiru debate genituen ordu berean, hiru katetan. Eta beste bat Hamaika telebistan, baina kazetariena hori. Ordenagailu-telebistak irakiten izan nituen nik, leiho bat itxi, bi ireki, kate bat aurrera, atzera buelta lehengora. ETB1, Canal 6, La1, hirurak ibili ziren dantzan gauerdira arte.

La1 katean bost ziren eztabaidan, PSOE, PP, CiU, EAJ eta IU, nahiz sarritan asteleheneko debatearen antz handiegia izan: bi handiak mokoka, por alusiones besterik ez bazen, eta beste hirurak harrizko gonbidatu. Hori bai, nagusien aldean —aspergarri mortalak—, konpetenteagoak ziren Jauregi eta Gallardon. Benetako konbatea, ordea, La2en zegoen, Jake LaMotta eta Toro salvaje filmarekin.

Canal 6 pribatuan elkartu ziren UPN-PP, PSN, Geroa Bai, Ezkerra eta Amaiur. «Arriskuan dago Nafarroa?», bota zuen halako batean aurkezleak, ETAren bukaera hizpide. Barkos egon zen gainontzekoen gainetik. Gainontzekoak zapalduz tarteka, hitza kentzeraino. Baina bakoitzaren hitz egiteko denbora gutxien lotu zuten katea izan zen. Ze gaizki denbora hala kontrolatzea. Kazetari bainoago, kronometro.

ETB1en, azkenik, bildu zituzten PSE, EAJ, PP, Ezker Anitza, UPD eta Amaiur. Eta kanpainako dilema argitu zen: bai, Amaiur eztabaidan zen. Eta gero ze tristura, ikusita euskara ze gutxi usatua dagoen horrelakoetan, ze robotiko, ze kartoizko geratzen den, are hizlari batzuek ez dutenean ondo menperatzen. Erabili zuten euskaragatik eman beharko banu boza, Ezker Anitzako Mikel Izagirrerentzat.

Astelehenean gauzak garbi geratu zitzaizkidan: nire boza ez zen izango bietako batentzat ere. Asteazkenean erabat nahastuta bukatu nuen: ez nori eman botoa, ez non, ez noiz; boza zertarako eman behar dudan ere aldrebestu zidaten. Telekraziaren ajeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.