Erdi Aroko Carcasona hiriak kokagunetzat duen itsasmuninoa aspaldidanik erabili izan da, ingurumariko ordokiak kontrolatzeko. Gutxi gorabehera duela hogeita sei urtedanik, bai, garai hartakoxeak baitira han aurkituriko aztarnarik zaharrenak. Jakin badakigu orainagoko garaietan gune gotortu bat izan zela, lehenik galiarrek eta hurrengo erromatarrek harresiturikoa, eta Carcaso esaten ziotela.
Historiaren aldi hura iragan zelarik, sarrazenoen esku geratu zen zitadela. Behin Pirinioak igaro eta gero, ia hogeita hamar urte eman zituzten sarrazenoek Carcasonan, lurralde frankoen gaineko aurrelari taldeko buru gisa. Handik, berriz, 759. urte inguruan egotzi zituzten.
Karlomagno enperadorea hil ondoren, mila puskatan apurtu zen hura eraikitzen ari zen inperioa, eta jaun feudalek elkarren artean banatu behar izan zituzten lur sailak. Carcasona hiria, halabeharraren halabeharrez, Trencavel dinastiako kondeen esku geratu zen; Languedoc lurraldearen hein handi bat hartzen zuten haien jabetzek.
Hazkunde garaia izan zen hura hiriarentzat, hotsandiko aldi bat; hurrengo, baina, etenaldi bat gertatu zen bat-batean, Inozentzio III.ak eta frankoen erregeak prestaturiko gurutzada bitarteko zela. Kataro edo kristau heretikoen gotorlekua baitzen Carcasona. Trencavel kondeek eta Okzitaniako beste hainbat jaun feudalek baimendutako eta babestutako zerbait.
Kataroen aurkako zigorra etorri zen gero, 1209ko udan: Montfort-eko Simonek zitadela setiatu zuen, eta hamabost bat ekinalditan hiriaz jabetu zen, inolako eragozpenik gabe. Hala, kataroak sarraskitu egin zituzten mendearen azken hondarrean, eta errege frankoen esku geratu zen; beraz, hainbat aldaketari bide eman zioten.
Zenbait eraberritze egin zituzten zitadelan, haren gotorleku izaera sendotzeko asmoz, eta, ibaiaren bestaldean, Auderen ubidearen ezkerreko aldean, beste hiribildu bat eraiki zuten: Sain-Louis bastida. Denborak aurrera egin ahala, bizitza eta aberastasun iturburu bihurtu zen hiribildua, eta edonolako jardueren bilgune; gotorlekua, berriz, tropentzako esparru gisa geratu zen.
Gotorlekuaz baliatzea dagoeneko alferrekoa zen XVII. mendean, ordu hartako gerra teknika berriei erreparatuz gero. Gainera, Pirinioetako Itunaren bidez amaitu egin ziren Frantziako eta Espainiako erresumen arteko mugaldeko gatazkak, eta, beraz, baliogabetu egin zen gotorlekuak mugaldean zuen zeregin babeslea. Hala, mende baten buruan, bertan behera utzitako auzo bat zen zitadela, hiribilduaren merkataritza gunetik kanpo geratu zena, ardoen eta ehunen salerosketak zekarkien aberastasunetik at.
ERDI AROKO ZITADELA. Zenbaitzuek diotenez, Erdi Aroko eraikuntza zoragarri hura bertan behera geratzeko zorian egon zen, ia goitik behera eraitsi baitzuten. Carcasonako Jean Pierre Cros-Mayrevieille izeneko jaun prestu baten eta Viollet le Duc arkitekto ospetsu eta ezagunaren esku-hartze erabakigarriari esker, baina, egoera hura berriro bideratzeko gai izan ziren.
Beraz, XIX. mendean berreraiki egin zuten, eta, hala, ezin hobeto iritsi ahal izan da gaurdaino; Europa osoko Erdi Aroko multzo arkitektonikorik handiena da. Unescok babesturiko Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartuta dago. Izendapen horrek berme halako bat ematen dio monumentuaren ikusgarritasunari.
Ikusgarria da Carcasona cite edo hiria, iparraldeko hegalean dagoen mahasti baten erdian ageri baita; kokagunetzat duen itsasmuinoa dela eta, harresiek -lehenaz gain- are eta garaiagoak dirudite. Urrunetik, harresi eta dorretzarren multzo lauso bat baino ez da igartzen, elkarren gainean teilakatuak; ez da harritzekoa ere, kontuan izanik harresi bat baino bi daudela, eta tamaina ugariko dorretzarrak daudela -52 guztira- gotorleku osoan zehar.
Zitadela barruan jendea bizi izan da betidanik eta etenik gabe; oraindik ere han daude baluarteak, eta doakoa da handik zeharreko bisitaldia. Kanpoaldeko zelaigunean dagoen aparkalekua, aldiz, ordaindua da.
Ordaindua eta ordutegi jakin baten araberakoa da, berriz, barrualdeko harresietara igo ahal izatea edo kondearen gazteluaren barrualdera sartu ahal izatea. Ibilbide horiek egin nahi izanez gero, bada, kontu egin beharko dugu zein ordutan joan, alderdi horretako otordu ohitura goiztiarrarekin edota arrastiriarekin bat egin ez dezagun.
Narbona atea da harresiaz barrualdeko esparrurako sarbide nagusia. Ekialdeko hegalean dago, eta XIII. mende amaieran eraiki zuten. Levis zubia deritzon eta lau angelu ageri dituen dorre bat igaro behar da, lehenik. Zubia babes erreten baten gainetik iragaten da eta, arranpalek eta eskuareek osaturiko itxitura bikoitzetik zehar, bi dorre handiren aurrez aurre geratzen da. Dorreek beste dorre txikiago bat inguratzen dute, eta haren azpian arku bat dago, barrualdera sarbide ematen duena.
Behin denboraren atalasea iraganez gero, badirudi Erdi Aro bete-betean gaudela; edo, hala irudi luke, bizitegi zaharren etxabeak saltoki eta jatetxez josita ageriko ez balitzaizkigu eta osterazaleen soin-jantzi modernoek besterik aditzera emango ez baligute. Zurezko bilbadura bikainekoak dira etxeak , eta haiek mugatzen dituzte murruen artean sarturiko kale eta plazak.
Beirateria zaharrak dituzte apaingarri beste zenbait leihok, jatetxe batek ageri dituenak, esate baterako. Jatetxea plaza batean dago, eta plaza horrek putzu bat du erdian, txirrika, soka eta sokatik zintzilikaturiko ontzi eta guzti. Harrizko lurzoruak, lauzaz edo galtzadarriz zolaturikoak; murru sendoak, arbelezko teilatuak eta zurezko atetzar grabatuak dituztenak. Erdi Aroko eitea damaioten xehetasun guzti-guztiak ageri dira; ez da bat bera ere falta.
Kalerik kale ibiliz gero, iparraldeko kalera iritsiko gara; kanpora ateratzen bagara, konturatuko gara bi harresi eskergen artean antolaturiko lur zerrenda batean gaudela. Balestra edo borroka plaza da, hiria Trencavel kondeei ebatsi eta gero eraikitako obra. Eusteko duen lehen harresitik bigarrenera jauzi egiteko espazioa da; bigarrengoa baita berez zitadelari dagokiona, eta jatorrian huraxe bakarrik baitzegoen.
Zitadela eraikitzeak berekin ekarri zuen gotorlekuak kokagunetzat duen muinoaren desnibela ezabatu behar izatea. Eta, harrezkero, berebiziko erronka bihurtu zen, hura konkistatzeko asmoz zetorrenarentzat, eta, ondorioz, ordu hartako arkitektura militarraren eredu bihurtu zen.
Iparraldeko ate horren alboan dago St. Nazaire basilika; X. mendekoa da hari buruz dugun lehen datua, eta uste da unean-unean egin zizkioten moldaketek XIV. mende arte iraun zutela. Lehen eliza zena katedral bihurtu zen.
Basilikaren eta harresien atzean, antzokiko harmaila zirkuluerdi formakoak daude. Bestaldera joz gero, St. Louis kalezulotik, zitadelako beste gune ikusgarri batera helduko gara: kondearen jauregia. Trencavel kondeek eraiki zuten XII. mendean, eta etengabeko antzaldaketak izan ditu; beraz, ez du jatorrizko eitearen arrasto handirik, baina horregatik ez da interes txikiagokoa.
Jauregiaren eraikin hori izan zen babes-bastioi gisa eraikitako azkena, erasoaldirik gertatzen bazen ere. Jauregiaren atzean daude, zutunik, Aude atea osatzen duten murruak eta arranpalak. Mendebaldeko hegala XIII. mendean eraiki zuten, arerioa Aude ibaiaz bestalderaino bidalarazteko asmoz; izan ere, ibaiaren eta harresien artean espazio zeharo txikia dago, eta babes dorreen azpian arriskuan geratzen ziren.
Kanpoaldetik, Barbacane kaletik begiratuz gero, horixe da gunerik erakargarrienetako bat, plano berean elkartzen baitira jauregiko dorre eta murruak, batetik, eta harresiko atea, bestetik. Bat-egite horrek handi-mandi izaera damaio; are eta gehiago, ilunabar aldera, osagai dituen harriak gorritzen direlarik.
ST. LOUISKO BASTIDA. Barbacanetik beretik jo daiteke, Aude ertzetik, zubi zaharreraino; XIV. mendeko obra bat da, aurrekoen ordezkoa, eta puntu erdiko hamabi arku ditu. Horietatik igaro behar du ibaiak bastida alderantz. Hiri modernoaren barruan dago bastida, lau angelukoa eremua da ia, antzina harresiz inguraturikoa eta egun bulebarrek mugaturikoa. Ordu hartako babes erreten, gotorleku txiki, murru eta dorre haietatik oroigarri batzuk baino ez dira geratu ingurumarian sakabanatuta, eta beste zenbait barrualdean.
Esate baterako, hegal bakoitzean babes bastioi bana du, hala nola Montomrencykoa, Tour Grosse-koa edota Sain Martingoa. Bastidara sartzeko ate haietatik, bat geratzen da nahiko ondo, jakobinoena (XVIII); eta orduko bizimoduaren ardatz izandako Carnot plaza, oraindik ere hala baita.
Carnot plaza erdian dago Neptunoren iturria, eta hark lagun dituen itsaslaminei ura darie ahotik. Plaza inguruan hainbat kale daude zeharretara eta luzetara, lauki sare bateko lerroak balira bezala. Ingurune atsegina da, oinezkoentzako eremua: besteak beste, luxuzko etxe handi eta dotoreak, saltokiak, kafetegiak, elizak eta kaperak biltzen dituena; baita azokak ere, Carnot plazan nahiz aldameneneko Halle aux Grains -bihien azokan- izenekoan egiten direnak.
Kale bilbadura horretan, halaber, bi eraikin historiko daude, ezagutzea merezi dutenak. Bata Oroitzapenen Etxea da, hala esaten baitiote Joe Bousquet herriko poetaren oroimenez -han biltzen omen zen beste hainbat idazlerekin-; I. Mundu Gerran zauritu eta elbarri gelditu omen zen.
Seneskal Etxea esaten diotena da beste etxebizitza; hala deritzo gaiz zibil, judizial edo militarretarako errege ordezkariaren bizilekua zelako. Ezustea edo kontraesana da, ordea, kontuan izanik seneskalak zitadelan bizi behar zuela, eta ez bastidan, jardun hartan arituko bazen. Beraz, erregearen agintaria zen legea urratzen lehena. Ezin nahasizkoa da haren etxea, behe solairuan bi leiho ogibal ageri baititu.
Bestelako kontuetara etorrita, bada beste osagai bat bastidaren iparraldera, Carcasonara bisitan joanez gero antzemangaitza gertatuko ez zaiguna: Midi itsasartea; hiriak bere ibai kaia du han.Ingeniaritza obra bikain hori XVII. mendean eraiki zuten dagoeneko, baina hasiera batean ez zen Carcasonan lehorreratzeko asmoz egindakoa. Urteek aurrera egin ahala, ordea, merkataritza atzerakada handia zekarrela konturatu ziren, eta zabaldu egin zituzten itsasarteko ubide nagusiarekin lotzeko behar zituzten bi kilometroak.
Eraikin hori -hainbat eragile hidrografiko, topografiko, geometriko eta arkitektonikoen batura baita- Giza Ondarearen zerrendan sartua dute, eta gizakiak-bitarteko urriez baliaturik ere- eraikitzeko duen gaitasun eskergaren omenezko monumentua da.
Carcasonako kaiko uhatetik, berriz, bidezidor bat abiatzen da, itsasartearen ertzetik; ariketa ona da ingurune eder horretatik ibiltzea, baina baita obra faraoniko horren erakusgarri ere. Agian, gabarra alokatzeko gogoa sartuko zaigu, eta itsasartean joanez aurrera egitea gure bidaian, uraren joairak garamatzan tokiraino.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Tolosatik (Frantzia) ehun kilometro eskasera dago Carcasona, Narbonara bidean.
Carcasonako turismo bulegoa. Rue Verdun, 28. Tel.: (0033) 0468-10 24 30. www.carcassonne.org.
BIDAIA. CARCASONA. Iraganeranzko bidaia
Mediterraneotik Atlantikorako eta Erdialdeko Mendigunetik Pirinioetarako errepideen bidegurutzean dago Okzitaniako Carcasona hiria; bitan banatzen da: Erdi Aroko hiri ikusgarria eta hiri modernoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu