Bingen Amadoz. Kazetaria eta idazlea

«Beti izan genuen herrimina»

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Sustraitik ezagutzen du basoa Bingen Amadozek, familiatik. Basomutil aritutakoa zuen aita, eta haren bidez heldu zen Alpeetara. Etxekoak etxetik kanpo zituela eta, Frantzian egin zituen haurtzaroko urteak. Aresatz (Nafarroa) atzean utzita. Garai hartako bizipenak kontatzen dituen liburu bat argitaratu du orain Altaffaylla Kultur Taldearen eskutik: Montes que daban pan (Ogia ematen zuten mendiak).

Euskal ghettoa deitzen diozu liburuan Euskal Herriko basomutilen kolektiboari. Hain trinkoa al zen?

Bai, baina horretan ez ginen beste etorkinen aldean hain desberdinak. Emigrante guztiek sortzen dute beren ingurua. Babes moduko bat da. Euskaldunak, ekuadortarrak edo indiarrak izan, berdin da. Emigranteak beti nahi izaten du kolektibo bat osatu. Gure kasuan, lana lagungarri zitzaigun horretarako, lanean denak elkarrekin aritzen zirelako. Kolektiboa basomutilek eta haien familiek osatzen genuen, eta denak elkarrekin mugitzen ginen.

Alpeetan egon zinen zu, eta hotzaz mintzo zara liburuko pasarte batean, kaioletan ziren untxiak ere hiltzerainoko hotzaz.

Lana gogorra zen, eta momentu hartan ez zegoen tresneria handirik lanerako. Indarrez aritzen ziren lanean. Eta klima ere gogorra zen. Negua luzea zen, hotza, elurtsua... Gure etxeak ere oso pobreak izaten ziren. Ez zen Frantzia aberatsa, pobrea baizik. Herriak husten ari ziren, eta hutsik gelditzen ziren etxe haiek izaten ziren guretzat. Egoera tamalgarrian zeuden, baina han bizi ginen.

Herrimina etengabe ageri da liburuan. Zu umea zinen orduan, baina zuk ere sentitzen zenuen falta hori?

Bai. Beti izan genuen herrimin horren pisua, baita umeok ere. Eskola, lagunak eta guztiak atzean utzi, eta arrotz sentitzen zara. Dena da berria, dena ikasi behar. Hizkuntza ere ez genekien. Gurasoek ez zuten hango gizartearekin halako harremanik izan beharrik. Ghettoan sartuta zeuden, eta moldatzen ziren haien artean, baina guri tokatu zitzaigun integratu beharra.

Eta nola ikusten zuen jendeak euskal komunitate hori?

Ongi hartu gintuzten beti. Ez dut sekula sumatu mespretxurik. Hangoak ere xumeak ziren, eta hala hartu gintuzten. Lagundu ere behin baino gehiagotan lagundu gintuzten.

Itzulerarekin amaitzen duzu liburua. Azken esaldian agerikoa denez, itzulera ez zen oso goxoa izan, ordea: «Etxean geunden, baina ez zen paradisua».

Diktadura baten pean utzi genuen gure herria, eta itzuli ginenean ere diktadura pean jarraitzen zuen. Askatasunik ez zegoen joan ginenean, eta askatasunik ez zegoen itzuli ginenean. Jendea oraindik behar gorrian bizi zen, eta gogorra izan zen itzulera. Frantzian ezagututako eskolak eta hemengoak ez zuten inolako antzik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.