BIDAIA. DOGON. Maskara magikoak, baobabak eta coca-colak

Maliko hegoaldean da dogon herria, izar eta baobaben artean. Herrialdeko leku turistikoena bilakatua da azken urte hauetan, eta arriskuan jarri ditu lurrari arrunt lotua duen bizimoldea eta kultura.

Nora Arbelbide Lete.
2008ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Mande eskualdeari ihes, Bandiagarako erroitzapean jartzea erabaki zuten dogonek XIV. mendean, eta han bizi ziren tellemak haizatu zituzten. Tellemak neurri txikiko gizon eta emazteak ziren, eta erroitzaren zuloetan bizi ziren. Orduko bizilekuak, ganerrak, baita hilerriak ere, hor daude oraino, garaien lekuko eta gaurko bizien babesle. Dogonek leku sakratu gisa dauzkate aztarna horiek. Azken hauek, amildegia ez, horren magaleko lurrak zituzten hautatu, eta han daude ordutik.

Laborantza nagusi, lurra izugarri zukua baldin badute ere, artoaren eiteko mil, jatsa, irris, tipula eta beste barazki batzuk ereitea lortzen dute iturrien ondoetan, ardi, behi, ahuntz eta oiloak dituztela abere. Naturaren erritmoan, lurra biluziz doala. Zuhaitz bat hogeita hamar metro bakoitz; itzala urrea da hemen. Eguzkiak ez du berotzen. Erretzen du.

Kuku-gordeka goizean goizik hasten dira. Dunba, dunba, dunba. Goizeko bostak eta erdiak dira, baina ez da lo egiteko tenorea. Auzoko amak zuhaitz azpian elkarturik, jatsa ehotzen dabiltza, makila lodi bat eta besoen indarra lagun. Ninia bizkarrean. Dunba, dunba, dunba. Bakoitza bere etxeko bazkariaren prestatzen. Neska gazte zenbait uraren bila dira joanak. Etxeetara zuzenki heldu den urik ez hemen.

Behin lan hauek bururatu eta, landetara. Oraingoan gizon eta semeak ere ondoan dituzte. Azaro honetan mila biltzen ari dira. Kantuz, matxeteekin uzta mozten. Hor ere besoen indarra dute bakarrik, ez baitute traktorerik. Landetatik, emazteek bazkari prestaketa bururatu behar. Hortik, egur bilketa, merkatutik egin beharreko itzulia, oihalen tindaketa edo beste, egunak luzeak dituzte emazteek.

Gorputzaren indarrarekin aitzinatzen dira, motorren harrabotsetatik urrun, emaztearen bizkar eta buru gainean eta jainkoaren itzalpean. Jainkoa edo jainkoak. Bakar batzuk katolikoak dira, eta gehienak, musulmanak; baina nehork ez du baztertua animismoa. Arbasoen izpirituak hurbil dituztela pentsatzen dute.

Dena izpiritu, dena misterio, dogonek aspalditik liluratzen dituzte zuriak. XIX. mendearen lehen hereneko etnologoetatik, abentura gose diren egungo bisitarietaraino. Batzuk oinez, besteak motoz, azken batzuk noranahiko autoetako leihoetatik atera gabe, dogon herria Maliko leku bisitatuena bihurtua da azken urte hauetan. Abenduan eta urtarrilean, turisten sasoi gorenean, ehunka dira elkartuak baobaben itzalpeetan, batzuetan herriko biztanle kopurua baino gehiago. Naturarekin bat egiten duen bizia dastatu nahian, erritual gose, sinesmen gose, exotismo bila.

Zuloa komun bilakatua; dutxa, balde bat ur. Lurrezko etxeek osatu kanpamenduetan, teilatu gainean lo, egunak herri batetik bestera eramaten duten xendretan ibilki iragan daitezkeela. Euriaren sasoian berde-berdeak dira bazterrak, emeki zukatzen direnak. Telebistan ikus daitezkeen dinosauroen garaietakoak dirudite, edota ilargiaren koloreetako harriak. Dogonek ongi asko ulertua dute altxor baten jabe direla, diru anitz ekartzen dieten ohiturak dituztela.



BELTZAK ZURIARI. «Tubabu! Tubabu!», oihuka datoz haurrak. Gizon eta emazte zuriaren izendatzeko erabiltzen duten hitza. Korrika datoz, eskua luzatua, ezpainetan irria josia eta begietan urrikia. Denak oihuka: «Tubabu! Bonbon! Tubabu! Cadeau!» (Tubatu! Gozokia! Tubabu! Oparia). Askorentzat, frantsesez dakizkiten bi hitz bakarrak dira. Turista, gehien-gehienetan zuria dena, oparien edo gozokien sinonimoa da haientzat, anitzek ematen baitizkiete. Errudun konplexu baten seinale edo, kolonialismoak egin kalteak erreparatzen laguntzen ahal balu bezala, dirudunak pobrearen aitzinean ukan dezakeen urrikiz beterik.

Garai batez idazlumak zituzten eskatzen: «Bic! Bic!». Turista batek antolatu kanpaina humanitario baten ondorioa: Haur bat, idazluma bat zioen leloak. Hemengo haurrentzat: «Turista bat, idazluma bat».

Eskea kirol nazionala bilakatua da hemen. Zaharrenek kola fruituak dituzte eskatzen. Azpiegiturentzat ere, izan bideak, erietxeak edo eskolak, denak gobernuz kanpoko erakundeek finantzatuak dira. Turista gisa etorri eta, leku hau zein ederra den eta aldi berean zein pobrea den ikusirik abiatu proiektuak. Hots, turistarik gabe, dirurik ez.

Bizia baldintzatzen dute. Lanean hasteko adina heltzean, mutil gehienak gida lanetan hasten dira. Landetan ari badira ere urtean zehar, sasoi turistikoa iristerakoan, familiak utzi eta herrien eta inguruko bazterren bisita proposatzen diete turistei. Banaz beste, egunean 10.000 franko CFA irabaz dezakete. Batzuetan gehiago ere. Normalean hilabetean irabazten dena. Eskola abandonaturik, prestakuntzarik gabe ari dira gehienak. Bamakoko aireportura heldu bezain laster hasten dira. «Dogon herria bisitatu nahi duzu? Gida nauzu».

Edozein gisaz, badakite egoera beren alde dela, gidarik gabe ezinezkoa baita dogon herrira sartzea. Haien artean elkartasun sare bat antolatua dute. Denek elkar ezagutzen dute eta denek dena kontrolatzen dute. Leku batzuk sakratuak direla eta, turistei debekatuak dizkiete. Herri batzuk osoki zerraturik atxikitzen dituzte. Bisitatzen diren herrietan, herriko buru denaren etxean edo kanpamenduetan. Azken hauetako batzuk pribatuak dira, baina gehienetan herriarentzat dira etekinak.

Sare guztia ongi antolatua dute. Turista sakralizatua bezain kontrolatua da. Hastetik buru guztiek zaintzen dute. Bide makurretik joan eta norbait agertuko zaio: «Zer ari zara hemen? Ezin zara hortik pasa». Turistak berez ez baitu zertan bertara etortzerik; beraz, hasian hasi, gutxienez utz dezala dirua.

Dirua dueno ongi etorria da; bestela, kanpora. Hori bai, behar den sosa emanez gero, dena haizu du bisitariak. Nahi izanez gero, dogonen dantza tradizionalen ikusgarriak, normalki egun jakin batzuetan baizik ez dituztenak ematen. Baina, gosearen aurka borrokatzeko orduan, usaiak diruaren aitzinean ez du indar handirik. Zernahi maskara, eskultura eta edergailu ere eros daitezke. Eskuz eginak denak, katean, zahar aire bat emateko errautsa gehiturik. Haientzat izpiritu baten lekuko zena edergailu merkatua bilakatua dute.

Coca-Colak ere ulertua du badela irabazteko. Eta herri galduenean ere, hor dago. Iragarki eta guzti. Buru gainean ekarria hau ere, beste traste guztiak bezala. Den-dena salgai da, baita sexua ere. Nahi izanez gero, gida zenbaitek beren gorputza ere saltzen dute.

Eta, azkenean, leku zoragarriaren edertasuna ukaezina izan arren, begi luze dirudunaren presentziagatik bazterrek zoo edo erreserba humano baten itxura hartzen dute. Bereziki, azken urteetan ukan garapen handi eta lasterraren ondorioz. Bazterren edertasuna eta herritarren kultura saleroste harreman batera bakarrik mugatua aurkitzen du bisitariak. Gustu garratzeko harremana.

Halere, dena ez da hain beltz. Galtzekoa den hori berenganatu, baloratu eta berregokitzen ari dira zenbait. Tartean, Yaapo antzerki taldea. Dantzen artetik antzerkian aritzeko usaia baitute dogonek. Yaapo hitzak dogonen hizkuntzan ezagupena erran nahi du.

Antzerkiak gaurko arazoei hitz egiteko erabiltzen dituzte eta herriz herri ematen. Dela ihesaren arazoa, alkoholarena edo beste. Dogon hizkuntzan emanak. Atiguem Poudiougok, antzerki taldearen zuzendari denak, argi baitu: «Jakiteko nora joan, nondik heldu garen jakin behar».



ErroITZaren HeGoaLDeKo HerrI BaTzuK

Djigibombo. Goi zelaietan. Bandiagara herri nagusia utzi eta bisita daitekeen lehen herrietako bat. Berezitasunen artean Hilabetekoen Etxea izan daiteke. Neska gazteak han giltzapetzen dira hilabetekoak agertzen zaizkien aldi bakoitz. Ez direno bururatuak ezin dira handik atera. Egonaldia lehen haurra ukan arte egiten dute, hilabetero. Eta hilabete batez anderea ez bada agertzen, esperantzetan dela jakiten dute denek. Hari beretik, leku sakratu batzuetara ezin dira joan emazteak, hilabetekoengatik justuki, zikinak direlakoan.

Kanikombole. Erroitzaren itzalpean. Ostegunetan merkatu eguna dute bertan. Fanta botiletan olioa, ontzi handietan babak, bazter batean xaboiak edo beste, urrunetik heldu dira erosketen egitera. Emazteak buru zapi beltz zabal batez estaltzen dira. Azpiko koloreak gordatuak, biziz beteko eguna da merkatuarena. Ilargia agertzen den gauetan, ez baita egunero hala, kantuz pasatzen dute gaua. Ilargirik ez delarik ere, hor daude izarrak. Eta teilatuaren gainean lo egiten duenak burua altxatzea aski du begiak edertasunez asetzeko. Izarrak dogonen sinesmenen oinarrietako bat dira. Dogonek jainko bakarra dute: Amma. Munduaren jatorria Siriusen satelite den Digitaria izarra dute. Izarren artean txikiena eta aldi berean pisuena, munduan diren hazi guztiak bere baitan bilduak ditu.

Teli. XI. mendean tellemek erroitzean utzi aztarnak bisitatzera joan daiteke hortik. Etxetxoak, ganerrak eta leku sakratuak ikus daitezke gain hartan. Murru batean tximino arrazen buru hezurrak, adibidez. Ordutik arraza batzuk galduak dira.

Beñematu. Erroitzaren gainaldean, gizaki bat dirudien harkaitzaren ondoan. Auzo bat musulmana, bestea katolikoa eta azkena animista. Eta hauen bazterrean amildegia, zeinen gainaldetik ordoki zabala agertzen baita. Herri honetan besteetan bezala, solasaren etxola badago. Biziki apala, barnean ezin da zutitu, bakarrik jarririk egon daiteke. Herritarren arteko arazoak konpontzeko atzeman asmakizuna. Apala da, horrela borrokatzeko gogoa duenak ezingo baitu auzoa jo. Altxatzen denak burua joko luke segidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.