Komunikazioa. Ekografiak

Beste sakonera bat

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ez dakit gogoratzen duzuen: Buenafuente izeneko saioan bazen El Follonero izeneko morroi bat. Ikusleen artetik, ikusleen nolabaiteko ahots anonimo baten gisara, saioaren gaineko iritzi kritikoa ematen zuen, aurkezlearekin izaten zuen solasaldi labur umoretsuan. Nik, behintzat, horrelaxe ezagutu nuen Jordi Evole kazetaria.

Aurrerago, 2008. urtean, saio bat eman zioten berarentzat bakarrik, Salvados, LaSexta katean. Hasieran jarraitzen zuen Andreu Buenafuenteren alboan egiten zuenaren antzekoa egiten, umore xalo, zuri, kalterik gabea. Pellokeriak, labur esanda. Baina gauzak joan dira pixkanaka aldatzen, eta Evole bera eta saioa joan dira hartzen aurretik ezagutu gabeko sakonera bat.

Azken denboraldian, adibidez, lortu zituen edozein kazetari serio ustek garesti ordainduko lituzkeen hainbat titulu. Gogoan ditut hiru: Barrionuevo, Gonzalezen barne ministro ohia, estatu terrorismoa justifikatzen eta onartzen, esaten estatuak jendea hiltzea zilegi dela eta bere garaian, besteetan bezala, hori gauzatu zela; Carod-Rovira Aznar seinalatzen, ETArekin izan zituen hizketaldiak Abc egunkarian agertu zirela eta filtrazioaren egile gisa; eta, berrikiago, Egiguren, ETAren jarduera laster, legegintzaldi honetan bukatuko dela esan bakarrik ez, jakin badakiela ziurtatzen.

Ez da ahaztu behar Otegirekin ere elkarrizketa izan zuela, 2009an, ezker abertzaleko kideen presentzia hutsaren hurrengoa zenean Madrilgo telebista kateetan. Besterik da elkarrizketa hura nola pasa zen, tarteka manera txarretan, nire iritzirako.

Aurtengo denboraldia ere indartsu hasi du Evolek. Hiru kapitulu eman dira dagoeneko, eta hiruretan hunkitu diren gaiak gaur-gaurkoak dira, eta arantzatsuak. Lehengoan, Qatar bisitatu zuen, Bartzelonako futbol taldeak hango fundazio batekin lortu duen akordioa aitzakia; bi emakume burkadun sartu zituen Camp Noun. Bigarrenean, Islama hartu zuen mintzagai, Guantanamon lau urte galdu zituen batekin hitz egin zuen, iman batekin saiatu. Iragan igandekoan, murrizketak hartu zituen hizpide, osasun arlokoak —Kataluniako Osasun kontseilaria jarri zuen kaltetuekin hizketan—, hezkuntzakoak, gizarte laguntzetakoak.

Baina zirkulua itxi behar eta onena: ez duela hasierako umorea albo batera utzi, beste sakonera bat eman dio soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.