Telesailak

Bi bandoen bide labainkorra

Park Chan-wook zinemagile hegokorear laudatuak ibilbideko bigarren telesaila plazaratu du: Vietnamgo gerrari buruzko ‘The Sympathizer’.

(ID_13791636) (/EZEZAGUNA) (;)
'The Sympathizer' telesaila. HBO MAX
Mikel Yarza Artola.
2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Ez da pantaila txikirako egiten duen estreinako lana, eta, hala ere, lehenaren tamainako ikusmina piztu du zinemazaleen artean. Park Chan-wookek Cannesko Zinemaldiko zuzendari onenaren saria eskuratu zuen iaz Decision to Leave filmarekin, eta ingelesez besteko film onenaren BAFTA 2016an, The Handmaiden-ekin.

Haien guztien gainetik dago 2003ko Oldboy, mundu zabaleko zinemazaleak Hego Koreara begira jarri zituen mendeku istorio gogoangarria. Artista seuldarrak 30 urtean jorraturiko autorezko estilo propioak beste dimentsio bat hartu zuen 2018ko The Little Drummer Girl telesailean; Hollywoodeko izarrez beteriko espioitza thriller bikaina izan zen hura.

Orain, bide bertsua urratu du Vietnamgo gerrari buruzko The Sympathizer ekoizpen kanadarrean. Viet Thanh Nguyen vietnamdarraren estreinako eleberria, zeinak 2016ko fikziozko Pulitzer saria irabazi zuen, zazpi ataleko drama konplexu bihurtu du.

«Ameriketan Vietnamgo gerra deitzen diote; Vietnamen, berriz, Ameriketako gerra». Ikusleak proiektore zahar baten bidez jasoko ditu telesailaren lehen azalpenak, historia eskola batean egongo balitz bezala. Hortik aurrera preso politikoak, konfesio behartuak, Saigonen erorialdia eta dozenaka gerra pasarte txandakatuko dira pantailan.

Narratzailearen figurak berak ere aparteko pisua du. Park Chan-wook satiraren bidez barneratu da historiari, memoriari eta kontakizunaren jabetzari buruzko ideia gatazkatsuetan.

AEBetara erbesteraturiko agente komunista sekretu bat da istorioko protagonista eta narratzailea, erdi vietnamdarra eta erdi frantziarra den gizonezko bat. Kontraesanez beteriko unibertso batean bizi da: Vietnamen jaio zen, baina AEBetan ikasi zuen; Ipar Vietnamgo sator bat da, eta, aldi berean, Hego Vietnamgo militarren adiskidea... pertsonaia nagusiaren munduan ezer ez da dirudiena, eta dualismo labainkor hori da kontakizunaren ardatz emankorrenetako bat.

Narratzailearen figurak berak ere aparteko pisua du. Park Chan-wook satiraren bidez barneratu da historiari, memoriari eta kontakizunaren jabetzari buruzko ideia gatazkatsuetan. Berak idatzi ditu telesaileko zazpi atalen gidoiak, eta lehen hirurak zuzendu. Harekin batera, beste bi artista seinalatu aritu dira kameraren atzean: Fernando Meirelles (Cidade de Deus) brasildarra eta Marc Munden (Utopia) britainiarra. Hiruren artean, zinemagile hegokorearrarena da ekarpen esanguratsuena, plano gehienak zinema kutsuz zipriztinduta eszena ezin adierazgarriagoak ondu baititu, hitzen beharrik gabe hitz egiten duten horietakoak.

The Sympathizer-ek kontzientzia zabalago bat ere badu, eta erreferentziak egin dizkie, besteak beste, Apocalypse Now eta Platoon kultuko filmei. Esaterako, telesailak istorioan txertatu du Vietnamgo gerrari buruzko film bat egiten ari den autore zinemagile bat, Francis Ford Coppolaren figuran inspiratuta.

Lehen atalaren amaierako eszenan Del Shannon kantautore estatubatuarraren Runaway kanta ezaguna entzun liteke, protagonistak ziegako barroteetatik kalera begiratzen duen bitartean. Amerikarrek ekarriko diote askatasuna, ala haiek dira bere gatibualdiaren erantzule? Hamaika galdera mamitsuz beteriko ikustaldi gozagarria eskaintzen du HBOren eta A24ren arteko elkarlan berri honek.

fitxa

  • Sortzaileak. Park Chan-wook eta Don McKellar. 
  • Aktoreak. Hoa Xuande, Fred Nguyen Khan, Toan Le, Sandra Oh eta Robert Downey Jr.
  • Herrialdea. Kanada.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. HBO Max eta Amazon Prime Video.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.