Lanera erdi lo nindoan batean, irudi bukoliko batekin egin nuen topo: bi zaldi eder, bata marroia eta bestea zuria, biak ezin finagoak, errepide bazterreko belardi baten erdian zeuden, zutik, bidera begira. Izugarrizko inbidia sentitu nuen, jope, ni beste berrogeirekin batera etxe berean lanean, eta zaldiok, berriz, belardi zabal hartan bakar-bakarrik, euren erritmo baketsuarekin, zeinen aske. Egonean egon, belarra jan, etzan, tarteka errepidera begiratu, eta berriro etzan. Hori da hori bizimodua! Geroztik, goizero belardi horren paretik igarotakoan begiradarekin bilatzen ditut, eta zoriontsu naiz, ertzetik egunonak eman dizkidatela irudikatuz. Hori da goizeko bizipoza.
Gaur, berriz, guardia zibilaren auto bat zegoen, geldirik, zaldien irudi samurra estaltzen. Zaldien ordez, berriz, bi guardia zibil berde, geldi nendin keinua egiten. Kaka zaharra, akabo gaurkoz eguneko bost segundo magikoak.
Zineman lan egiten nuela eta berandu nenbilela esan diet nora nindoan jakin nahi izan dutenean. Berehala damutu naiz. Uf! Batek iaz kamera ikastaro bat egin zuela, eta horren kontura txapa galanta sartzen hasi zait, nik zaldiak bilatzen nituen bitartean. «Emango al dizkizut paperak?», moztu diot, eta, berriketan jarraitzeko asmotan zegoela igarri badiot ere, eman dizkiot guztiak. Hark, berriz, ez paperik ez deus, ditxosozko ikastaroan ikasitakoari ekin eta ekin. Besteak, orduan, are zozoago jokatuz, «ze, utziko al diogu neskatxa honi behingoz lanera joaten?», «ez dakit nik...», en fin, azkenean aske utzi naute. Horra eguna egonean egon pasatzen duen beste... parea.
Maratila
Bi zaldi, egonean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu