Publikoa jarlekuetan jarririk eta pareko oholtza gainean txarangak zuzenean ari. Errepublikaren plaza, Santizpiritu auzoko bilgune nagusia horrela animatzen da eguerdiro besta denboran. Animazio jarrien gunea, nolabait laburbiltzeko, eta araberakoa da giroa. Hori bai, Herriko Etxeak urtero nabarmentzen du Baionako besten gune dela auzoa. Baina paperean idazten denak eta errealitateak marrazten duenak ez dute beti bat egiten.
Parte zaharra eta Santizpiritu artean Aturri ibaia dago. Eta ibai bat, ez da muga txikia. Egia da ere, biak lotzen dituen Santizpiritu zubia, autoei mozten dietela besta denboran, eta, ondorioz, zeharkatzeak xarma berezia dauka. Baina gehienek parte zaharrera joateko dute zeharkatzen, eta ez alderantziz. Tren geltokia baitu Santizpirituk. Eta, hain zuzen, auzoko mugimendu nagusia trenetik jaisten edo trena hartzera joaten diren joan-jinena da.
Hendaiaraino doan trenak badu arrakasta berezia. Hori dute hartzekoa, Donibane Lohizunera doazen Ramuntxo eta Peiok. Tren zerbitzua aski egokia dela deritzote, gauetan salbu. 00:00etan da azken trena, eta ondokoa, 07:00etan. Baina asteburuan gehiago jarriko dituztelakoan daude. Trenaren zain, bankuan jarriak, beren jantzi zuri eta gorriak salatzen ditu. Trenzaleez aparte, anitzek erabiltzen dute auzoa autoen uzteko. Zentrotik urrun, lekuak errazagoak dira. Horiek horrela, Santizpiritun bertan, bestazale gutxi. Lasai hartuak dira gauzak hemen, lasaiegi batzuentzat. Izan ere, antolatuak diren hitzorduez aparte, gainerateko orduetan isiltasun beharretan dauden belarriak ongi zainduak dira. Errepublikaren plazatik hasten den oinezkoen Santa Katarina karrikan Afro Shop denda dauka Daouda Ouattarak. Eta lasaitasun hori damutzen du. Bere saltegian Afrika mendebaldeko janari eta kosmetikoak saltzen ditu; tartean, zenbait garagardo. Eta besta denboran, saltegia laster bilakatzen da ostatu, baita jatetxe informala ere. Gingenbre edo jengibre zukua da bere berezitasuna. Baina bere proposamen eta animazioetan mugatua da, aduanak ez baititu urrun, eta baimenekin kasu egin behar. Mementoko eguerdiak dira, eta ate ondoan dago, karrikari so, besterik gabe, «joanarazten», hark dioenez. Zapi gorria dauka jantzia, baina horretaz aparte, ez du bestako irri handirik. Udalaren aurka kexu da: «Gu, saltzaile hilak gara. Begira zein hutsak diren karrikak. Egunaz zein gauaz, hutsak. Guk hemen ez daukagu girorik. Auzapezak dena ukatzen digu». Urtero, baimena eskatzen diote kanpoko soinu goragailuen jartzeko, beste auzoetan egiten den bezala, baina udalak ukatzen die: «Musika ozena jarri nahi dugu geltokitik ateratzen direnak erakartzeko». Santa Katarina karrika ikusi gabe pasatzen baitira anitz ondotik. Behartuak dira ostatuak 02:00etan hestera, beste aldeetan 03:00etan hesten direlarik.
Anartean, lasaitasun hori eskertzen dute anitzek. Haur eta adineko jendea pozik dago, hasiz, auzoetatik. Lasaitasunaren zaindari sutsuak. Harrabots gehiegi daudelarik, «salatzera doaz udalera», Outtarak dioenez.
Bertan bizi ez direnentzat ere, bertan hatsa hartu eta indarrak berritzeko aukera da, berriz ere Baiona Ttipi eta Zaharreko jendetzaren itsasoan sartu aitzin. Auzoan gaindi bazkaltzeko aukera bat baino gehiago dago, gainera. Hor dago janari turkoa eskaintzen duena; ondoan marokoarra dauka, kuskusa ausarki eta merke ematen duena. Badira ere bazkari «europarrak» ematen dituztenak, Ouattarak deitzen dituen bezala. Eta bata zein bestea, parte zaharrean baino anitzez merkeago dago.
Mundu nahasketa ederra, hasteko, karrika bakar batean. Horri guztiari, gainera, beste espezie berezi bat gehitu behar zaio. Besta egina dutenarena. Halako noraez batean ageri da bazter horietan. Begiak lodi, zapi gorria izerdiak lepoari itsatsia, eta jantzi zuria, ez hain zuri. Gaupasa eginik, oraindik banpiro aire, ordu txikietan dela, hetsia dela, gelditzen zaizkien azken neuronak azken garagardo bat non har daitekeen pentsatzen jarri, eta geltokia agertzen zaie salbatzaile. Eta hor daude, dudakor; garagardoaren, kruasanaren eta kafe txotxaren artean zer hautatu, dudakor.
Bi trenen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu