Une historikoa.Halakoa bizi izan zuen Radio Euskadik biktimen gaian, asteazkenean. Ordu erdiko eztabaida, biktima ofizialetatik at dauzkaten beste horien inguruan. Historialari bat, Gesto eta Argituz elkarteetako ordezkari bana eta Peio Mindegia, hots, Poliziak itsu utzi zuen biktima, urteak daramatzana justizia eske, bakarka. ETA hiltzen aritu den bitartean justizia eskatzea zaila egin al zaion galdetu zioten honi. Galdera bikaina, REko kazetariek ere euren buruei egin ziezaieketena. Oso berandu da, baina biktima bat deskubritu dute Mindegiarekin; segituko al dute errealitatean aztarrika egiten, beste milaka aurki baititzakete... Aro berria ireki ote den irrati-telebista publikoan beste horiei ere erreparatuz, geroak esango digu.
Peio Mindegia. Biktima gisa asteazkenean egin zen ezagun REko kazetari zein entzule ugarirentzat. Irentsia izan zen Donostiako Herri Irratiko entzuleentzat, baina, gertu-gertuko ahotsa zaigu aspalditik. Goizeko solasaldietan eskatu baitzuen hitza makina bat urtetan; izpiritu kritikoa zeramaten haren ekarpen aberatsek, modu sosegatuan adieraziak betiere. Irratian iritzia emateko boterea lauzpabost oro jakintsuen esklusiba izatearen aurka matxinatzen zen entzulea.
Aurrekari polita.Ganbara saioan, Egiguren politikariak eta Aizpeolea kazetariak idatzitako liburua zozketatzen ari dira egunotan: ETA: las claves de la paz; Twitter, Facebook eta telefono bidez sar daiteke bat zozketan. Eztabaidagarria ez da argitaletxe edo bi egileen jokaera; azken batean, EITBko agintariekin ideologikoki bat egitea aprobetxatu dute. Oso merkea atera zaie promozioa alde horretatik: ale bakarra baino ez. Galdetu beharrekoa da Ganbara-ko arduradunek ea zein irizpide erabili duten pribilegiozko tratua eskaintzeko liburu zehatz bati. Aurrerantzean, era berean jokatu behar ote dute Euskal Herrian atera diren eskukada liburu interesgarriekin?
Umiliazioa. Cope eta SER kateak zuzenean eman zuten Bartzelona-Sadd partida ostegunean, uhinen astegunetako eguerdiak ere inbadituz. Han justu ere, ordutegi horretan ematen die autonomia (izateko arrazoia, bizipoza…) pitin bat euren irrati sukurtsaleei, herrialdeetakoei. Amorragarria behar du izan bertako irratigileentzat, Madrildik partida lehenestea, eta tokian tokiko irratigintza gutxiestea…
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Beste horiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu