Bilboko konpartsak, jai herrikoi eta parekideen alde

Jai eredu parekide, parte hartzaile eta herrikoia bultzatu, eta udalari konpromisoak eskatu dizkiote konpartsek

Bazkaria egin zuten atzo Konpartsero Ëgunean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Jai eredu herrikoia bultzatze aldera, udalarekin izandako bilerak «ez dira guztiz txarrak» izan Bilboko Konpartsen ustez. Atzo Konpartsero Egunaren barruan konpartsek agerraldia egin zuten.

Ondorio berera iritsi dira bi aldeak: «Egoerak ezin du horrela jarraitu». Halaber, konpartsen aurkako presioak hor jarraitzen dutela salatu du Itziar VillafañezBilboko Konpartsen bozeramaileak. «Nahiz eta borondate ona erakutsi, hitzek bakarrik ez dute balio. Konpromisoak nahi ditugu», gaineratu du.

Konpartsek euren lan ikurrak ekarri dituzte gogora, eta puntu horiek «ezinbestekoak» direla azpimarratu dute. Batik bat, jai eredu herrikoia, parte hartzailea eta parekidea bultzatu nahi dute. Horretarako, Bilboko eredu mistoa tresna egokia dela uste dute, baina aurrera egiteko, guztien parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu dute, euren partaidetza bermatua izan dadila eskatuz.

Esparru publikoaren erabilerari dagokionez, udalak hartu duen bidea, Bilboko kultura eta kaleari kalte egiten diola uste dute konpartsek, eta ordenantza berriaren aplikazioak jai esparruan ere eragiten duela adierazi dute.

Bestalde, Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei ezarritako zigorrarekin ez daudela ados azpimarratu dute: «Adierazpen askatasunaren errespetua bermatu behar duen esparrua izan beharko luke jaiena». Horren haritik, alderdien arteko tentsio eta borroka politikoen ondorioa gainean erori zaiela uste dute.

Aste Nagusiari begira, eta jai ereduaren aldeko babesa biltzeko, Mari Jaia eta zu! kanpaina abiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.