Besteren neurrira biziz

Istorio eta pasarte asko idatzi da alargunen inguruan. Bizitza tristea eta arriskutsua irudikatzen dute idazkietako hainbatek, eta beti besteen begien neurrira jokatu beharra zutela ondoriozta daiteke.

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Tristea, nekagarria eta arriskutsua. Halakoa zen alargunen bizitza, Frai Antonio Gebarak XVI. mende hasieran idatzitako Reloj de príncipes (Printzeen erlojua) izeneko itun bateko pasarte batean dioenez. Beti besteen begien neurrira aritu behar.

«O, bai tristea! O, bai nekagarria! O, bai arriskutsua alargunen egoera! Alargun bat etxetik ateratzen bada, likitsa dela esango dute; etxetik atera nahi ez badu, ganadua galduko du; irri pixka bat egiten badu, kaskarintzat joko dute; sekula irririk egiten ez badu, hipokrita dela esango dute; elizara badoa, kalezalea dela; elizara ez badoa, senarrarekin esker txarrekoa dela diote; behar bezala janzten ez bada, gehiegikerian aritzea aurpegiratuko diote; arropa garbi badu, alargun izateaz nekatu dela; iheskorra bada, handiustea dela esango dute; hiztuna bada, etxean da susmoa; eta hau diot nik, az-kenik: alargunek beren bizitza epaituko duten mila aurkituko dituzte, bainaberen penei erremediorik jarriko dien bakar bat ere ez».

Alargunen sexu aztikeriak

Sexuarekin lotuta zeuden aztikeria salaketa asko XVI. mendean. Horregatik epaitu zutenLizarrako Joan Ibirikuren alarguna, adibidez, 1546an. Dirudienez, Domingo Recainekin zebilen maite kontuetan alarguna, ezkondutako gizon batekin, eta seme bat ere izan zuen harekin. Herri osoak zuen harremanaren berri, baita emazteak ere, Katalinak. Elkarrekin ezkondu nahian zebiltzan Domingo eta alarguna, baina traba nabarmena zuten: Katalina.

Erditik kendu behar, beraz, eta Logroñon pozoia erosi eta emazteari eman zion Domingok, horregatik. Lortu ez, ordea, eta sikario bat kontratatu zuen orduan alargunak. Emaztea hiltzea lortu baino lehen harrapatu zuten agintariek, ordea.

Bi ziren ezkontzaz kanpoko harreman horretan protagonistak: Domingo eta alarguna. Epaitegiak, baina, alarguna baino ez zuen kondenatu. Epaileen ustez, harena zen erru guztia, alarguna «aztia» zelako. Epaian esaten zenez, «deabruzko pertsuasio bidez» lortu zuen alargunak Domingo bere menpe izatea eta emaztea hiltzen saiatzea. Sexu bidez, bai, baina ez sexu bidez bakarrik, epai horrek dioenez: «Asto garuna eman zion jateko,bere erdiko hatzetik ateratako odolaz nahasturik, gizonak gehiago maita zezan lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.