Zinemaldia ez da Kursaalean bakarrik izaten. Bigarren urtez, Kortxoenea gaztetxekoek (Gros, Donostia) euren zinemaldi propioa, alternatiboa prestatu dute egunotarako. Ez du zinemaldi ofizialak bezainbesteko oihartzuna, baina iazko arrakastaren erakusle da aurten bigarrenez antolatu izana.
Zinemaren jaialdi alternatiboak 1980ko eta 1990eko hamarkadetako euskal zinema du protagonista. Egunero film bat ematen dute, eta filmean parte hartu duen norbaiten solasaldia antolatzen dute ondoren, pelikularen inguruan hausnartzeko.
Gaur, Acuerdo 8, el Patio Maravillas dokumentala emango dute, 19:00etan, eta emanaldiaren ondoren, egileekin solasaldia egingo dute. Kortxoeneko kideen elkarlanarekin, euskarazko azpidatziak jarri dizkiote dokumentalari. Bihar, berriz, egun osoan film laburren rallya egingo dute, eta horrekin amaituko da Donostiako Zinemaldi Alternatiboa. Rally berezia izango da: goizean banatutako gai eta irizpideei jarraiki, parte hartzaileek film labur bat grabatu beharko dute egun bakarrean. Horrez gain, hogei segundoko film laburren txapelketako emanaldia egingo dute.
Zinemaldi Alternatiboa amaitzeko, Igor Arzuagak, Mara bakarlariak, kontzertua emango du.
ZINEMALDI ALTERNATIBOA
Zer. Acuerdo 8, el Patio Maravillas dokumentala.
Non. Kortxoenea gaztetxean (Gros auzoa, Donostia).
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Bestelako zinema jaialdia
Zinemaldiak badu bertsio alternatibo bat: Kortxoenea gaztetxean egiten dute, eta aurten bigarren urtea du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu