Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Aste Nagusia arrakastatsua izan dela diote konpartsek eta udalak

Askatasun sexualaren aurkako hiru salaketa izan dira. Konpartsek "matxismoaren azken arrastoa desagertu arte" lanean jarraituko dutela adierazi dute

jarraia143729.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko abuztuaren 28a
11:58
Entzun

Hogei egun dira Bilbo itxuraz aldatzen hasi zenetik. Hilaren 10ean hasi ziren konpartsakideak 29 txosnak muntatzen, eta Aste Nagusia amaitu bezperan iritsi dira jaietako lehen balorazioak. Munduko Jendeak konpartsaren txosna desmuntatzen ari ziren bitartean egin dute agerraldia Oihane Pascual eta Iker Martin konpartsetako federazioko bozeramaileak. Festa arrakastatsuak izan diren arren, “programaziotik kanpoko” gertaerak salatu nahi izan dituzte. “Publiko egin diren eraso sexisten kopurua murriztu izanak ez gaitu garaile bihurtzen. Herritarren kontzientziazioa lantzen segituko dugu”. Izan ere, erasoak izaten direla badakitela azaldu dute Bilboko Konpartsetatik, eta “diskurtso triunfalistak ezikusiarena egiten du gizartean sakonki errotuta dagoen arazoaren aurrean”. Horregatik, “matxismoaren azken arrastoa desagertu arte” lanean jarraituko dutela azaldu dute konpartsetatik. Larunbat goizaldean Ertzaintzak 22 urteko gizon bat atxilotu zuen askatasun sexualaren aurkako erasoak egiteagatik. Ukituak egin zizkien bi emakumeri, eta beste bat bere etxeko atariraino jarraitu zuen.

Hala ere, ez da hori nabarmendu duten puntu negatibo bakarra izan. Hain zuzen, Hontzak konpartsaren txosnaren dekorazioak zeresana eman zuen, eta astelehen goizean ertzainak haren zati bat erretiratu zuen, Bilboko Gotzaitegiak eta norbanako batek salaketa jarri ostean. Vaticano harategia zioten hizkiak, eta Jesusen gorputz atalak azaltzen zituen kartela kendu zuten. Horretaz aparte, Dignidad y Justicia elkarteak presoen argazkiak azaltzen ziren Txori Barroteren aurkako salaketa jarri zuen. “Arrakasta barik saiatu dira herritik abiatutako jai ereduaren muina kaltetzen, eta ohi bezala herritarrek beraiek berretsi dute jai ereduaren indarra”.

Hori izan da Aste Nagusiaren inguruan egindako adierazpenean nabarmendu dituzten puntu ilunak, hortik aparte, jai arrakastatsuak izan direla azaldu baitute konpartsek. Parte hartzea altua izan dela adierazi dute, eta hori jarri dute arrakastaren lekuko gisa. Lehiaketa gastronomikoa izan da beste urte betez parte hartze horren adibiderik garbiena, konpartsen arabera. Zazpi egunez egin dituzte lehiaketak, eta denetara 876 lapiko aurkeztu dira, “guztiak kilometro zero filosofiarekin”. Horrez gain, goitibehera lasterketan ere inoizko parte hartzerik handiena izan duela azaldu dute konpartsetako arduradunek, eta itsasadarreko jarduerak ere inoiz baino gehiago sustatu dituztela.

Dagoeneko desmuntatzen ari dira Areatzako txosna denak, baina dagoeneko datorren urteko jaietan daukate burua konpartsek. Eta berezia ere izango da, 2018. urteko Aste Nagusiak 40 urte beteko dituelako.

Udalaren lehen balorazioa

Bilboko Udalak ere lehen balorazioa bidali zuen atzo goizean, jaiak amaitu baino lehen. Ohar horren arabera, 1,3 milioi pertsonak hartu dute parte Aste Nagusirako antolatutako 400 jardueretan. 150.000 haur ibili dira Txikigunean zehar, eta su festak ikusten egon dira egunero 100.000 pertsonatik gora. Parte hartze altua nabarmendu dute udaletik ere. Sexu erasoen jaitsiera ere nabarmendu du oharrak. Aurten askatasun sexualaren aurkako hiru salaketa egon dira, iaz zortzi zenbatu zirenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.