Bilboko Aste Nagusia

Bilbo zuri-gorri-berdetzeko

Urtero bezala, Bilboko konpartsek ikurrina omendu dute. Arriagatik udaletxera bitarteko martxaren buruan bandera erraldoi bat eraman zuten, trikitilariek eta ehunka herritarrek lagunduta.

Jendetza joan zen ikurrin erraldoiarekin batera Arriaga plazatik udaletxeko eskaileretara. Pregoilaria eta txupinera ere tartean ziren. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Zuria, gorria eta berdea. Atzo arratsaldean Arriaga plazatik udaletxeko eskaileretara bitartean zabaldu ziren hiru koloreak dira horiek. Urteroko legean, Bilboko konpartsek antolatuta, ikurrina omendu zuten, «ikur arrotzen inposizioari erantzun modura». Ehunka lagun elkartu ziren antzoki aurrean dagoen ikurrinaren azpian.

Ekitaldia pauso txiki baina ezinbestekoa zela esan zuen Irati Erkiziak omenaldiari hasiera eman zion bertsoan. «Gure koloreekin soilik bizi nahi dugu», aldarrikatu zuen, gainera. Dantzariak agurra dantzatu ostean, Kirmen Uribe pregoilariak eta Patricia Lezama txupinerak ikurrina mastan gora jaso zuten. Ingurua lepo betetzen zuten herritarrek gogoz jo zituzten txaloak une horretan. «Ikurrina bai, espainola ez», oihu egiten zuen hainbatek. Irrintziren bat edo beste ere entzun zen.

Errepidean, kalejiraren buruan joango zen ikurrin erraldoia zuten zain. Roberto eta Kepa trikitilariek eta euren ikasleek jotako kantuek lagunduta ekin zioten bideari. Konpartsa guztietako ordezkariek, Uribek eta Lezamak eusten zioten ikurrinari, eta eskuekin gora eta behera astintzen zuten. Kolore zuriko, gorriko eta berdeko hainbat globo ere baziren martxan. Hainbatek, gainera, ikurrina zeraman bizkarrean.

Bidean hainbat oztopo gainditu behar izan zituen hiru koloretako martxak. Hainbat parrandazale zeuden errepidean, eta lanak izan zituzten haiek baztertzen aurrera jarraitu ahal izateko. Autorik ere aurkitu zuten, parez-pare. Halakoetan, geldiunea egin eta kantuari ekiten zioten. Ikusi mendizaleak doinu herrikoia eta Pantxoa eta Peioren Aupa gizona, jeiki mutil ezaguna abestu zituzten euskal kantutegiko beste hainbat doinu ezagunekin batera. Ibilbide osoan makina bat aldiz errepikatu zuten «ikurrina bai, espainola ez» aldarrikapena.

Bide erdia egina zutela ohartu ziren omenaldi hartan elementu garrantzitsu bat falta zela: jaietako erregina. Marijaiak ia-ia huts egin zuen urteroko hitzordura. Berehala ekarri zuten, udaletxera bitarteko azken metroak kalejiraren buruan egin zitzan.

Azkunarentzako bertsoa

Txalo artean iritsi zen ikurrin erraldoia udaletxera. Arriaga plazako errituala errepikatu zuten berriz ere: bertsoa eta agurra. «Alkate espainolista/dela nahiko ezagun/bera da bandera hau/hor egotearen arduradun/baina berriro batu garenez/borrokara hainbat lagun/jai herrikoiak ta ikurrina/denak defenda ditzagun», Irati Erkiziak Iñaki Azkuna Bilboko alkateari bidalitako mezu bikoitza.

Hainbat konpartsatako ordezkariek agurra dantzatu zioten ikurrinari. Pregoilariak kapela burutik kendu zuen, errespetu seinale gisa. Hunkituta agertu zen. «Ikurrina askatasuna da. Nik hala ulertzen dut, behintzat», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.