Gaueko hamabiak, iratzargailuak bere legea markatu berri du eta jaiki beharra dago.
Gorputza ezegonkor eta burua sorgor oraindik, aterpeko korridoretik aurrera noa oreka bilatu ezinik. Jose Rivas, Cotopaxi (ilargiaren lepoa, kichuaz) sumendiko aterpea, 4.810 metrora dago (Mont Blancen garaiera) eta arnasa hartzeko zailtasunarekin eta urduritasunarekin gaua nekez igaro dut. Mauricio, Ekuadorko soka-laguna, altuera hauetan ibiltzen ohituta edo, sekulako irribarrearekin agertu zait sukaldeko lapikoen artean.
Jangelan giro polita dago, gosaria prestatu bitartean txantxak entzuten dira batzuen aurpegiak ikusita. Bapo gosaldu eta ibiltzen hasteko irrikan, laster gaude kanpoan. Termometroak 5 gradu zero azpitik markatzen du, eta Orion ehiztaria zelatan dugu zeruan, kopetako argiak pizturiktontorrerantz abiatzen garenean. Dena ondo bidean, bospasei ordu geroago gailurrean izango gara.
Aterpetik hamar minutura glaziarrean sartu gara, eta, kranpoiak jarri ondoren, sokaz lotu behar izan dugu, elurra oso gogorra baitago. Aldapa latza da ibilbide osoan, eta erritmo azkarregiarekin hasi garenez, berehala arnasestuka nago. Martxa moteldu behar izan dut altuerara hobeto egokitzeko.
Hasierako une urduri hauen ondoren, hankak ahaleginera egokituta eta arnasketa erritmoa normalduta, mendian ohi bezala, norbera bere buruarekin hizketan hasten da. Lur hauei buruz irakurritako pasarteak gogora datozkit...
... XV. mendea zen eta inkak hego eta iparrerantz zabaltzen ari ziren. Garai hartan puruhaes, cara eta cañari indigena herriak bizi ziren egun Ekuadorkoak diren inguru hauetan. Kolonbiako hegoaldetik Txileraino zabaltzen zen Tahuantinsuyu (lau probintzien lurraldea), inken menpe zegoen lur eremua.
Huayna Capac erregeak printzesa bat haurdun utzi zuen, eta jaio zen umeari Atahualpa izena jarri zioten. Atahualpa bihurtu zen errege, Huascar anaiordearen kontra borroka egin ostean. Anaien arteko borrokek, baina, inka inperioa ahuldu besterik ez zuten egin, eta Pizarro konkistatzaile espainiarra ahulezia horretaz ondo aprobetxatu zen.
Rumiñaui inka jeneralak, ordea, espainiarren esku utzi baino lehen lur haiek guztiak suntsitu omen zituen...
Altimetroari begiratzen diot, maiz begiratu ere, baina tresnak ez du engainatzen, 15 bat minutu behar ditut 50 metroko desnibela gainditzeko. Lehenengo ordua pasatu da 200 metro eskas egiteko. 5.000 metrora gaude eta tontorreraino oraindik 900 falta dira. Hala ere, nahiz eta aldapa ez den inoiz leuntzen, 30 gradu inguruko inklinazioa du denbora guztian, abiada honetan nahiko eroso noa oraingoz.
Aterpetik abiatu diren soka-bikoteen argiak, ipurtargiak dantzan balira bezala, aldatsean sakabanatuta ikusten ditut. Termometroa zeropetik dagoen arren, hotza ez da igartzen, haizerik ez baitabil. Zeruan izarren ikuskizuna ikaragarria da. Urruti, Quitoko argiak...
Bi milioi biztanle inguruko hiri handia da Quito (50 km luze, 15 km zabal). Egunez kaleak jendez gainezka daude, salmenta postuak edonon eta edozer salgai. Bereziki onak dira saltzen dituzten fruituen zukuak: guanabana, tomatearen zuhaitza, papaia, etc.
Kalean indigenen presentzia nabarmena da, haien jantzien kolore biziak pobreziaren ilunekin kontrastean.
Quito izena konkistaren aurreko garaitik datorrela pentsatzen dute, inguru hauetan kitoak bizi zirelako. Quito izenarekin ezagutu zen Ekuadorko lurralde guztia XVI. mendetik 1830 arte. Antonio de Sucrek, Bolivarren ordezkariak, 1822an, espainiarren besarkadatik askatu zuen hiria Pichinchako batailan.
Guagua Pichincha (irakiten duen mendi gaztea) eta Rucu Pichincha (irakiten duen mendi zaharra) Quito gaineko sumendiak dira. La Condamine frantziarrak 1742an eta Humboldt ikerlari ezagunak 1802an igo zuten, zientzia espedizio banatan. Guagua Pichincha sumendia (4.794 metro) lehen aldiz XVI. mendean igo zuten. Gaur egun, bizitasun handia du, eta Quitotik oso gertu egonik maiz igotzen du jendeak, bere barne bizitzaren keak jende asko erakartzen baitu. Bi Pichinchen artean Aita Sorgindua izeneko tontorra dago. Kondairak dioenez, Pichinchara igotzen saiatzen ziren garai haietako esploratzaileen artean hiru fraide egon omen ziren. Haietako batek gaua ekaitzaren erdian pasatu zuen galdurik, eta hurrengo egunean bi lagunek harri bihurturik topatu zuten.
5.200 metrora geldiune luzexeago bat egin behar izan dugu, sabelaldea, gurgurka eta zirika, lehenengo abisua ematen ari baita. Soka askatu, arnesa kendu eta serac baten atzean pikotxean jarri eta beharrak egin. Ufff! Hau librada!
Altuerak eragin desberdinak ditu pertsonen arabera: buruko mina, takikardia, jateko gogorik eza, goragaleak eta sabelaldeko ondoezak dira sintomarik ohikoenak. Kasurik larrienetan, altuera handietan, biriketako eta burmuineko edema zorrotzak sortzen dira. Neurriak hartzen ez badira, heriotza eragin dezaketen edemak dira.
Eguna argitzen hasten denean, mendebaldetik bi egun lehenago igo genuen Ipar Iliniza (gaixo faltsua) sumendia ageri zaigu. Mendi magalean polilepis zuhaitzaz ederki hornitutako parke natural batetik abiatu ginen. 4.700 metro inguruan aterpe ondotik pasatu ondoren Ipar eta Hego Illinizasen arteko mendilepoa zeharkatu eta azkeneko aldapari ekin genion. Igoera bukaeran, heriotzaren pasabidean izan ezik (pasabide erraza baina arriskutsu samarra goitik erortzen diren izotz puskengatik) ez genuen inolako zailtasunik topatu. Tontorrean paisaiaz gozatu genuen, eta lehendik bertara iritsitako euskaldunen arrastoak aurkitu genituen. Jaitsiera azkar baten ondoren, lehenengo 5.000 metroko tontorra egina genuen.
Baina gaurko ikuskizuna iraganekoa adinakoa da. Iparralderantz Sincholagua (4.898 m) eta Pasochoa (alargun bakartia) (4.200 m), ekialderantz Quilindaña (4.876) ederra, eta mendebalderantz Rumiñaui (harrizko aurpegia) egun argira ernetzen hasiak dira. Ilunetik argira igarotzen den eguneko une liluragarri horretan gaude. Lur hauetako historian ilunak maiz izan dira, ordea...
ETA EGUNAREN ERDIAN ILUNA EGIN ZEN (espainiarrak agertu zireneko esaera...). Ekuadorren garai kolonialak ia hiru mende iraun zuen. Konkista burutzeko, ebanjelizazioa eta indarkeria izan ziren espainiar kolonizatzaileen armak. Garai hartan, indigenaren mendetasuna espainolarekiko nabarmena izan zen.
Gaur egunean, Ekuadorren 14 nazionalitate indigena elkarrekin bizi dira herrialdeko hiru eremu handietan sakabanaturik: kostaldean, mendialdean eta Amazonian. Nazionalitaterik ugariena (13 herriz osaturik, batzuk inken aurrekoak) kichwa da. Kichwa herria Amazonian eta mendian sakabanaturik bizi da. Oihanean, secoya, cofan, siona, zapara, shiwiar, shuar, achuar eta huaorani nazioak bizi dira. 2001ean Unescok desagertzear zegoen zapara herriaren adierazpen kulturalak Gizateriaren Ahozko Ondare izendatu zituen.
Kostaldean tsa'chila, awa, chachi eta epera herriak bizi dira. Herri horien guztien ezaugarri komuna pobrezia da. Salbuespen bakarra otavalo herriarena da. Otavaloen merkataritza jarduerak aspaldi gainditu zituen Ekuadorko mugak, eta munduan zehar hedatu zen, herri horren duintasuna lau haizeetara aldarrikatuz.
Kichwar nazionalitateak indigenen mugimendua gidatzen du, ardura politikoa duten indigena gehienak talde horretakoak baitira. Herri hauen aldarrikapenak lurraren jabetzarekin eta petrolioren aurkako borrokarekin dute zerikusia. Historia aski ezaguna.
'ESTA CHEVERE!' Eguzkiaren lehen izpiek berotzen gaituztenean laino narrasak horizontea estaltzen duela ikusten dugu. Yanasachako (Harri beltz handia) hormara (5.500 m) hurbiltzen ari gara. Urrutira, ipar-ekialderantz,kotoizko itsasoaren gainetik Cayambe (Etorkizuneko petrikiloa), eta guregandik gertuago Antizana (Eguzki jaio berriranzko mendia) altxatzen dira. Esta chevere! (hemengo bikaina!) nonahi entzuten da. Mauriciok animoak bidaltzen dizkit sokatik. 5.700 metro inguruan sabelaldeak lana ematen dit berriz ere. Une gogorrak dira, 40 graduko inklinazioarekin igoeraren zatirik makurrena hasten da.
«Non gogoa, han zangoa!» Euskal esaerak dioena betetzen zaila da benetan. Jarraitu beharra dago, hala ere, gaur gogoa tontorrean baitago. Geldiune geroz eta luzeagoak eta sarriagoak behar ditut. Egoera honetan onena burua beste zerbaitean jartzea denez, eta lehenengo egunetan egindako txangoaren irudiak hain gertukoak direnez, Cotacachi (Gatza ehotzen duena) sumendia eta haren oinetan dagoen Cuicochako aintzira datozkit burura. Han, Taita Imbaburaren (Preñadilla arrainen haztegia) azpian, otavalo herria bizi da. Cuicochako aintzira guztiz itzali gabeko sumendi zahar baten kraterrean eratu zen. Horren ondorioz, aintziraren zenbait tokitan, uretatik burbuilak ateratzen ikus dezakegu. Cotacachiren antzinako erupzioek aintziraren erdian bi uharte eratu zituzten. Krater horren inguru-minguru osoan bide eroso bat dago. Lore oparotasunaz gain, landare bereziki ugariak dira achupalla, hartzaren oso gogokoa, eta puma maquis (pumaren eskua).
Puma eta Andeetako hartza Ekuadorko biztanleak dira. Bikuina, alpaka eta llama ere ikus daitezke sumendien inguruetan. Hegaztien artean, kondorra eta curiquingue harrapariak nahiko ezagunak dira.
TONTORRA, AZKENEAN! Azken ordua oso poliki egin dugu (niri esker, noski), hogei pauso eman, gelditu, arnasa sakon hartu, beste hogei pauso, gelditu, arnasa sakon hartu...
Bat-batean, gaurko sufrimenduarenak egin du. Tontorrean gaude! Gailurra eta ikuskizuna zoragarriak dira. Sumendiko ahoak gure hanken azpitik bertatik bere sufrezko hatsa bidaltzen digu. 800 metroko diametroa duen krater honen paretak, benetan zorabiagarriak, sakonean galtzen dira.
Gailurretik ikusten den paisaia ikusgarria da: hegoalderantz Chimborazo handia (Pasabide elurtua, 6.310) eta Tungurahuak (Hestegorri sutsua) etengabe zerura bidaltzen duen hodei beltza lainoen gainetik bereizten dira. Bertakoek urrutian Amazonia ikus daitekeela diote... Egia ote?
BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. Chukirawaren herrian
Ekuadorko Andeek hainbat tontor eta sumendi dituzte, gora igo nahi dutenen eskura; magalean, berriz, iragan, kultura, hizkuntza eta herri askotako jendea bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu