Bidarte hegoaldean, Getariarekin mugan, kokatua den Uhabiako hondartza txikia izango dugu abiagune. Leku horretan lehenago izan zen arrantzale portutik ezer ez da geratzen gaur egun. Lehen urratsak hondartzan bertan egin ondoren, aski gutxi ageri diren itsasertzeko xendaren seinaleei jarraituz, zurez egindako eskailerei esker egingo dugu labarraren gora, Parlamentia auzuneko etxeen artean igarotzeko. Aberatsen etxeak direla hemengo hauek nabarmen ageri da eta dolurik gabe emango diegu bizkar, Santa Madalena kaperatik berehala itsasoaren albora berriro jaisteko; aldi honetan ere, eskaileretan behera.
Getarian bada portu txiki-txiki bat eta hemen topatuko ditugun ontsixkei agur eginda, aurrera jarraituko dugu, eguraldia egokia izanez gero, itsasoko funanbuluak diren surflariak ikusteko aukerarik izango dugularik. Xenda honetatik ibilita, ohartuko gara itsasertzeko landaredia ez dela batere urria, ezjakinez hala pentsa bagenezake ere. Itsas pinuak ikusiko ditugu, jakina, baita sahats eta huntzosto mota batzuk eta sastraka oparo bat ere.
Balda errekako bokaletik igaro eta berehala, Zenitzeko auzunetik ibiliko gara. Itsasertza ikaragarri itsustu duten eraikin handirik ez balin bada topatzen hemen, kanpinak eta bungalow eremuak, ordea, nasai daude, eta horiek ere ez diete mesederik egiten ingurumenari.
Eskerrak, haatik, itsaslabarrak eta itsasoak berak ikusmen ederrik eskaintzen digutela. Hegoalderat begiratuz gero ere, mendi tontor ezagunak izango ditugu begi bazka, Larrun noski, baina baita Xoldokogaina, Atxuria, Aiako Harria edo Jaizkibel ere.
ARTXILOAKO KURUTZETIK SANTA BARBA KAPERARAINO. Erromardiko hondartzaren gaineko harkaitzetatik hurbilago ala urrunago ibilita, Artxiloako kurutzerat iritsiko gara, etadagoeneko Donibane Lohizuneko lurretan sartuta izango gara. Hemendik ere, orain arte egin dugun bideaz ohartzeko aukerarik izango dugu, ipar-ekialdera Miarritzeraino ematen baitu bistak. Artxiloago kurutzetik berehalaxe, eraikin bitxi baten albotik igaroko gara, erdaraz Crypte du Chevallier (Zaldunaren kaperatxoa) emana den honetan ehortzia delarik Belgikakoa zen Fermin Van Bree enpresa gizona. Oroigune hau eraikiarazteko baimena lortzearren, gizon horren meritu bakarra, antza, «Donibane Lohizune asko maite zuela» jakinarazia zaigu. Eskerrak Euskal Herria maite duten guztiei ez zaiela fabore hori ematen... bestela, alde guztiak mota askotako eraikinez josita izango balirateke!
Iazko abenduan, Artxiloako kurutzetik harat, itsasertzetik hurbilenik eratutako xenda paratzen ari zirelarik, apur bat lurren barnera ibiltzerat behartzen zuen ibilbide seinalatuak. Une batez ere arretaz ibili behar da, pankartetan seinalatuta izatetik bidearen galtzada gainean baitira emanak marka horiek, zehazki L'Hyppocampe izen ponpotxa eman dioten etxe aberatsaren aurretik. Kirolzaleentzako eremu batetik pasa eta gero, xendak Santa Barba lur muturrera eta hementxe eraikitako kaperara geramatza. Hortxe ere, oso-osoan ikusgai izango dugu Donibane Lohizuneko badia zabala, haratago Ziburu eta Zokoa ere ezagutuko ditugularik.
Hain zuzen ere, hemendik aurrera, badia bazterreko oinezkoentzako ibilbidetik ibiltzearekin amaituko dugu gure txango hau, hemen bai aldiz eraikin itsusien konpainiari ezin izango diogula ihes egin. Diruaren legeak zelako zatarkeriak eginaraztea zilegi egin duen gogoetatzeko aukerarik bada, beraz, Santa Barba eta Donibane Lohizuneko portua bitartean ia ordu erdi batez ibiltze honetan.
Mendi ibilaldia
Bidartetik Donibane Lohizunera
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Lapurdi
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Bidarte, Uhabiako hondartza, Zenit hondartza, Lafitenia hondartza, Erromardi hondartza, Artxiloako gurutzea, Santa Barba, Donibane Lohizune Donibane Lohizunera uhinak bidelagun
- Distantzia: 12 km.
- Iraupena: 4 ordu.
- Ingurunea: Lapurdiko itsasertzean eratutako xenda gozagarritik ibiliko gara, Atlantikoko uhinak bidelagun.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu