Lide Treku. Sukaldaritza beganoari buruzko ikastaroaren antolatzailea

«Beste errezetak bezain osasuntsu eta zaporetsuak dira errezeta beganoak»

Inigo Astiz
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ez dira ezinbesteko elikagaiak, hautu bat baizik. Haragi, arrain edo beste animalietatik eratorritako produkturik erabili gabe ere gizakiak badu elikatzerik. Baita mahaian gozatzerik ere, animaliei sufrimendurik eragin beharrik gabe. Hori erakusteko sukaldaritza ikastaroa antolatu du Askekintza Animalistak elkarteak Donostian. Lide Treku da antolatzaileetariko bat, eta, azaldu duenez, azaro erdialdean hasi, eta hilabete iraungo dute eskolek. Izandako arrakasta ikusirik, gehiago egingo dituzte. 646-04 56 99 telefonoan eman daiteke izena.

Zein da ikastaroaren asmoa?

Animalismoaren aldeko talde gisa zerbitzu bat eskaini behar dugula uste dugu. Beganismoa gizartean zabaltzea da gure asmoa, eta horretan lagundu nahi dugu. Erraztasunak eman nahi dizkiogu jendeari jakin dezan zer den sukaldaritza beganoa. Hamar euroan jarri dugu, horregatik, izen ematea.

Beganismoaren inguruan dauden mitoak apurtzeko tresna ere izan daitezke eskolak, ezta?

Bai. Tresna bat eskaini nahi diogu jendeari. Jendea badago begano izateko interesa duena, baina jauzi hori egiteko tresnak falta zaizkie askori. Begetariano askok ez dakite nora jo beren dietatik arrautzak eta esnekiak kenduz gero. Egunerokotasunerako tresna batzuk eskaini nahi ditugu ikastaroetan. Begano izan nahi dute, baina ez dakite nola. Horretan lagunduko ditugu. Badago kuriositate hutsez izena eman duen jende kopuru bat ere, beste sukaldaritza mota bat ezagutzeko gogoz daudenak.

Asko erabiltzen dira animaliak sukaldean. Jendeari kosta egiten zaio, akaso, hortik harago ikustea.

Gizarte eredu guztietan gertatzen da hori. Ohituta gaude era bateko sukaldaritza egitera, elikagai batzuk erabiltzera, eta hortik ateraz gero ezer ez dagoela iruditzen zaigu. Sukaldaritza beganoarekin hori ez dela egia erakusten dugu. Milaka errezeta daude, eta besteak bezain osasuntsuak eta zaporetsuak dira. Eta baita merkeak ere.

Beganoa beste sukaldaritza motak baino garestiagoa dela uste du jendeak, halere.

Mito bat da. Animalien eskubideen aldeko mugimenduaren barruan badago horren kontra borrokan dabilen jendea. Alternatiba merkeak ematen saiatzen dira, hain zuzen ere, begano izateak kostu ekonomiko bat duela uste duten aurreiritzi horiei aurre egiteko.

Zer errezeta klase erakutsiko dituzue ikastaroetan?

Mailaka sailkatuko ditugu taldeak, eta horien araberakoak izango dira errezetak. Sekula sukaldean aritu gabea den norbaiti sukaldean aritzen irakastea eta sukaldean aritzen badakien bati irakastea ez da gauza bera. Helburua, halere, praktikoak izatea da. Ez dugu Gabonetarako bazkari bat nola prestatu azalduko, egunero behar diren elikagaiak prestatzen irakatsiko baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.