Zibergela

Bideoekin lan egiteko aukera libreak

Bideoak modu profesionalean editatzea korapilatsua izan daiteke, baina edonoren esku dago hobekuntza eta osagai batzuk gehitzea, batez ere software librean aniztasun handia izanik arlo horretan.

Gaur egun, teknologiari esker, edonoren esku dago bideoetan hobekuntzak eta aldaketak egitea. BERRIA.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika eta web zerbitzuak

Argazkiekin batera, bideoen bitartez gordetzen dira norberaren bizitzako oroitzapen garrantzitsuenak, umeen lehenengo urratsak, bidaia ederrak, sendiarekin izandako bizipenak, lagunekin bizi izandako une bereziak edo dibertigarriak. Halaber, eta asmo serio edo hotzagoekin, arlo profesionalean bideoa asko erabiltzen den formatu bat da. Enpresaren aurkezpena egiteko, produktu edo proiektu berezi bat aurkezteko, helburu didaktikoetarako, besteak beste. Bideoak besterik gabe graba daitezke eta lana hortxe bukatuko litzateke, baina, argazkien kasuan bezala, edizioarekin beti lor daiteke lan txukunago bat eta ukitu pertsonalago bat eman dakioke.

Bideo edizioa, argazki edizioa bezala, lan neketsua eta korapilatsua izan daiteke. Horretarako, arlo horretan diharduten profesionalak daude. Baina hobekuntza eta aldaketa batzuk egitea edonoren esku dago, batez ere horretarako aplikazio libre anitz baitaude.

VirtualDub

VirtualDub bideoak kapturatzeko eta editatzeko doako baliabide bat da. MS Windows sistemetarako garatuta dago eta sistema eragile horren bertsio gehienetan exekuta daiteke. Gainera, bertsio eramangarria ere badauka aplikazio honek. Beraz, USB memoria batean eraman daiteke, edozein ordenagailutan erabili ahal izateko, beti MS Windows sistema batean, hori bai. Aplikazioaren webgunea http://www.virtualdub.org da. Hor dago dokumentazio osoa, ingelesez, eta aplikazioa deskargatzeko aukera dago. Aplikazioa bera ere ingelesez dago. Bertsio eramangarria hemendik har daiteke: http://portableapps.com/apps /music_video/virtualdub_portable.

Avidemux

Avidemux ere bideoak editatzeko doako aplikazio bat da. MS Windows, GNU/Linux eta Mac OS X sistemetarako bertsioak hardaitezke. Audio eta bideo for-matu anitzekin lan egin daiteke aplikazio honen bitartez. Era- biltzaile batzuek VirtualDuben antz handia hartzen diote. Hala ere, Avidemux erabiltzea errazagoa suerta daiteke. Hona hemen deskargatzeko webgunea: http://avidemux.berlios.de/download.html.

GNU/Linuxsistema eragilean

Avidemux ere GNU/Linux sistemetan erabil badaiteke ere, Ubuntun eta GNU/Linux sisteman, orokorrean, Cinelarra, Kino eta KDEnlive aplikazioak ezagunagoak dira. Aplikazio horiek pakete biltegitik har daitezke Ubuntu eta GNU/Linux bertsio gehienetan. Hala ere, proiektu bakoitzari buruzko informazioa lortzeko edo eskuz deskargatzeko, hona hemen hurrenez hurren aplikazio bakoitzaren webguneak: http://cinelerra.org, http://kinodv.org eta http://www.kdenlive.org.

KDEnlive Mac Os X sistemetan ere erabil daiteke.

Formatuen arteko bihurketak egitea

Batzuetan, bideoa gailu batean edo bestean ikusteko, edo bideoa txikitzeko, formatuz aldatu behar da. Hala, bada, bideoa editatzeko helburu bakarra formatuz aldatzea besterik ez bada, aurrekoak baino aplikazio sinpleagoak erabil daitezke. Izan ere, badaude aplikazio batzuk soilik bideo formatuen arteko bihurketak egiteko, eta, normalean, bideoak editatzeko aplikazioak baino txikiagoak eta errazagoak dira.

Horren adibide bat WinFF aplikazioa da. Aurrekoak bezala, aplikazio librea eta doakoa da. MS Windows eta Ubuntu zein GNU/Linux banaketetarako paketeak daude. Aplikazio eramangarri bat ere deskarga daiteke. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://winff.org/html_ new/downloads.html.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.