Bilbo Hiria lehiaketako pop-rock ataleko saioa entzun ahalko da gaur Bilborock aretoan. The Yellow Big Machine, Focusin eta Zaragozako (Espainia) Kyoto taldeak arituko dira.
Pixies, Pavement, Fugazi eta Sonic Youth erreferentziatzat hartzen dituela aitortu du Bilboko The Yellow Big Machine taldeak, eta igartzen da, batez ere, lehenengoen itzala ahots nagusian. 1990eko hamarkadako rock matxinorik eta freskoenari haize berria eman nahi diote. Javi Letamendiarekin (Planeta Leta) grabatu zuten lehenengo diskoa. Azkena Paco Locorekin grabatu dute: I'm Searching for Friends.
Focusin Gasteizko hiru kidek osatzen dute, eta The Simpsons telesailetik hartu dute izena. Izan ere, Focusin Bart Simpson bihurriari sendagileek hiperaktibitatea sendatzeko errezetatzen dioten botika da. Euskal Herriko talde gutxik duten joera hartzen dute, hau da, ahotsa beste musika tresna bat lantzekoa.
Azken taldeak Japoniarekin lotura du, izenak hartzeko orduan behintzat. Haikus taldean ibilitako hiru musikarik osatu dute Kyoto taldea. Talde harekin ibili ziren Bilbo Hiria lehiaketan. Post-rocka atzera utzi, eta shoegaze-slowcore mugaldean ibiltzen dira orain, Animal Collectiveren edo Deloreanen azken soinutik gertu. Diskoa atera berri dute, Hans Kruegerrek nahastutakoa.
BILBO HIRIA LEHIAKETA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Bilborocken. Doan da.
Bilbo Hiria lehiako pop-rocka
The Yellow Big Machine, Focusin eta Kyoto taldeen musika entzun ahalko da gaur Bilborocken
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu