BIDAIA. Lurreko paradisua

«Arteak betiereko dirau, baina bizitza oso laburra da». Horregatik, Chalermchai Kositpipatek espero du haren ikasleek jarraituko dutela bere maisulana, Wat Rong Khun tenplua: munduan parerik ez duen gune budista, tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituena.

Zigor Aldama.
2007ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Alegia batetik aterea dirudi. Maitagarrien ipuinetatik aterea. Amets surrealista batetik eratorria. Thailandiako Chiang Rai probintziako landaredi hostotsuaren erdi-erdian, izen bereko hiriburutik hamar kilometrora baino ez, Wat Rong Khun bihurtu da hiriko gunerik erakargarriena. «Tenplu zuria» da, eraikin erlijiosoen multzo deigarri bat, osagai tradiziozkoak eta arte abangoardistakoak uztartzen dituelako. Thailandiako artistarik entzutetsuenetariko baten, Chalermchai Kositpipaten, artelan gorena da.

Sortzaileak, baina, ez du bere lana burutua ikusterik izango. Kositpipatek uste du beste hirurogeita hamarren bat urteren buruan amaitu ahal izango dutela, eta espero du haren ikasleek burutuko dutela. Ez zaie dirurik faltako. Dohaintzak 250 dolarrera murriztu badituzte ere, sormen aldetiko independentziari eustearren, uste baino oparoagoa izan da thailandiarren eta atzerritarren eskuzabaltasuna, eta, horri esker, are handinahiago bihurtu da egitasmoa. orain arte, milioi bat euro baino apur bat gehiago gastatu du Kositpipatek tenplua eraikitzen. Honela adierazi dio, BERRIAri, telefono bidezko elkarrizketa batean: «Wat Rong Khun artelan biziduna da, formaz alda daitekeena, eskueran ditugun baliabideen eta munduko gertakarien arabera». Horren adibide argia dira eraikin nagusi barruan, Budaren irudia gordetzen duenean, dauden horma irudiak. Horietan argi eta garbi ikus daiteke zer-nolako eragina izan duen Kositpipaten lanean munduaren gaur egungo egoerak. Dorre Bikiak sutan eta nonahi jausitako bonbak, guztiak ere «'terrorismo globalaren aurkako gerra' delakoak eragindako kaltearen erakusgarri, zeinaren aurrez aurre baitago Budaren doktrina». Lausoki bada ere, Salvador Daliren estiloa dakar gogora; hura inspirazio iturri gisa erabili izana aitortu du Kositpipatek.

Hiru hektareako eremua hartzen du dagoeneko esparruak, eta horretan barneratu orduko, ondoez eta lasaitasun halako bat sumatzen ditu bere baitan bisitariak. Horixe da sortzailearen asmoa ere, Zerua eta Infernua elkarren aurrez aurre jarriz. «Tenplu zuria», kolore horretakoa baita Budaren garbitasunaren adierazgarri, zubi baten bidez lotzen da zirkuluerdi batera, munduaren ikur denera. «Lurreko bizitzatik Budaren mundurako iraganbidea da», azaldu du Kositpipatek. Bitxia badirudi ere, Lurra adierazten duen zirkuluerdi horretatik, esku beldurgarri batzuk irteten dira, nabarmenki, ihesbide ezinezko baten bila ariko balira bezala. Munstro ikaragarri batzuk dituzte zelatan, mehatxari, ihes egiterik lor ez dezaten. Ezbairik gabe, sortzailearentzat, bizitza erreala ez da bereziki erakargarria. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da orain Budismoa, bizitzari inolako begirunerik ez dion munduan bizi baikara. Dharma edo Budaren irakaspenak gure baitako alderdirik ilunen hori kontrolatzen laguntzen digu».

Chalermchai Kositpipatek aitortu du bera ere ez dagoela alderdi muturrekoen horretatik salbu. Gehiegikeriaren mende ibili zen gaztetan. «Egonezina, oldarkortasuna eta ego neurrigabea ziren nagusi nigan. Emakume mordoarekin oheratu nintzen, eta, horren eraginez, gaixotasun benereoak neureganatu nituen, eta horiek itzularazi ninduten azkenean Budaren biderantz». Bakea bilatzea erabaki zuen orduan Kositpipapek, meditazioaren bitartez, eta arteaz baliatzea bere herrialdeari nolabaiteko ekarpenen bat egitearren. Thailandiako arteetako lehen saria eta urrezko domina eman zizkioten 1977an, eta, 1980tik 1997ra bitartean bere herrialdeko arte budista erakusten ibili zen mundu osoan, baita bere artelanak ere. Pintore aritu zen hogei urte horietan eskuratutako diruari esker hasi zen eraikitzen Wat Rong Khun, 1997an. Eta, harrezkero, bere artelanak saltzeari utzi, eta buru-arima eman zitzaion artelan hura eraikitzeari, zeinak bere bizitzako hiru zutabeak baitzituen oinarri: «Nazionalismoa, erlijioa eta erregea».

Ordudanik, hamarraldi oso bat iragan da, eta eraikin nagusia ia burututa dago. «Aldareko horma irudiak eta kanpoaldeko zenbait ukitu baino ez zaizkio falta», azaldu du artistak. Hala eta guztiz ere, dagoeneko miresgarri ageri da maitagarrien ipuinetatik eratorritakoa dirudien tenplua. «Lurreko paradisuaren errepika bat sortzea zen nire asmoa. Gizakiaren alderdi biak islatuko zituen eraikin multzo bat egitea. Jin eta Yangaren ispilua balitz bezala». Horrexegatik, burezurrak daude aurrez aurre sarrera nagusian, eta horien gainean likore botilak eta zigarreta kaxatxoak. «Gizakiaren ahultasunaren erakusgarri dira; gehiegikeriek eta drogek gogamena lausotzen diote gizakiari, eta egintzak itsusiak eginarazten dizkiote, baten batzuok damuarazterainokoak».

Behin osorik burutzen dutenean, bederatzi eraikin izango ditu guztira artelan berezi horrek; horietatik, bakarra bisitatu daiteke gaur egun, nagusia, eta beste bat kanpoaldetik ikus daiteke, urrezkoa dena eta modu ezin bitxiagoan adierazitako zerbitzuak eskaintzen dituena. Bederatzi pieza horiek parke bat osatuko dute, erlaxaziorako diseinaturikoa, gaur egun ere makina bat ikasle eta turista taldek ikusgai dutena. Harrigarria da artelan burutugabe bat turismogune hain erakargarria eta garrantzitsua bihurtu izan; baina, Kositpipatek berak gogorarazi digunez, «ez da bakarra ere; hortxe dago, esate baterako, Antoni Gaudiren Familia Sekratua eraikina».

Egun eguzkitsu batean, kameleoi bat da Wat Rong Khun. Egunsentian eta arrastirian, aldatu egiten zaio kolorea, zuria zena unean uneko tonu okre eta lila kolore bihurtzeraino; eguzkiak gogotik berotzen duenean, eguerdiko ordurik gorienetan, hain distira bizia dario, tenpluari, non nekez begira baitakioke aurrez aurre. Bisitaririk txikienak beldurtu egiten dituzte Lurraren zaindari gisa ageri diren burezurrek eta irudi munstrokarek. Haurren irakasleek herritartasun eskolak emateko baliatzen dute abagunea: «Ikaratu egiten dituzte burezurrek eta atzaparrek, eta edanari edo erretzeari lotuak izateak ikaragarri erasaten diete, ikasgelan irakats diezaiekegun edozein eskolak baino are gehiago», dio irakasleetako batek. Chalermchai Kositpipatek ez zuen inolako irakaspen asmorik tenplua diseinatu zuenean, baina atseginez dakusa halako ondorioa eragin izana: «Nire asmoa zen herrialdeari nolabaiteko ekarpen bat egitea, dakidan modu bakarrean, arteaz baliaturik, eta pozgarria iruditzen zait etorkizuneko belaunaldiak hezteko ere balio duela ikustea».

Zerua eta Infernua, kontzeptu berezkoak biak ala biak ere edozein kulturatan. Kositpipatek bere ikusmolde berezia ispilatu du Wat Rong Khuanen, sinesmen budistak abiaburutzat harturik; baina, ziurrenik, munduaren ikuspegi unibertsala izango du. Hizpide dugun tenplua ez da batere ohikoa, baina ez bakarrik iragana eta oraina uztartzen dituelako, baizik eta bizi garen mundu honekiko kritika zorrotz bat biltzen duelako bere barrenean. Bakearen aldeko kanta bat da, kulturen arteko indarkeria eta beldurra nagusi diren une honetan. Gogoeta eginarazten digun tokia batzuontzat, eta meditaziora bultzatzen dituena beste batzuentzat.



JaKInGarrIaK

Noiz joan. Udako bero sapak edo euri-jasek itota hiltzerik nahi izan ezean, negua da Chiang Rai eskualdea bisitatzeko urte sasoirik onena. Udaberriko tenperatura atsegina da, baina euri zaparradarik ez da falta izaten. Hori, bai, zeruak urdin-urdin dirau urte osoan, oro har egunero ordu jakin batzuetan baino ez baitu euria egiten.

Nola iritsi. Hegazkinez joatea da Bangkokera iristeko modurik azkarren eta erosoena. Bilbotik, esaterako, Lufthansa, British Airways eta Air France konpainiak ibili ohi dira, eta joan-etorriko hegaldiarengatik 750 euro kobratzen dute: behin han, Chian Rairako hegazkin zuzen bat hartzea da onena; badira joan-etorri merkeak eskaintzen dituzten aire lineak, 50 euroren truke, hala nola Air Asia (www.aiarasai.com) edo Nok Air (www.nokir.com).

Bisatua. Ez da beharrezkoa, hilabete baino gutxiagoko egonaldietarako, pasaportea indarrean eta sei hilabeterako baino gehiagorako balioztatua izanez gero.

Dibisak eta kostuak. Munduko herrialderik merkeenetako bat da Thailandia, bidaiari independentearentzat. Pertsona batek nahikoa ditu 20 euro egun beteko gastu guztiak ordaindu ahal izateko. Apur bat gehiago ordainduz gero, erosotasun handiagoa eskuratu ahal izango du, eta ez du zomorro amorragarririk jasan beharko.

Kontuan hartu beharrekoa. Myanmarko mugaldean dago Chiang Rai, eta zenbaitzuetan liskarrak sortzen dira herrialde bien artean. Gomendagarria da, halaber, eltxoak saihestea kosta ahala kosta, hainbat gaixotasunen eroale izan daitezkeelako, adibidez, denge eta malariarena. Gainerakoan, oso toki segurua da.

Txerto gomendatuak. Tifusarena, A eta B hepatitisarena eta malariaren aurkako pilulak. Argibide gehiagorako, jo Kanpo Osasuneko Zerbitzura (Bilbo, Kale Nagusia, 62).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.