Komunikazioa. Ekografiak

Biktimak eta biktimak (eta biktimak)

Aritz Galarraga.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gai labaina da biktimena. Gatazka armatu batek, ezinbestean, eragiten ditu hamaika ondorio, eta ondorio horietako batzuk izaten dira biktimak. Ahaztu gabe, asasinatzeaz ari bagara, lehen biktimak —senide eta abarrekoak baino lehen— hildakoak eurak direla. Gatazka armatu batek askotariko biktimak eragiten ditu, ekiparaezinak, nahi baduzue, ezberdinak, baina denak biktimak. Eta biktimatzat hartu behar dira. Eta behar dutena jaso behar dute, aitorpena, erreparatzea edo dena delakoa. Baina, arrazoi duzue, gai hau utziko diegu benetan gaiaz dakitenei, bakeaz, memoriaz eta abarrekoez aritzen diren taldeei, gure herrian badago-eta mordo bat.

Ostegun gauean eman zuten Plaza Euskadi saioan, hiru agertu ziren: Unescoetxea, Bakeola eta Gernika Gogoratuz. Esperientzia interesgarria izan zen, protagonistak izan zirelako, ez tarteka agertzen ziren bake talde horietako kideak, Euskal Herrian dugun gatazkak sortutako hiru biktima baizik. Kronologikoki: Jorge Perez Jauregiri anaia hil zion polizia batek, 1970ean, bertatik bertara; Axun LasaGALek hildako eta kare bizian lurperatutako Joxeanen arreba da; Amaia Guridi, 2001ean ETAk zazpi tiroz hil zuen El Diario Vasco egunkariko finantza buru Santi Oleagaren emaztea.

Saioak ekarri zuen gauza positibo bat: biolentzia ezberdinen biktimak mahai baten bueltan jartzea. Gero, pasa zuen mezu konkretu bat, kontsentsu politikoa lortzeko nahiko egoki kontsidera daitekeena —besteak beste, adiskidetzerako—: biktima guztiak hartu behar dira kontuan, biktimen ahotsa entzutea ezinbestekoa da, biktimak ez dira politikoki erabili behar, biktimek bizi izan duten guztia jaso behar da.

Egia da eszenifikazioak zalantza bat baino gehiago utzi zizkidala. Lehenengoa, argia: euskaldunok txoko bati lotuta agertu behar dugu derrigor, janariari. Baina ezberdinen arteko adiskidetzeak topikoei ihes egitea eskatzen duen bezala, ikusleak ere eskatu beharko luke halako zerbait. Eta ez metafora mamurtuez osatutako ahia. Arrantzale sareak konpontzen, haziak ereiten, arropa zatiak josten, elkarrizketa garrantzitsu bat egosten ari direla ahaztu gabe. Eta ez dakit telebistan eman behar diren horrelako elkarrizketak, ez dakit eman behar diren horrela, baina balio badu pantailatik kanpo errepikatzeko, gaitzerdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.