Nahiko desatsegina da jendez gainezka dauden autobusetan garraiatu behar izatea; are gehiago, egin beharreko bidaia luzea denean. Bilbo bezalako hiri handietan, Euskal Herriko hirien neurrirako bederen, udal autobusek ia ordubeteko ibilbideak egiten dituzte abiapuntutik helmugaraino. Metroaren ondoren gehien erabiltzen den garraioa izanda, Bilbobus zerbitzua hobetzeko modua bilatu izan dute urteotan udal agintariek, errepideetan ibilgailu gehiago jarri gabe.
Gabonetako ezinbesteko osagaietako bat opariak izanda, Olentzerok bilbotar guztiek erabili ahal izango duten opari bat egin nahi izan die aurten: bi solairuko Bilbobusak. Oraingoz, bi autobus besterik ez dira, eta urtarrilean jarriko dituzte bidaiarien zerbitzura, Abusu eta Jesusen Bihotza lotzen dituen 56. ibilbidean. Hiriko hainbat kaletatik egin duten aurreneko bidaian, alabaina, ezohiko gidari bat izan du erraldoi gorriak, Olentzerok berak ekarri baitzituen.
Bilbobus berriek egungoek baino 50 bidaiari gehiago hartu ahal izango dituzte: guztira, 125 lagun. Berez, 70 eserleku dituzte, eta gainerakoek zutik joan beharko dute. Ia 14 metroko luzera eta 4,20 metroko garaiera dute ibilgailu berriek. Horrek zailtasunak ekarri dizkie udal arduradunei, zirkulazio kodeak lau metrokoak onartzen dituelako, gehienez ere. Espainiako Barne, Sustapen eta Industria ministerioen baimenak ez ezik, Europako Batasunaren oniritzia ere behar izan da Bilbobus berezi horiek Bilbora ekartzeko.
Erabiltzaileek eserlekuak gehitzea eskertuko dute gehien, baina autobus berriek puntako baliabideak dituzte. Besteak beste, aulki gurpildunetarako arranpak dituzte, alboetako bat makurtzeko aukera du mugimendu mugatua dutenak errazago igo daitezen, eta ahozko informazioa eskaintzen duen sistema bat darabilte, itsuek geltoki bakoitzaren berri izan dezaten. Ingurumena ere zainduko dute, biodiesela erabilita. Bilboko Udalak 660.000 euro ordaindu du bi autobusen truke.
Bi solairuko autobusen artean, seguruenik, Londresko Routemaster deritzonak dira munduko ezagunenak. Ia mende erdiz izan ziren lanean, 2005. urtean kendu zituzten arte. Londresen ibilitakoak ziren, hain zuzen ere, bere garaian Bilbon aritu ziren Trolebus zaharrak. 1960ko hamarkadan erosi zitzuten bigarren eskuko ibilgailu haiek, eta urte luzez zeharkatu zituzten hiriko kaleak. Autobus berriak garai hartakoak baino luzeagoak dira, eta, horri esker, bidaiari gehiago hartzeko modua dute.
Ingalaterrako hiriburuan ez ezik, oro har Erresuma Batu osoan erabiltzen dituzte bi solairuko autobusak gaur egun. Europatik bidaiatuz gero, Dublinen eta Berlinen ere topatuko ditugu mota horretako ibilgailuak hiri barruko garraioetarako. Noski, antzekoak erabili ohi dira nonahi ibilbide turistikoetarako, Euskal Herrian bertan.
Bilbobuseko 56. ibilbidea da gehien erabilitakoa, urtero ia bi milioi bidaiari hartzen dituela, eta horrexegatik aukeratu dute autobus berriekin saioak egiteko. Harreraren arabera, beste ibilbideetara zabaltzea aztertuko dute.
Bi solairuko opari gorria
Olentzerok opari berezia egin die aurten bilbotarrei: hirian zehar 125 bidaiari garraiatzeko gai diren bi solairuko autobus berriak; urtarrilean hasiko dira ibiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu