Ludovico Einaudi (Turin, 1955) musikari eta konpositorea da. Pianoarekin bakarka arituko da gaur, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.
Luciano Berio musika elektronikaren eta abangoardiaren aintzindarietako batekin ikasi zenuen. Harrigarria dirudi, azken urteotan egiten ari zaren musika entzunda. Beriok iritzirik ba al zuen horretaz?
Hark zuzendu zituen nik hasi berritan eginiko orkestrarako bi musika lan. Gero, neure kabuz lan egiten hasi nintzenetik, ikusten genuen elkar noizbehinka, bainaez genuen harreman esturik. Beti izan zen oso jatorra nirekin, musikaz ikuspegi ezberdinak bagenituen ere. Uste dut nire musika ez dela harena behar bezain intelektuala, baina ez dakit hark zer uste zuen.
Aipatu dituzun lan haiek esperimental samarrak ziren. Noiz eta nola erabaki zenuen musika moldez erabat aldatzea?
Berez gertatu zen. Ikasten ari nintzenean, lan esperimentalak egin nituen. Baina niretzat oso zaila zen musika egitea, molde egituratuegi batean sartuta. Musikaren egiturak dena jaten duenean, kaiola bihurtzen da niretzat. Ez naiz eroso sentitzen pentsamolde egituratuegian lan egiten. Bide bat bilatu nahi nuen oreka ona sentitzeko, abstrakzioareneta askatasunaren artean. Abstrakzioa, halere, hortxe dago nire musikan, baina dimentsio askeago batekin.
Zure musika oso sinplea da, eta entzuteko erraza. Non dago muga, sinpleegia eta errazegia ez egiteko?
Norbaitek horrela ikusten badu ere, ez nau kezkatzen. Nire dimentsioaren bila ibili naiz. Hori egiten hasi nintzenean inork ez ninduen babesten, eta ez nuen inolako presio komertzialik, ezta entzuleenik ere. Bakarrik nengoen, eta lengoaia bat bilatu nuen, harekin erabat lotuta egoteko. Gero bihurtu zen popularra, baina hasieran ez nekien arrakasta izango zuenik. Niretzat ona zenari jarraitu nion, besterik gabe.
Musika kultuaren eta popularraren arteko mugak zentzurik ba al du zuretzat?
Musika kultuaren eta popularraren artean badago aldea, baina kalitate kontua da. Esaterako, Maliko musika entzuten duzunean, folk da, baina maila horren gorena da, non Scarlattiren musika klasikoaren pare dagoen. Lanaren sakontasuna da gakoa, beraz.
Lotuta ikusten duzu zeure burua Philip Glass edo Michael Nymanekin?
Eragin handia izan dute, musikari lehioa zabaldu egin diotelako. Abangoardiako musika garaikideak esaten zigun bidea itxita zegoela, eta ezin zenuela erritmo, harmonia edo melodia gehiagorik idatzi. Haiek berriz ireki zuten musika osagai horretara, baina iraganera itzuli gabe, beste modu batean erabiltzeko.
Haiek bezala, asko idatzi duzu zinemarako: Clint Eastwooden J. Edgar filma eta Toledano-Nakacheren Intouchabledira azken adibideak. Zergatik zinemarako musika?
Ez da nire lanaren parte nagusia. Gustuko dut, baina noizean behin. Intouchable-ren kasuan, izugarri gustatu zitzaidan istorioa, eta berehala ikusi nuen zerbait egin nezakeela.
Gaur, Donostian, Nightbook diskoko piezak joko dituzu, edo beste lanetatik ere bai?
Nightbook-etik pieza batzuk, baina zaharragoak ere. Baita pieza berri batzuk ere. Txinatik enkargatu didaten orkestrarako lan bat amaitu berri dut, ingurumen arazoen inguruan. Naturaren bidez, zeure bizitzaren inguruko sinbolo asko ikus ditzakezu. Greziako filosofoak beti ari ziren naturaz, eta geure buruaz.
Ludovico Einaudi. Musikaria
«Bidea itxita zegoela esaten zigun abangoardiako musika garaikideak»
Clint Eastwooden azkenari, eta 'Intouchable' filmari musika jarri die konpositore italiarrak. Esperimentazioa baztertu, eta musika sinplea, erraza, melodikoa eta gozoa nola egiten hasi zen kontatu digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu