Michael Coquerelle. CSICko ikertzailea

«Bi espezieek milaka urte gehiago partekatu zituzten»

xabier martin
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Grota del Cavalloren hortzen artikuluaren sinatzaileetako bat da Michael Coquerelle ikertzailea. Uste du «litekeena» dela Uluzzoko kultura Homo sapiens-ak sustatu izana.

Grotta del Cavalloko esne hortzen azterketak Uluzzoko kulturaren eragileen izena aldatuko ote du?

Goiz da oraindik horri erantzuteko. Dakiguna da hortz horiek neanderthal batenak zirela uste izan dela, eta ez da horrela, Homo sapiens batenak direla frogatu baitugu. Oker horrek Uluzzoko kulturarekin lotu du neanderthala.

Aurkikuntza honek erantzun batzuk eman eta galdera gehiago eragin ditu; oinarrizko bat: nor da Uluzzoko kulturaren sortzailea?

Inoiz baino zalantza handiagoak daude neanderthalak eta kultura aurreratu horren arteko loturaren inguruan. Litekeena da Uluzzoko kultura Homo sapiens-ak eragin izana, baina ezin da baieztatu osagarriak liratekeen beste proba batzuk egin gabe, hautsak harrotzeko modukoa baita hau.

Jakingo duzu paleoantropologo anitz daudela uste horren aurka. Cartagenako Cueva de los Aviones aipatzen dute neanderthalen gaitasun sinbolikoaren alde egiteko.

Bai, badakit aztarnategi horretan 50.000 urte inguruko datazioak egin dituztela eta neanderthalei egotzi diotela, baina han ez da azaldu neanderthalen fosilik, objektuak baino ez. Niretzat ez da segurua hura neanderthalen bizilekua izan zenik. Oso zaila ikusten dut hango objektuak neanderthalenak izatea.

Gizaki neanderthalaren gaitasun sinbolikoaren eztabaida ez da berehala itxiko itxura batean.

Ez dut uste. Seguruenik kultura desberdinen arteko harremanetan sakondu beharko dugu, ezer argituko bada. Orain segurutzat jo daiteke Homo sapiens-ak eta neanderthalak, bi espezieek, milaka urte gehiago partekatu zituztela, eta horrek zerbait esan nahiko du, noski. Ikasteko gaitasuna oso gizakiarena da, ezin dugu hori ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.