Maratila
Bi bolak
Ikaragarriak dira. Lurrekoan, lau kontinenteren 1670-1680 urteetako ezagutzak. Zerukoan aldiz, nolakoa zen izartegia 1638ko irailaren 5ean, Louis XIV erregeren sortze egunean. Lau metroko diametroa bakoitzak, eta bakoitzak bitona baino gehiago pisu. Airean kaskotik dilindan egoteko eginak. 1680ean, Louis XIV erregeren enbaxadorea den d'Estrées kardinala Erroman dugu. Han, Coronelli fraile kosmografoak Parmako dukearendako eginak dituen bola handiak deskubritzen dituelarik liluratzen da. Badoa D'Estrées Veneziara, Vincenzo Coronelli frantziskotarra bizi den Frari-en komentura. Louis XIV «lurrak duen errege ospetsuenarentzat» Parmako dukearen bola handiak baino handiagoak diren bi bola behar dituela, dio D'Estrées-ek Coronelliri. Ondorioz, Coronelli Frantziara heltzen da 1680an. Haren ekipoko ofizialeek, upelgileen etaitsas zurginen lan moldeez baliatuz, bi armadura esferiko sortzen dituzte. Igeltsuzko -edo plastrezko- oihalez inguratzen gero bi esferak. Behin eta berriz. Azkenik, oihal finago batez estaltzen dituzte bi bolak, eta laukitzen gero, oihalean marraztu eta pintatu aitzin. Lurreko bolan, dekoratuak, lurraldeak, alegoriak, leku ezezagun batzuetan ozeanoak ere. Zerukoan aldiz, izartegia, zodiakoa, brontze doratuzko izarrak. 1682an, Coronelliren bolak bukatuak. Baina jada zaharkituak... Coronellik 1683an Parisenuzten du Italiara itzultzeko. Bi bolak 1715ean Bibliothèque royale-ra igortzen dira. Paristar publikoak 1782 - 1913 artean ikus ditzake «Bolen Saloi»-ean. Gero, Orangerie-ko gordailuetara bidali ondoan, ahanzten dira. 1980ean Pompidou zentroak presentatzen ditu, aspaldiko partez. Azkenik, 2005ean Grand Palais-en agertzen dituzte eta 2006a geroztik François Mitterrand liburutegi nazionaleko «Mendebaleko Hall»-ean daude. Han ditut ikusi aurtengo otsailaren zortzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu