Astelehenean Robert De Niro, Edward Norton eta Milla Jovovichen luzimendua bilatzen duen Stone komertziala ikusi nuen zineman. Ez nuen askorik espero; baina, baina... zer zen hura?
Hasteko, istorioa oso aspergarria iruditu zitzaidan, hasieratik amaierara inolako interesik piztu gabe luuuze egiten diren horietakoa baita. Halakoetan, besterik ez bada ere, antzezpenez gozatzearekin konformatzen naiz. Baina nola gozatu, inguru honetan estreinatzen diren beste film guztiak bezala bikoiztuta bazegoen?
Bikoizketarekiko erabat kritikoa izan naiz beti, baina honako hau bereziki penagarria iruditu zitzaidan: «Are you talking to me?», Taxi Driver-eko Travis eroaren esaldi mitikoa gogoan, ezin haren jabearen ezpain beretatik irtendako ahots ezegoki honi aurre egin; Norton gizajoari, berriz, kartzelan den presoaren rolean, komediarako aproposagoa den ahots ezin tuntunagoa ipini diote oraingoan, eta zer esanik ez Jovovich politari egokitu zaionaz. Barregarria. Ez gaudela Jackie Chanen komedia batean, aizue!
Azpidatziak irakurri beharrak filmean ez kontzentratzea eta ondorioz ikusleak aspertzea eragiten duela entzun izan dut maiz. Nik, berriz, heziketari botatzen diot errua. Ziur nago beste herrialdeetan bezala ikusle alfabetatua dugunetik filmak jatorrizko bertsioan aurkeztu eta azpidatziak irakurtzera ohitu izan bagintuzte, egun naturala litzatekeela guretzat. Orduan bai, ederki preziatuko genituzke antzezpenak. Zer da ba antzezpen bat, norberaren berezko ahotsa, azentuaren xehetasunak, tonua, hizkera eta espresibitatea beste batek ordezkatzen baditu?
Bikoizketaren kaltea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu