Hitzekin jolastea eguneroko lana du Kike Amonarrizek (Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Euskara du lan tresna, baita gazte garaiko ikasketen muina ere. Umorea osagai nagusi gisa erabilita, euskal kultura zabaltzeko hamaika errezeta aurkitu du hainbat euskarritan. Badira sei urte telebistan mingain luzeen kuadrilla osatu zuenetik, eta, denboraldi berriari ekin aurretik, Parisen igaro ditu udako egun batzuk. Han ere mihia astintzen jardun du ziur aski; hankak, behintzat, ederki dantzatu ditu batetik bestera.
Aurretik elkar ezagutzen zuten. Argiaren hiria hamaika bider bisitatutakoa da, eta lehen aldietako xarma galdu gabe egin dute topo oraingoan ere. «Erakarpen berezia du». Beti saiatu da bizpahiru urtez behin bizpahiru egun Parisen pasatzen, lagunekin zein familiarekin, gazte garaian nahiz nagusiagotan. «Oso gazterik hasi nintzen Parisera joaten. Garai batean Interrailarekin joaten ginen, eta beti aprobetxatzen genuen han geldialdia egiteko». Iraileko azken asteburua aprobetxatuz, Gizatasunaren Festa (Fête de l'Humanité) erraldoira biltzen ziren hainbat lagun, kontzertuak eta abar ikusteko. Aurtengoan alaba batekin egin dio bisita, emaztea eta beste bi alabak lanean eta ikasten zebiltzan bitartean.
Txokotik txokora mugituz ezagutu dute 2011ko Paris, Amonarrizek gogoan dituen edo gehien gustatzen zaizkion lekuak bisitatuz. Horietako bat Saint Michel plaza da. «Festa giroarekin, urte zaharretako festa eta istilu giroarekin, eta hor egoten den jendetzarekin identifikatzen dut». Baina bada harentzat plaza berezi egiten duen beste zerbait ere: plazaren azpiko metroan aurki daitezkeen kantari eta artistak. «Aurten entzun dugun musika saiorik politenetarikoa han entzun dugu».
Quartier Latin edo auzo latinoan ere musika doinuen dantza oroitzen zuen Amonarrizek hara iritsi aurretik. Le Cloître izeneko taberna batean, hain zuzen. Erriberriko apaiz batek zaintzen zuen barraren atzealdea; bere tenplu txikia senegaldarren eta euskaldunen topagune bihurtu zuen, eta noizean behin azpian zegoen diskotekara ere jaisten zen «ordena ezartzera». «Gogoan dut Aberri Egun batean euskal musika jartzen ibili zela, eta bezeroak protestan hasi zirela hura ez zela musika eta musika nahi zutela oihukatuz. Parisera egindako bidaia bakoitzean nahitaezkoa zen hura agurtzea. Aurten, ordea, urteroko ohitura hori hautsi da. Ezin izan dira barrura sartu, taberna konpontzen ari zirelako. «Hiria aldatzen ari den seinale da».
Paris ondo ezagutzen duen arren, sorpresa bat edo beste izan du azken egonaldian. Saint Martin kanalak jasan duen bilakaerak, esaterako, atentzioa eman dio. «Sekulako kultur mugimendua sortzen ari da: diskotekak, arte tailerrak, jatetxeak, taberna alternatiboak… Orain arte nahiko utzita zegoen, eta merezi du bisitatzea». Txoko gomendagarrien faltan ez dago Paris. Panteon inguruko Mouffetard kalean hara eta hona ibiltzen da jendea egun osoan. Dendak, tabernak, merkatua… Mugimendutik atera eta hari so geratzea ez da denbora galtzea Parisko inguru horretan. Amonarrizek eta haren alabak hala egin dute kalean dagoen plazatxo horretan, ogitarteko bat jateko tartea hartuz.
Kaleko denda eta postuak ikustearekin batera, Tati saltoki handietara sartu-irtena egin dute. Etorkinen inguruan daude saltokiak, eta ez dute Lafayette galeria ezagunen antza handirik. «Bertan, gauzarik bitxienak eta guretzako ezberdinenak direnak aurki daitezke; betiko Paris horretatik aparte ibiltzea ere gustatzen zait, Paris beltzetik» edo Clignancourteko Marche aux Puces erraldoitik. Txoko berezietan murgiltzeaz gain, «leku tipikoak» diren horietan ere egon dira. Pompidou eta Louvre museoak bisitatu dituzte, baina handitasunean galtzeko astirik hartu gabe. Gauza zehatzak ikustera joan dira; Louvren, adibidez, zati erromatarra eta grekoa. Aspaldiko lagun bat ere agurtu dute. «Gioconda-ren aurretik pasatu gara agurtzera, ondo dagoen galdetzera eta hurren arte esatera», dio umorez.
Kontzertu, erakusketa edo emanaldiren bat ikusteko aprobetxatzea ere gustuko du behin Parisera joanda. Aurten Mamma Mia ikuskizunaz eta rap talde baten kontzertuaz gozatu ahal izan dute. Eta egun bat agurtu eta bestea hasi aurretik, zer hobe toki mitiko batean afaltzea baino. Chartier jatetxea aukeratu dute egunetako batean, «Parisen dagoen Euskal Herriko sagardotegiekin nolabaiteko antza duen tokia». Mahai luzeetan esertzen da jendea, aldamenean edozein eser daiteke… «Beti dago giroa». 400-500 lagun egon litezke barruan; hala ere, ilara luzerik ez zuten topatu sartzerakoan. Horrez gain, badu Amonarrizek beste proposamen bat, sagardotegien antza duen beste toki bat: Nos Ancetres les Gallois jatetxea, Notre-Dame elizaren atzealdeko irlatxoan. «Orain dela urte batzuk lagun taldean joan ginen. Oso toki bitxia da, hiru jantoki handi daude, eta handiena soto moduko bat da. Jendea kantari aritzen da; Parisen oso ohikoa ez den giroa da».
2011. Kike Amonarrizen uda
«Betiko Paris horretatik aparte ibiltzea ere gustatzen zait»
Bizpahiru urtetik behin Paris bisitatzea gustuko du Amonarrizek. Gaztetan hasi zen joaten, eta aurten ere egun batzuk pasatu ditu 'Argiaren hirian'. «Leku tipikoetan» ez ezik, hiriko hainbat txoko berezitan murgiltzeko ere aprobetxatu dute alabak eta biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu