BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. Mila jainkoen erresuma

India, herri bat, dozenaka kultura, ehunka jainko, milaka kilometro eta milioika pertsona. Hasieran arrotz zitzaigun dena, ezezagun Jaipur, Jaisalmer, Agra, Vanarasi, Sikkim eta beste hainbat izen. Orain, gure oroimenaren parte dira. Baina, herriek baino gehiago, jendeak hunkitu gintuen. Batzuk gutaz arduratu ziren, beste batzuk iruzur egiten saiatu ziren, askok dirua eskatu ziguten.

IñAKI AIERDI
2007ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Delhin, burua abioiko atetik atera orduko, termometroa ere lehertuko lukeen bero heze eta jasangaitz batek estutu gintuen, ia ito arte. Espezien eta zikin usainaren nahasketa moduko bat zen, digestioa egiteko betarik eman gabe sudurretatik urdailera kolpe batean sartzen diren horietakoa. Baina jateko gogoa ere kentzen zuen kirats horrek jakin-gosea piztu zigun, hain bizi aditzen zen usain hori nondik zetorren jakiteko.

Miseriaren kiratsa zen. Jendea zaborretan zer suma ikusi genuen, lur gogor eta kakaztuaren gainean lotan, umeak negarrezko begiekin eskean. Eta pobreziaren eltze horretan, bor-bor egiten zuen aberastasunak. Gotorlekuak, tenpluak eta jauregi ederrak handinahikeriaz nabarmentzen ziren, pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago eginez.

Kontraste horrengatik zolitu ziren beharbada hain neurrigabe gure begiak. Konturatzerako, bi objektibo handi ziren, eta denari atera nahi zioten argazkia, xehetasunik xeheena ere oroimenean iltzatzeko. Dena begi ginela ibiltzen ginen kalean; hangoa eta haragokoa, dena zen ikustekoa, dena harrigarria, dena aparteko beste mundu bat. Jendea eta jendea ikusten genuen, anabasa batean, behi, rickshaw, taxi eta denetariko ibilgailuen artean, inurrien pare, hara eta hona asko, egonean beste pila. Metro koadrorik ez zen libre ikusten kale osoan. Old Delhi bizi-bizi, zikin, zahar, dena usain eta kolore.

Iritsi eta bigarren egunera, zur eta lur oraindik inguratzen gintuen guztiarekin, tren geltokira joan ginen. Txarteldegira iristeko, lurrean botata zegoen jendetza saihestu behar izan genuen. Bazirudien han bizi zirela, han jaten zutela, han egiten zutela lo, han egiten zituztela egin beharrekoak. Turistentzako leihatilan atera genituen Jaipurrerako txartelak. 16 orduko bidaia genuen hara baino lehen.

Trena ordu-orduan etorri zen. Lagunak eserlekuetan utzi, eta kanpora ematen zuen ate bat ireki nuen. Lasai-lasai, eskaileran jarri nintzen pasaia ikustera. Ez ikusitako erreportajeek, ez irakurri duzunak, ez kontatu dizuten ezerk prestatzen zaitu halako giza miseria ikusteko. Konta dezaket, deskriba dezaket nola metatzen ziren zaborraren ondoan txabolak eta txabolak, eta nola agertzen ziren hondamendi haren erdian irribarre egiten ez zuten umeak, baina nekez aurkituko dut hitzik hura benetan zer zen adierazteko.

Gehiago ikusi nahi ez, eta eserlekura bueltatu nintzen, baina laster ginen denok kanpora begira. Behin baino gehiagotan egin genuen begiak estutu eta ixteko keinua, baina zerbaitek burua treneko atetik aterarazten zigun, eta halaxe joan ginen, haizeak ilea orrazten zigula, begiak gehiago ireki ezinik.

Gero, miseria gorri harekin zerikusirik ez zuen beste herri batean bageunde bezala, lur emankor amaigabeak begiztatu genituen. Gameluak lurra goldatzen ari ziren, eta montzoi bizi-emaileak eskuzabal ureztatuak zituen arroz sailak. Emakumeak lanean zebiltzan soro berdeetan, jaiegunetakoak ziruditen jantzi koloretsuekin. Ikuspegi harekin, ziztuan pasatu zitzaizkigun treneko 16 orduak, eta konturatzerako, Rajasthango hiriburuan ginen.

Jaipurren, marathen jauregiak eta gotorlekuak aurkitu genituen, aberatsak parien herrian, oparotasuna azken batean. Haurrak alai etortzen zitzaizkigun, ukitu egiten gintuzten, zorte ona emango bagenie bezala, eta jendeak argazkiak ateratzen zizkigun eta eskua ematen. Delhik egindako harrera latzaren ostean, pozik hartu genituen halako keinuak, bai eta kalean musu emateagatik irribarretsu egin ziguten errieta ere.

Handik Jaisalmerrera abiatu ginen, basamortuko hirira. Trenean, 18 bat urteko mutil bat etorri zitzaigun. Irribera zen, eta beharbada horregatik onartu genuen hark eskainitako txangoa. Jeepean eraman gintuen Thar basamortura, Indiaren eta Pakistanen arteko mugara. Drogatuta zegoen, tratua egin izana ospatzeko edo. Ero moduan egiten zuen barre, eta are eroago gidatzen zuen. Ia-ia atera ginen bidetik behin baino gehiagotan.

Basamortuaren hasieran, bost gamelu geneuzkan zain, bat bakoitzarentzat, eta gamelu bakoitzeko gameluzale bat. Gorputza goitik behera estalita zeukaten, urteetan urik ikusi ez zuten oihalekin. Azal beltzekoak ziren, eta ez zuten ordura arte ikusi genituen indiarren tankera. Atseginagoak begitandu zitzaizkigun.

Berehala ilundu zuen, baina lainoek ez ziguten ikusten utzi eguzkiaren sarrera. Geroago garbitu zuen, eta gure ametsak zeru distiratsu hartan jostatu ziren. Goxo-goxo uzkurtu ginen manten azpian, zakur goseti batzuek gure ametsetatik zaunkaka atera gintuzten arte. Gameluzaleek uxatu zituzten, baina atezuan egin genuen lo, zakurren edo beste izakiren baten hozkaden beldur. Goiz argitu zuen. Eguzkia gorri eta eder zegoen urrezko hareatzaren hegian, eta garbi azaldu ziren zakurren oinatzak, gure ondo-ondoan. Tea, bananak eta opil egin berriak ekarri zizkiguten gosaltzeko, eta gero gameluak jantzi zituzten. Filmetako gau hura bihotzean ondo gorde, eta kutsadurara, zaratara bueltatzeko ordua zen. Bidean, herri nomaden ondotik pasatu ginen, eta haurrak hurbildu zitzaizkigun, dantzatzera eta dirua eskatzera. Eguna hirian eman genuen, merkatariekin tratu borrokan.

Jaisalmerko etxe landuek liluratu egin gintuzten, bai eta Jodphur urdinak, Udaipur erromantikoak eta Pushkar sakratuak ere. Rajasthango toki ederrenak bisitatuta, Agrara abiatu ginen, gauez. Luxuzko autobus baten zain geunden, eta hotz gelditu ginen gure aurrean gelditu zenean. Zahar-zaharra zen eta lastaira koipetsuak zituen. Errepidea ere zuloz beteta zegoen, eta salto bakoitzean sabaia jotzen genuen buruarekin. Ezin izan genuen begirik bildu gau osoan. Nekatuta eta zikin iritsi ginen, eta pozik utzi genuen infernukoautobusa bataiatu genuen zer hura. Agra Taj Mahal da, ez besterik. Baina merezi du ikustea, ikusgarria da, lorategiz inguratua dago, eta atzean Yamuna ibaia pasatzen da. Hala ere, nahikoa du egun bat, eta gau hartan bertan tren bat hartu genuen Varanasirako. Diotenez, hildakoak Gangesera eramaten dituzten familiak joaten dira tren horietan, baina guk ez genuen halakorik ikusi. Ikusminez iritsi ginen hara.

Agra Taj Mahal den moduan, Varanasi Ganges da. Hor konturatu ginen hinduen debozioaren neurriaz. Itsu-itsuan sinesten dute beren mila jainkoetan, nahiz eta askotan ematen duen jainkoek ez entzun egiten dietela fededunen otoitzei. Kalean han-hemen daude jainkoak gurtzeko tokiak, hala urrezko tenpluetan nola zabor artean, eta etxeetako leihoetatik ere koloretsu ageri dira Vishnu, Shiva eta Krishna jainkoak, hinduen hirutasun santua, haien begi zorrotzei inork ihes ez egiteko moduan.



HIMALAYARA BIDEAN. Txalupan ibili ginen ibai sakratuan, erretzen ari ziren gorpuen ikuskizunak hunkiturik. Debeku zen argazkiak ateratzea, baina ahal izanda ere, ez genuen egingo. Azken batean, kontu triste bera da munduko toki guztietan, bizitzarena eta heriotzarena. Gangesen erraustea bekatuak garbitzeko modu bat da, baina dirudunek soilik ordain dezakete egurrak balio duen dirutza. Urertzetik gertu geundela, txalupa batean gauza txiki bat nola sartu zuten ikusi genuen. Haur bat zen, eta ibaiaren erdialdera zeramaten, han botatzeko. Ez zuen errausteko beharrik, munduko beste tokietan bezala Indian ere haurrak puruak baitira eta ez baitute bekatuak garbitzeko beharrik. Hunkiturik eta isil erretiratu ginen hotelera.

Bi aste pasatuak ziren, eta nekatuta geneuzkan bihotza eta gorputza. Horregatik, bidaiaren nekea sumatzen hasi ginenean, Sikkimera joan ginen. Ez genuen Indiatik joan nahi Himalaya handia miretsi gabe. Hegazkina hartu genuen, eta hainbat gorabeheraren ostean, Sikkimnen sartzeko baimena lortu genuen. Inguru guztia zen oso menditsua, eta magal guztiak ez sinesteko moduan zeuden etxez beteta. Budistak ziren han gehienak, eta haien otoitzak zerurantz igotzen ziren zutoinetan itsatsita zeuden oihaletatik. Hango jendeak ez zuen zerikusirik indiarrekin, ez hazpegietan, ez ohituretan, ez janzkeran, ez sinesmenean, ez nazio sentimenduan. Umeak eskolako uniformea jantzita ikusten genituen, futbolean eta erreka bazterrean jostatzen, jendeak gogotik egiten zuen lan, eta, batez ere, bakean uzten gintuzten.

Jeepean hainbat ordu egin ostean, Yuksomera iritsi ginen. Gidariekin soilik joan daiteke mendira, eta baimen berezi bat behar da. Iritsi eta bi egunetara, Kanchenjunga aldera abiatu ginen, gidaria, sukaldaria eta hiru zamaketari lagun genituela. Egun osoan oihanean gora ibili ostean, izerditan blai iritsi ginen lehenengo aterpera, izainak oinetan eta galtzerdiak odoleztatuta.

Eguraldi txarra egin zigun joateko bezpera arte. Iluntzean, lainoak gutaz errukitu ziren, eta utzi ziguten Kanchenjunga ikusgarria miresten. 8.586 metrorekin, munduko mendi garaietan hirugarrena da. Hurrengo goizean, hirurak aldera jaiki ginen, eta Himalaya begi aurrean azaldu zitzaigun, harrigarri, egunetan zain eduki ostean lotsa galdu duen maitalearen antzera. Egun horretan bertan jaitsi ginen herrira, tontor elurtuak ninietan oraindik.

Azken eguna Delhin eman genuen, saltokiz betetako kaleetan, gure zentzumenak Indiaz goza zitezen utziz eta opariak erosten, dagoeneko adituak baikinen tratuak egiten, lehenengo egunetako lotsa ahaztuta. Afaria inoiz baino minagoa iruditu zitzaigun, eta goizean aireporturantz eraman genituen gure gorputzak. Buru-bihotzak ez zeuden prest oraindik hain aberasgarri izan zitzaien herri hura uzteko.

Indian lurreratu eta 24 egun geroago, etxerako bidean ginen. Delhiko kale zaratatsuetatik basamortuko lasaitasunera, Ganges beltzetik Himalaya zurira, oparotasuna eta miseria aurkitu genituen, ipuinetako jauregiak eta arroz sailak, marathak eta eskaleak, elefanteak eta gameluak, iruzurgileak, sikh durbantedunak, hinduak, musulmanak eta budistak, mezkitak eta tenpluak, jainkoak eta monjeak, bizitza eta heriotza. Azkenerako ondo ulertu genuen geltokietan eta aireportuetan hainbestetan ikusitako kartel baten esanahia. Honela zioen: «Incredible India».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.