Bilbo, argazkien hiriburua

Bosgarren urtez antolatu dute BilboArgazki erakusketa. Urri osoan bederatzi argazkilariren lanak jarriko dituzte ikusgai hiriko hainbat txoko eta bazterretan.

Sergio Tudellok erakusketara ekarri duen argazki bat. BILBOARGAZKI.
Bilbo
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Gainean da udazkena, eta urtaro aldaketarekin batera, argazkilaritzaren hiriburu bihurtuko da Bilbo. Izan ere, BilboArgazkiren eskutik, urrian bederatzi argazkilariren lanak jarriko dituzte ikusgai hiriko toki esanguratsuenetan. Estilo eta gai askotako lanak izango dira, eta ezaugarri hori nabarmendu du Juan Armentiak, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen >Elkarteko presidenteak.

BilboArgazki argazkigintzak «arte gisa eskaintzen dituen aukera zabalez jabetzeko» abagune bikaina dela nabarmendu dute antolatzaileek. Horretarako, denetariko erreferentzia estetiko eta edukiak dituzten argazkiak jarriko dituzte hirian. Estudioko, gizarte arloko edo aldarrikapen argazkiez gain, bidaiak ardatz dituztenak ere aurkitu daitezke. Zenbait autoreren lanek urruneko paisaia eta errealitateetara eramango dute ikuslea; Kanputxeako Erresumara edota Txinara, besteak beste. «Laburbilduz, gustu guztietara moldatzeko asmoz, gaien aniztasunera jo dugu», dio Armentiak.

Erakusketak prestaketa lan handia eskatzen duela nabarmendu du Euskal Herriko Argazkilari Elkarteko presidenteak. «Artista batzuek boluntario jotzen dute gugana, beren proiektuak aurkezteko helburuz. Beste batzuen kasuan, ordea, guk jotzen dugu haiengana. Horretaz gain, urtero-urtero argazkilari gazteentzat ere izaten dugu tokia, haiek ere merezi dute- eta aukera bat», dio Armentiak. Aurten aukera hori Aizkoa Perez eta Iñigo Beristain argazkilari eibartarrek izango dute. Aurrenekoaren Ying and Yang lana ikusteko Albiako Lorategietara joan beharko da, urriaren 3tik 31ra bitartean. Bigarrenaren La letra pequeña de mi memoria lana ikusteko, berriz, EHUko erakusketa aretora. Era berean, aurten Argizaiola saria irabazi duen argazkilariaren lanak ere jarriko dituzte ikusgai.

Jose Luis Ramirez argazkilariak, zeina gaur egun Bilbon bizi den, ibilbide luze bezain oparoa du argazkigintzan. Hori aintzat hartuta, hilaren 10etik 31 arte haren Mecánica popular lanaz gozatzeko aukera egongo da Batzar Nagusien aretoan. Sergio Tello eta Bosco Mercadal argazkilarien lanak ere ikusi ahalko dira. Lehenengoak Rajastan Indiako lurraldean ateratako argazki bilduma aurkeztuko du, Barrainkua kalean. Bigarrenak, berriz, natura hil «bikain eta finak» egiten dituela aitzakia hartuta, Poemas fotográficos lana erakutsiko du, Pilota kalean.

Klass P. Schipper argazkilariak egoera sakonak eta keinuak irudikatzen dituzten zenbait argazki erakutsiko ditu. Schipperrek nazioarteko hainbat sari jaso ditu. Txinako Yi Zhijianek, berriz, bere jaioterriko paisaien bilduma bat aurkeztuko du. Frederic Chaubinek, Kanputxeako Erresumakoa bera, zazpi urtean sobietarren eraikinei buruz egindako ikerketako argazkiak erakutsiko dituLos últimos años de la arquitectura soviética lanaren bidez. Aukera zabala dagoela azpimarratu du Armentiak: «Aurten inoiz baino argazki gehiago daudenez, herritarrak horiek ikustera gonbidatu nahi ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.