Proba eguna izan dute gaurkoa Patxo Telleria antzerkigile eta zinemagileak eta Gisele Felli Gorritxo Komantxe konpartsako kideak. Haiek izango dira aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera, hurrenez hurren, eta postuari dagokion jantziarekin pasatuko dituzte festa egun guztiak. Aurkezpen publikoa egin dute gaur, eta lehenengoz jantzi dituzte pregoilari eta txupinera arropak. "Sekula ez zitzaidan bururatu pregoilari izango nintzenik", aitortu du Telleriak, baina ohore ikaragarria dela esan du. Ohore bat dela esan du Felli Gorritxok ere, eta arropekin "oso eroso" sentitzen dela. Batak egingo du festen hasiera hitzaldia, eta besteak piztuko du suziria. Abuztuaren 20an izango da hori, Arriaga antzokiko balkoan, 19:00etan. Hor hasiko da festa.
Telleriak buruan darabil jada egun horretarako idatzi beharreko pregoia. Eta azaldu du nolakoa nahi lukeen: "Oso laburra, originala, dibertigarria eta elebiduna. Festa girokoa izan beharko du, eta leku egin beharko dio erasoen aurkako aldarrikapenari ere". Aitortu duenez, gainera, herritar guztientzako idatzi nahi du pregoia. Felli Gorritxok ere aldarrikapenerako baliatu du gaurko aurkezpena. "Guztion askatasunarekin, askeago bizi ditugu jaiak", adierazi du. Errespetua eskatu du, eta ohartarazi erasorik ez dela onartuko. "Bilboko festetan beti eman zaie erantzuna eraso sexistei, baina espero dugu helduko dela egun bat erasorik izango ez dena. Bide horretan lanean jarraituko dugu".
Txupinazo garbia
Txupinazo "garbia" eskatu du Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Festa zinegoziak. Azaldu duenez, ez luke arrautza eta irin jaurtiketarik nahi festak hasteko ekitaldian. Dioenez, "kanpotik kopiatutako ohitura itsusi bat" da joera hori. "Estatuko hiririk garbienetariko bat izateagatik da ezagun Bilbo, eta festak ere halakoak izatea nahi genuke". Bilboko konpartsen izenean, bat egin du deialdiarekin Liher Barrantesek ere.