Gaur eguerdian lehertuko da besta Beran (Nafarroa). Bittori Telletxeak suziria biztean, eromena eta jai giroa iritsiko da herrira. Aurtengo bestetan ere gustu guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte: haurrendako ikuskizunak, puzgarriak, zezensuzkoa, erraldoiak eta buruhandiak, bertzeak bertze. Hain haur ez direnentzat, berriz, kontzertuak, dantza saioak eta pilota partidak izanen dira. Aurtengo berritasuna, ortzegunean Altzateko plazan eginen den azpiko erropen lasterketa izanen da. Irrikaz daude beratarrak, aurtengo San Esteban bestei hasiera eman eta karrikak irri eta algaraz betetzeko.
Aurtengo txupinazoa Bittori Telletxeak botako du. Mende laurdena darama Lurraren Eguna antolatzen, eta lan hori eskertu eta saritu nahi izan du udalak. Gure Txokoa elkarteak 25 urte daramatza urrian besta hori ospatzen, eta hala jarraitzeko asmoa du. Bittori Telletxeak txupinazoaren aurreko urduritasun momentua izugarria dela azpimarratu du: «Niretzat ohorea da txupinazoa botatzea; dena den, udaletxeko balkoiaren azpian bizi den urduritasunak ez dauka parekorik».
Bortz egunek denetarako emanen dute. Suziriaren ondoren, erraldoiak eta buruhandiak karrikaz karrika ibiliko dira, Incansables txarangak eta Ezpelurgaiteroek lagunduta. Ondoren, 18:00etan, ausartenentzako nasapuntakoa egonen da Illekuetan. Ortzegunean eta ortziralean, 13:00etan eginen da nasapuntakoa. Ortziralean 18:00etan ere eginen dute, baita larunbatean ere, ordu berean.
Altzateko plazan izango dira kontzertuak, berriz ere. Zurbeltz batukada folk taldeak joko du gaur, 19:00etan. San Esteban egunean, bihar, Kalakan taldeak joko du, 19:30ean, eta 23:00 aldera, Garraxirekin erromeria izanen da. Kontzertu gehiago egonen dira aste osoan: Familha artus ortzegunean; Joseba Irazoki, Expositos eta Izaera ortziralean; eta AZ/DZ, Ives Rakoto, Habana Son eta A-Rasta-K DJa larunbatean. Berako Udalak ortziralean alkohol proba egiteko postu bat jarriko du Altzateko plazan, droga mendekotasunari aurre egiteko ekimen gisa.
Azpiko erropen lasterketa
Azpiko erropen lasterketa da aurtengo berrikuntzarik aipagarriena. Ortzegunean 01:30ean eginen dute, Altzateko plazako kontzertuen ondoren. Gauak beratarrak nahasten ez baditu, karrikaz karrika lasterka ibiliko dira erdi biluzik, ilargiaren argipean. Gure Txokoa elkarteak, gainera, ekitaldi ugari antolatu ditu bestetarako: dantza taldearen jaialdiak, herri dantzak, igeriketa txapelketa eta pilota partidak, bertzeak bertze. Horrez gain, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsotan ariko dira biharko mezaren ondoren. Kirol zaleek pilotaz gozatzeko aukera ere izanen dute ortzegunean, 18:00etan, eta larunbatean, 10:30ean.
Berako festak
Besten eromenean murgilduta
Gaur eguerdian emanen die hasiera Berako bestei Bittori Telletxeak, Gure Txokoa elkarteko kideak. Jai giroaz gozatzeko bortz egun dituzte aurrean beratarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu