Ribagorzaren kultura nortasunak lotura estua du Kataluniarenarekin; badira bizigune ugari, ordea, Aragoi (Espainia) izaera nabaria dutenak. Batak ez du bestea galarazten, herri senide biak milaka urtean bizi izan baitira elkarren ondoan espazio berean; IX. mendera arte ez zen independente izan. Kontuan izan behar da, gainera, espazio hura monarkia familien artean eskualdatzen zela -elkarren lehengusu edo neba-arrebak zirenen artean-, eta haien interesen arabera.
Tolosako konderriari ebatsitako independentzia aldi labur hartatik ez da askorik geratzen; hala eta guztiz ere, haren lurraldea izandakoaren mugapeek oraindik tinko diraute Esera, Isabena eta Noguera Ribagorzana ibaien ubideetan. Horiexek zedarritzen dituzte hango bizilagunen hizkuntza ohiturak: aragoieratik eta gaztelaniatik katalanerantz lerratzen baitira, mendebaldetik ekialdera joz gero hiru ibar horietatik barrena.
Gaur egun, bi eskualde aurkituko ditugu Ribagorzari buruzko plano batean: Aragoi aldeko Ribagorza, bere hartan, eta Katalunia aldeko Goi Ribagorza. Aragoi aldekoan, baina, beste bi alde bereiz daitezke: Pirinioetako ibarrak eta Pirinio aurrekoak, batetik, alegia Esera arroari eta Benasque ibarrari dagozkionak; eta, bestetik, hegoaldeko ibarra, Laguarresko gaztelua dagoen mendilerroari eta Isabena ibaiaren ubideari dagokiona.
Azken lurralde puska horri deritzo Behe Ribagorza: hain ezaguna ez dena, baliabide eta erakargarri turistiko gutxiago dituena, eta iparraldeko gailur handien adar txikiak baino ez diren mendiak dituena inguruan; laburbilduz, ezohiko jomuga, zeinean ezer ikustekorik edo egitekorik ez baitago, uste ustel baten arabera.
GRAUS, ANTZINAKO HIRIBURUA.Litekeena da hegoaldetik iparralderantz zeharkatzea Graus, edo alderantziz, eta itxura batean ez aurkitzea hango kaleetan zangoak luzatzeko inolako arrazoirik. Horrek ez du esan nahi, ordea, ikusmiran ibiltzeko aitzakiarik ez dagoenik; baizik eta ez direla lehen begi kolpean ikusten. Aspaldi joana da, izan ere, Grausen loria aldia, hiribildu Txit Prestu eta Txit Antzinako titulua zuenekoa.
Gaur egun, herri lasai bat da, eskualdeko komunikazioetarako gune estrategiko batean dagoena, eta merkataritza jarduera handia duena -inguruko nekazaritza-abeltzaintza alorrera bideratua-. Horren erakusgarri dira herriko egun seinalatuak, azoka egunek mugatuak baitira.
Grausera hegoaldetik sartuz gero, GR-1 ibilbide handiko bidezidorrarekin topo egingo dugu: bidezidor historikoa ere esaten diotena, Galiziako Fisterra eta Kataluniako Creus lurmuturra lotzen baititu; aldi berean, Esera ibaiaren ubidea igarotzen du, Puente de Abajoko galtzadarriaz baliaturik. Ezaugarri horretako bakarra da oraindik ere ubidearen gainean etzanda datzana.
Pontarron ere baderitzo, eta XVI. mendean eraiki zuten. Erdi Aroko azken hondarreko zubien estiloari eutsi dio: galtzada zabala du, ogiba arku gotiko zorrotzik gabekoa. Elezahar bat ere badu, bestaldeko ibaiertzari buruzkoa. Altxor bat bezain preziatua den kondaira horrek dioenez, Forjas esaten zaio alde horri, zubia zeharkatzeko ordaindu behar zen errege bidesaria ordaintzeari uko egiten zion edonor soka batetik urkatzen zutelako -Erdi Aroan, Europako zubi guztietan ordainarazten zuten antzeko bidesari bat-. Eta, gautu ahala tentazioa areagotuz gero ere, zelatari bat izan ohi zen abiaburuan, eta kate batzuk zeuden hura zeharkatzea galarazteko.
Zubiko sarbidearen aurrez aurre, eta errepidearen bestaldean, bada goranzko bide bat, Morralgo Haitzeko behatoki harkaiztsuraino doana. Harkaitz puska itzel horren babespean aterpetzen zen antzinako Graus hiriburua, eta haren azpian dago Haitzeko Ama Birjinaren baseliza. Eraikin hori XVI. mendekoa da, eta ordudanik herriko ikur. Kripta baten gainean eraikitako habearte bat da; kripta, berriz, gurutze ganga izardun batek eta landare eskulturak apaingarri dituen ate batek osatzen dute.
Baselizako ñabardurarik garrantzitsuena ez da haren estiloa, ez eta Ramiro I.a (Antso Nagusia Iruñeko erregearen semea) hantxe hil izana ere -hura berriro konkistatzeko ahaleginean-; baizik eta hango ikonoen museoa. Museoko ikonografia erakusketa hori, hainbat eskolatan eta aretotan banatuta ageri baita, artezaleentzako erakusketa iraunkor bat da, artea sakratuaren zale izan edo ez, eta ikustaldi berebizikoa bezain saihestezina.
Baselizaraino iristeko, berriz, Morral Haitz azpitik igo gaitezke, oinez, eta antzinako harresiak egiten zuen ingurabidetik sartu hirira: alegia Barrichos -Chos edo beheko auzotik-. Horixe da gunerik urtetsuena, nahiz eta egun ez dagoen garai bateko Chinchin atea, orduko hartan izan zenaren lekuko. Auzo horretako kale estuetatik barrena joz gero, Grausko gaur egungo benetako gune historikoraino iritsiko gara: enparantza nagusira.
Lau aldeko enparantza horretako atari arkupedunak itzal gutiziatua eskaintzen du uda partean, eta horien zutarriek eusten diote herriko eraikinik antzinakoenetako batzuei: besteak beste, udaletxeari -estilo mudejarreko fatxada adreiluzkoa baitu, XV. mendekoa-, edo Bardaxi Etxe neoklasikoari -geometria ikusgarri ageri duena-.
Deigarrienak eta berezienak, ordea, Baroiaren Etxea eta Heredia Etxea dira; biek ere horma-heze bilduma bikaina dute apaingarri, edonoren arreta erakartzeko modukoa. Baroiarenekoak, eta Abella de la Concarenekoa, haren emazte andaluziarraren atseginerako irudikatu omen zituzten.
Beste zenbaitzuen ustez, ordea, haietako irudiek antzeraturiko artearen eta zientzien inguruko alegoria hori mezu masoniko bat baino ez da benetan, eta eskuairaren, konpasaren edo munduko bolaren atzean gordetzen omen da haren egiazko esanahia. Margolan gako horiek dotoretzen dute enparantza zoragarria, bai eta Heredia Etxea teilatu erlaitzeraino estaltzen duten horma-hezeak ere.
IGELTSUA ETA TXOKOLATEA.Isabena ibarrera iristeko, Capellatik barrena jo dezakegu. Han, Isabena ibaiaren gainean datza Ribagorzako zubi erromanikorik handiena; ibilbideak hemeretzi kilometro ditu luzean, errepidetik nahiz Graus eta Lascuarre lotzen dituen GR-1etik joanda ere. Bestalde, Capellatik ere joan daiteke, PR-HU-124 bidezidorretik jo eta Juseuraino oinez eginik bien arteko hamalau kilometroak.
Isabenara iristeko, ordea, itzulinguru txiki bat egin dezakegu, Laguarres gaztelua dagoen mendilerrotik: Benabarretik zehar. Benabarrera iristeko, Torres del Obisporen eta Juseuko saihesbidearen aurretik igaroko gara. Saihesbide horretatik jo, eta arestian aipaturiko bidezidorretik joz gero, muino batean dagoen herri txiki batera iritsiko gara; olibondoen eta almendrondoen zabaltzak ikusten dira handik.
Juseu zergatik ageri den mapetan? Batik bat, herriko parrokiak duen balioarengatik, hangoa baita ingurumarian dagoen igeltsulan barrokoen laginik onena, Gizadiaren Ondare ere izendaturikoa. Tradizio mudejarrean oinarriturikoak dira igeltsulan horiek, nahiz eta moriskoak handik egotzi eta mende erdiaren buruan baino ez zuten erdietsi ospea eta gailurra.
Juan de la Marca arkitekto biarnotarrak egin zituen igeltsulanak. Zizelaz landutako igeltsua da, izarrak eta begizta geometriko apaingarriak irudikatzen dituzte, eta horiek estaltzen dituzte presbiterioko kupula, habearteko arku eta gangak, eta kaperak eta korua ere. Alegia, esparruko sabai guztietan erabili zituzten, begien gozagarrijostalari.
Zoria aldeko izanez gero, agian zabalik aurkituko dugu elizako atetzarra; hala izan ezean, inguruko tenpluetan saia gaitezke, hala nola Torres del Obispo, Aler edo Aguinalin-en; horietan ere igeltsulanak dituzte. Nolanahi ere, Benabarrera iritsiko gara azkenean; etxe multzo batek osatzen du, gaztelu zahar bat ere badagoen goraune batean pilaturikoak.
Hirigunea da Benabarreko alderik ezagunena, arabiarren eta aragoitarren arteko liskarren arrazoi izandako enklabea, Erdi Arotiko ondareari dagokiona. Hango kalexka estu eta maldatsuak etxetzar zaharrez josita daude, batzuk Pizkunde estilokoak eta beste batzuk barroko estilokoak; tokiko osagai bereizgarriak dira, halaber, iraganbide arkupedunak, atari eta guztikoak. Enparantza nagusiko ataripea da ezaugarriena, joan den mendeko 1970eko urteetatik «Bergarakoak» ere esaten diotena. Benabarreko gaztelua da, ordea, hango ikurrik adierazgarriena; X. mendekoa da, arabiarrek Ibn Awar izeneko gotorleku txiki bat eraiki zutenekoa. Ordudanik, eta azken hamar mendeetan, gazteluko harresiak makina bat aldiz eraitsi eta berreraiki izan dituzte urte horietan guztietan izandako gerretan borrokaturiko beste hainbeste taldek. Gaurdaino, hogei urteren buruan egindako lanen ostean oraintxe hasi baita jatorrizko itxura berreskuratzen.
Gazteluaren gorenetik ikusten da Lleida hiriburua (Katalunia) eta Aran eta Boi ibarrak lotzen dituen errepidea. Negu sasoian hortik joaten dira eskiatzaileak eski estazioetara. Bide horren bazterrean, Benabarreko irteera parean, eskualdeko ezkuturik gordeena ageriko zaigu: Bresco, eta hango txokolateak.
Txokolatezko produktuek ospe handia dute Brescon, argi eta garbi; ez dira hain agerikoak, baina, haiek egiteko darabiltzaten formula zaharrak, antzina-antzinako sukalde-liburu familiarretatik eratorritakoak. Txokolatezko bihurtzen da Bresco, bonboi nahiz tableta forma harturik, untxi zein arrautza itxura antzeraturik; almendradun kakaoaren zaporea edo mugurdiena zein marrubiena izan, edota praline usain fina edo txokolate beltz-beltzaren lurrun garratza jario.
ISABENAKO INGURU LASAIA.Benabarretik iparraldera bigarren mailako errepide bat abiatzen da, eta bihurgunez bihurgune doa Laguarrez gaztelua dagoen mendilerroko zuhaizti handitik zehar. Calvera haitzaren parean -inguruko gailurrik gorena (1.170 m.)-, mendilerroa goitik behera hondoratzen da Isabena ibarraren behealdean eta Grauserantz doan ordeka inguruan. Ezinbestekoa da Laguarresera jaistea, eta, handik, Isabenako Roda alderantz joko dugu; lehenik, ordea, Lascuarrera hartuko dugu, hango eliz parrokia miatzeko asmoz, Aragoiko gotikoaren adibideetako bat baita. Iparraldeko errepidetik ibiliz gero, ibarrak aita besoetakotzat duen ibaiaren parez pare, mendien tamaina txikitu egiten da, Sis mendilerroaren ekialdeko hegalean biltzen diren tontorrek agerian uzten dutenez.
Gutxien espero dugularik, kokagune handientsu batean, Isabenako Roda agertuko zaigu. Mendixka baten gainean, 900 metrora dago harrizko paradisu txiki hori; harriz taxuturikoak dira hango etxebizitzak, monumentuak eta kaleak. Santa Ana atetik sartuz gero, edozein kalexkatik jo dezakegu herri polit horretako alderdirik garaienera; hantxe daude katedrala eta zenbait ostatu, haietakoren batean ostatu hartu eta lekaideen pare erretiratzeko modukoak.
Rodan barneratzea, berriz, bakean atseden hartzea bezala da. Halakoxea da, izan ere, prioreen jauregiko patio lorategidunari darion patxada; hantxe nora ezean galdu edo buru-belarri liburu bat irakurtzen aritu daiteke, besteak beste. Katedralaren klaustro alboan dago jauregia, eta jatetxe bat eta guzti du. Puntu erdiko arkuteria batek osatzen du jatetxea, hilobi-idazkun sail batzuk ageri dituena grabatuta.
Antzinako katedralaren hondakinetatik -gotzain eta guzti izan baitzuen X. mendetik XII.enera- nabarmentzekoa da mudejar estiloko arotzeria lan fina, arkupeko ateetan ageri denez; jatorrian zuena bera da haietako burdineria. Aipatzekoak dira, halaber, San Agustin kaperako margolan erromanikoak, San Ramonen kripta, edo menderen mendetan metaturiko eliz ondare sakratuaren museo historikoa. Rodatik iparraldera daude, esate baterako, Puebla eta Serraduy herriak, eta haietan harria da eraikuntzako material oinarrizkoa, ingurumariko bizimodu latzaren adierazgarri. Laztura berbera pairatu behar izango zuten Obarrako monasterio urruneko monjeek ere; Croqueta haitzarteko iraganbide estuak ixten du Isabena. Obarrako monasterioa VIII. mende hasierakoa da, nahiz eta hasiera hartan ez zeukan gaur egun ageri duen egitura, zeina XI. eta XII. mendeetako estilo erromaniko lonbardiarrari zor baitio. Zenbaitzuen ustez, banaezinak dira monasterioa -monumentu nazionala izaki-, haren historia eta Ribagorzarena; izan ere, ekarpen handia egin zion hura estatu gisa antolatzeko moduari.
Bikaina da, ezbairik gabe, enklabeko naturaren eta artearen arteko bat-egite hori. Azalpen panel argigarri bat -matematiken eta erlijioaren arteko loturak haren eraikuntzan izan zuen zerikusiari buruzkoa- eta eguzki egutegi baten antzera antolaturiko leihoak, besteak beste, datu ezinago erakargarriak dira Erdi Aroko intriga eleberri katramilatsu -konde eta prioreen inguruko-baterako argudio gisa erabiltzeko.
JAKINGARRIAK
Grausko turismo bulegoa: Fermin Mur 25. Tel.: (0034)974-54 61 63 eta www.turismograus.com
Rodako museo katedrala: Ikustaldietarako ordutegia, 11:15ean, 12:30ean, 13:30ean eta 16:00etan.
Ribagorza: www.ribagorza.com
Nola iritsi: Huescatik edo Lleida hiriburutik abiatuz gero, N-240 errepidetik jo Barbastroraino; eta, handik, N-123 errepidetik jo eta Graus edo Benabarrera.
BIDAIA. Konderriaren hegoaldea
Ribagorza da Pirinioen hegoaldeko isuriko lurralde historikoetako bat. Erdi Aroan aldi batez independente izandako konderria, egun Espainia eta Kataluniako mugapeetan banatua dago; mendilerroko masa puska menditsuetakoa ez bezalakoa da paisaia hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu