BIDAIA. KROAZIA. Hrvatsko Zagorje

Zagreben iparraldean (Kroaziako hiriburua), Eslovenia eta Hungaria mugaldeko eremu txiki batean daude Hrvatsko Zagorjeko landak; Zagorje kroaziarra edo mendiz bestaldeko Kroazia esan nahi du izen horrek. Ongi bereizitako bi gunek osatzen dute landa aldea: Zagorje berak eta Varazdin hiriburu historikoak.

2007ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Zagrebeko gunerik iparraldekoenean herabeki ageri da Medvednica mendilerroa, hartz mendia ere deiturikoa, eta, haren atzean, basoz jositako muinoak daude Zagorjeko landetarainoko tartean, Krapina ibaiaz bestaldera. Kroazia kontinentaleko gainerako lurraldea bezala, nekazaritza gizartea da nabarmenki; herrialdeko bihitegiaren partaide dira, zeruertzean ostentzen diren artasoroei begira egiazta daitekeenez. Halere, beste hainbat produktu ere ateratzen dituzte lurretik: hala nola mahastietatik eratortzen dute bertako salda egiteko fruitua; landetxeko lanaren ondorio dira, besteak beste, esnekiak -gaztanbera da horietan gutiziatuena-, txerriki hestebeteak; indioilar eta abelgorri usadiozkoak ere hazi ohi dituzte.

Bizimodu zeharo lasaia da hangoa, nekazaritza alorreko garapenak ezarritako eguneroko zereginak dituena ardatz. Paisaia ere halakoxea da, leuna, ez oso gorabeheratsua, Varazdingo artasoroetako ordoki handietatik hasi -Panonia hungariarreko zabaldi amaigabeak dituena mugakide- eta Zagorjeko muino konkortuetaraino. Konkor txiki kizkurrak dira, mendi izenik ere merezi ez dutenak, batetik mahastiz eta bestetik askotariko baso kontinentalaz estalitakoak. Lur sail horietatik joan doaz Zagorje kroaziarreko bainuetxe ugari hornitzen dituzten iturburuetako ur termalak.

Kroaziako alderdi urrun horrek haren parte gisa iraun izan du beti, herrialdeko kostaldeko zerrendak edo Eslavoniaren mendeko lurralde ekialdekoak ez bezala. Otomanoak ez ziren sekula iragan Eslavoniako babes lerroaz bestaldera, bide erdian baitzegoen, eta haien sarraldiek ez zieten inoiz erasan Zagorjeri. Horrek ez zuen eragotzi, ordea, han gaztelu ugari eraikitzea; haietako asko berreraiki edo zaharberritu egin zituzten XVIII. mendean, eta gaur egun hango paisaiako osagai bereizgarri dira.

Horrez gainera, Varazdin hiriburuari darion dotoretasunagatik da ezaguna Zagorje; arkitektura barrokoko adibiderik adierazgarrientzat jotzen da hura. Estilo berekoak dira landa aldean han-hemenka sakabanaturiko ezin konta ahala elizak ere; horregatik dira, hain zuzen, alderdi horretako erakargarri turistiko eta kultural nagusi. Hizkuntza bereizgarria izatea da, besteak beste, gainerakoengandik bereizten dituen nortasun sendo horren ezaugarri berariazkoetako bat. Zagorjen, izan ere, kajkavski dialektoa hitz egiten dute, eta kroazieraren gainerako bi dialektoak ez bezala, alderdi horretan baino ez da hitz egiten; alegia, ez darabilte auzoko beste eskualdeetan. Gainera, nabaria da zein koordenatu geografikotan dauden, alemana baitarabilte bigarren hizkuntza gisa; herrialdeko hiri kostaldekoetan, aldiz, italiera edo ingelesa darabilte.



VARAZDIN, ANTZINAKO HIRIBURUA . Zagrebetik 80 kilometro ingurura dago barrokoaren hiriburua, Varazdin. Lehen begiratuan ez da ezer deigarririk ikusten, ez behintzat ikustea merezi duen ezer dagoela pentsaraz diezagukeenik; izan ere, aldirietatik ikusten den Varazdin garaikide horretako bihitegi industrialek, artasoroek eta etxebizitza eraikinek ederki mozorrotzen dute errealitatea. Halere, behin hiriko etorbide nagusia (Zagrebacka) zeharkaturik, oinezkoen alderdi batekin topo egingo dugu, Askatasunaren plaza (Trg Slobode) deiturikoarekin, eta han ageri da zutunik Sv. Nikola eliza, XV. mendeko bere kanpandorre gotiko eta guzti. Horixe da Varazdin historikoaren atalaurrea, baldin eta Zagrebetik bagatoz, eta handixe ekin dakioke gaur egun Varazdin den museo barroko horretatik zeharreko ibilaldiari.

Varazdinen metaturiko eraikin barrokoak jesuitak hirira etorri zirenez geroztikoak dira, estilo horretan eraikiarazi baitzituzten hainbat tenplu eta egoitza erlijioso. Hurrengo, turkiarren erasoen atzealde bihurtu zelarik, hara lekualdatu ziren familia nobleen jauregiak jarraitu zitzaizkien.

Hiria nabarmen garatu zenez gero, Maria Teresa enperatriz austriar-hungariarrak erabaki zuen huraxe izango zela gobernuaren egoitza, eta, beraz, Kroaziako hiriburua. Hala, hogei urtean (1756-1776), Varazdinen bizi izan zen Ban kroaziarra -Austria-Hungaria Inperioaren agindupeko erregeorde bat-, eta handik gobernatu zuen herrialdea. Horrek sekulako bultzada eman zion hiriaren garapenari, geldiarazita baitzegoen 1776ko sutearen eraginez; dena kiskaldu eta errauts bihurtu zen, gaur egun ikus daitekeen Alde Zaharra izan ezik. Sutearen ostean, Zagrebera lekualdatu zuten hiriburua, eta ordudanik ez da sekula Varazdinera itzuli.

Sute hark eragindako hondamenditik hiriko zenbait gune garrantzitsu libratu ziren: hala nola Stari Grad gotorlekua (Hiri Zaharra), eta Korzo aldea (erdiguneko oinezkoen pasealekua), udaletxe zaharra eta hura inguratzen zuen jauregi sorta. Ikusi beharreko bi gune garrantzitsu, Varazdinera bisitan joanez gero. Stari Grad gotorlekuak maitagarrien ipuinetatik aterea dirudi, berdegune batean kokaturikoa eta antzinako harresiaren hondarrak dituena inguruan; Kula Strazarnica edo Lisak (zaintzailearen dorrea) eta haren atetzar altxagarriak bakarrik diraute zutik gaur egun. Stari Graden barrualdean dago Verazdingo museoa, zortzi aretok osaturikoa, eta hiriburaren historiari gainbegiratu bat egiten dioten hainbat objektu biltzen dituena.

Lisak dorrea igaroz gero, Varazdin erdigunera sartuko gara: jauregi sorta bat dago han, eta guztiek ageri dituzte fatxada zuriak edo arrosak, edo okre tonu ugaritakoak, tarteka marrazki geometrikoak ere uztartuta dituztenak. Leihateak eta atariak estuko apaingarriz laukiztatuta daude. Erdigunean dauden oinezkoen kaleetan gora eta behera lasai asko ibili ahalko gara, galtzeko beldurrik gabe, eta bestelako eraikin batzuk ere miretsi ahal izango ditugu: udaletxea eta haren dorre punta-zorrotza, etxebizitzen gainetiko kanpandorreak ageri dituzten sei elizetakoren bat, edota neopizkundeko antzokia (1873an hiriko burgesen dibertimendurako eraikitakoa). Hiriko hainbat artista eta eskulangile talderen lantegi eta galeria mordoa ere ikus daiteke. Herzer jauregian, bestalde, planeta osoko intsektu bilduma eskerga bat dago ikusgai; hilerrian, berriz, lorategi gune ikusgarria dago, hiri osoa zipriztintzen duten beste hainbat parketan ageri direnen antzekoa.

Horretaz guztiaz gainera, Varazdinek hiru hitzordu garrantzitsu ditu proposatzeko. Irailean egin ohi diren Gau Jaialdi Barrokoak; barroko estiloko musika izan ohi dute entzungai hiriko elizetan, jauregietan eta plaza txikietan. Spancirfest edo Ibiltariaren Jaialdia, kaleko artistak dituena bestaburu; abuztuaren amaiera aldean izan ohi da, eta Europa osoko milaka artista biltzen ditu; tokikoekin batera biltzen dira antzinako jantziez mozorrotuta. Azkenik, Inperioko guardien txanda delakoa; Purgari ere deituriko guardiek larunbatero aldatzen dute txanda udaletxe atarian, 11:00etatik 12:00etara, maiatzetik urrira bitartean. Galdu ezinezko gizarte ikuskaria da.



ZAGORJEKO LANDETATIK ZEHAR. Zagorjeko orografiak eta errepideek horretarako bide ematen dutenez, bizikleta txangoak antola daitezke. Nolanahi ere, ondo kalkulatu beharko ditugu distantziak, ez baitago bidelerro zuzenik toki batetik bestera joateko, baizik eta sigi-saga doazen bideak, ibilaldia etengabe luzarazten dutenak benetako helmugara iristerako. Beraz, itzuli handia egin nahi izanez gero, hobe izango dugu ibilgailu motordun batez baliatzea.

Zagorjeko landetan barneratzeak helburu bakan batzuk izan ditzake jomuga. Bata izan daiteke Zagorjeko ardo eta jaki usadiozkoak dastatzea; horretarako, ez da argibide askoren beharrik, Veliki Tabor eta Kumrovec eremuetan ibiltzea baino ez, hainbat upategi eta jatetxe aurkituko baititugu aise askorik eta nonahi -asko eta asko landa turismoetan-.

Bestalde, Zagorje alderik alde zeharka daiteke, Erdi Aroko gazteluen eta gotorlekuen multzo batetik bestera ibiliz. Horien artean, hiru dira batik bat bereizgarriak. Marusevac gaztelua, gaur egun bazter utzita dagoena, eraikin zahar bat da, XIX. mendean historizismo alemaniar estilo deiturikoan eraberriturikoa: adreilu gorrizta eta erdiko dorretzarra ditu bere ezaugarri. Gazteluaren alboko lorategiek, berriz, haietatik paseoan ibiltzeko gonbit egiten dute.

Bada beste gaztelu bat, garrantzitsuena dena eta ongien iraun duena: Tracoscan. Gailur berde baten gainean atezuan ageri den eraikin miresgarri hori, berez, XII. mendeko gaztelu eraberritu bat da; XIX. mendean berritu zuten, hain zuzen, bere garaian Drascovik kondeak eraikiarazitako jauregi erromantiko bezain ikusgarri hori. Jauregiari aintzira artifizial bat, baso bat eta zenbait lorategi erantsi zizkioten gero; gozamen hutsa da horietatik zehar paseoan ibiltzea. Jauregiaren barrualdeko tegietan Erdi Aroko armen museo bat dago. Hirugarrenik, Veliki Tabor gotorlekua bisita daiteke, XVI. mendeko eredu italiarren eraginpean egindako eraikina baita, eta, haiek erantsi ohi zizkieten bezala, erdizirkulu formako lau babes dorre ditu.

Gainerakoan, aipagarriak dira Zargojen zehar sakabanaturiko eliza bereizgarriak, asko eta asko gotortuak. Marija Bistricakoa da handiena; Kroazia osoko erromesak biltzen dira herri horretan dagoen eta izen bera duen turismo gune sakratura: estalitako galeria batek inguratzen du hango eliza, eta santutegiak askotariko estiloak uztartzen ditu bere barnean. Belec herrian dago, berriz, Elurretako Ama Birjinaren eliza; kanpotik esparru apala iduriagatik, maisulan bikaina da barrualdetik, barroko estilo hertsikoak diren eskulturaz eta margolanez josita baitago.

Badira beste hainbat eraikin erlijioso garrantzitsu ere. Hala nola Andre Maria Jerusalemgoarena; Trski Vrh herrian dago, XVIII. mendearen erdialdera eraiki zuten, eta Kroaziako tenplu barrokorik handientzat jotzen da. Harresi bat dauka eta hainbat dorrek gotorturikoa da; barrualdeko patioan, berriz, erromesentzako eta merkatarientzako galeria arkuteriaduna dauka, Marija Brisitican bezala. Elizaren barrualdea ere maisulan bikaina da, aldareak eta margolanak dituena ikusgai nonahi. Vinagorako eliza entzutetsua ere adierazgarria da; gaztelu txiki baten eitea du, erabilera espiritualetarako eraikin batena baino gehiago.

Azkenik, bada beste eraikin didaktiko bat Hrvatsko Zagorjen, nobleen edo elizako eraikinekin zerikusirik batere ez duena. Batetik, Staro Selo museo etnografikoa dago, Kumrovec herrian, Josip Broz Titoren -partisanoen mariskal eta 35 urtez Jugoslaviako gobernuburu izandakoaren- sorlekuan; pertsona historikoaren museo bihurtu dute haren sortetxea, eta, gainerakoan, XIX. mendeko Kroaziako herritarren etxebizitza, ohitura eta lanbide usadiozkoen errepika da herria. Errepika zehatzak ez ezik, iruleak, zurezko jostailuen zizelkariak eta iraganeko beste hainbat lanbide antzeratzen dituzten pertsonak daude han. Krapinan, bestalde, Husnjakovoren aztarnategi paleontologikoa dago, herrialdeko garrantzitsuena. Horregatik, tamaina naturaleko eskulturak jarritu dituzte, Neandhertalgo gizakien bizimodua antzeratzen dutenak; zehatz-mehatz, Homo krapinensis deiturikoarenak. Eboluzioaren museoa ere zabaldu dute, eta gizakiaren bilakaera du jorragai,historiaurretik berreskuratutako objektuak bitarteko direla, Zagorjen ez gaztelurik ez eliza gotorturik ez eta hiri barrokorik ere ez zegoen garaikoak.

 

JAKINGARRIAK



Kroazia Madril turismo bulegoa. Tel.: 91-781 55 14. www.visitacroacia.es

Kroazia Paris turismo bulegoa. Tel.: 01 450 099 55. fr.croatia.hr

Varazdin turismo bulegoa. U/ Ivana Padovca 3. Tel.: +385 (0)42 210 987. www.tourism-varazdin.hr

Nola iritsi. Hegazkinez Zagreberaino eta errepidez (80 kilometro) Varazdineraino.

Non ostatu hartu. Varazdin hotela (***). U/ Kolodvorska 19. Tel.: +385 (0)42 290 720. www.hotelvarazdin.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.