Maratila

Bikain

santi leone
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Juan Ramon Corpas Nafarroako Kultura kontseilariak adierazi du bikaintasuna izan dela irizpide nagusia konkistaren ingurukojoan den asteko kongresuan parte hartzera nor gonbidatu erabakitzean. Gertatutakoa objektiboki azalduko zuten historialariak hautatu omen zituzten, ez ideologiaren eraginpean lan egiten dutenak. Tira, objektibotasuna, historian, pixka bat arbasoek gerla kolonialetan irabazitako dominak bezalakoa da: erakusleihoan ongi ematen dute, baina, hurbilxeagotik aztertzera, berehala ohartzen gara kaka bertzerik ez dutela altxatzen azpian.

Kongresuan izandako ikertzaile aratz eta bikain horietarik bat nire tesiaren epaimahaian izan zen, duela urte batzuk. Liburu gisa argitaratutakoan, ale bat igorri nion, gizalegeak agindu bezala; trukean, bere artikulu bat bidali zidan hark, orduantxe publikatu berria. Testu zinez ederra: nire tesiko hainbat punturen kontra egiten zuen, nire izena behin ere aipatu gabe. Ez zen lehenbiziko aldia. Urtebete lehenago, erakusketa bateko katalogoan, nik jorratutako gai bat lantzen zuen hark ere, baina, zenbait tesi argitaratu gabe aipatzen bazituen ere, ez zegoen nirearen arrastorik bibliografian.

Denak ados egonik, zertaz eztabaidatu izanen dute kongresuan? Auskalo. Polita zatekeen, konparaziora, aztertu balute kongresuaren tituluko sekuentzia bera (konkista – Espainia – Europa, lehen bi pausoak baitezpadako balira bezala, hirugarrenera ailegatzeko) ez ote den berez ideologiko samarra, baina, segur aski, objektibotasunak galaraziko zien ariketa hori egitea.

Hori guztia, bistan da, nire iritzi guztiz ideologizatua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.