Bilboko ez-jaiak

Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute Aste Nahasia

Aste Nagusiaren ordezko izan nahi zuen egitarauak, baina COVID-19ak azken astean izaniko bilakaerak atzera egitera behartu ditu. Bilboko Udalarekin oso kritiko agertu dira, eta haren «inposizioak» eta «oztopoak» salatu dituzte.

Jai eredu alternatiboen alde eginiko manifestazioa, uztailean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko abuztuaren 11
11:19
Entzun

COVID-19ak azken astean izaniko «goranzko joera nabarmena ikusirik», Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute Aste Nahasia. Haren helburua hiriko Aste Nagusia ordezkatzea zen, «ekitaldi ludiko eta kulturalen egitarau xume batekin». Egitasmoa «osasun neurri zorrotzekin» prestatzen ari zirela nabarmendu dute konpartsek, baina, oraingo egoera dela medio, «jende batuketarik txikiena ere ez sustatzea» erabaki dute. Abuztuaren 14an prentsaurreko bat egingo dute, orain arteko lanaren balorazioa egin eta etorkizunera begira jartzeko.

Konpartsen esanetan, «pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo hau alaitzea» zen Aste Nahasiaren helburua. Izan ere, «herri honek irribarrea, ilusioa, esperantza eta festa desira» behar dituela aldarrikatu dute konpartsek, baina hori guztia «ZIUak bete barik» egin beharra azpimarratuta. Gauzak hala, aurten ez dute ekitaldirik egingo.

Bilboko Udalak hala exijitu ostean eman dute erabakiaren berri. Izan ere, Aste Nagusian ekitaldiak antolatu ohi dituzten eragileei eskatu die «aurten ez dezatela halakorik egin». Konpartsei zehazki ere mintzatu zaie, egitarau alternatiboa aurrera eramateko eskaera uzteko esanez. «Baztertu egingo dira bai orain arte espazio publikoan egiteko eskatutako ekintza guztiak eta bai eska daitezkeenak», ebatzi du.

Bilboko Konpartsek gogor egin dute udal gobernuaren aurka, eta hark ezarritako «inposizioak» eta «oztopoak» salatu dituzte. Konpartsen esanetan, eurek eta auzoetako jai batzordeek «mespretxua besterik ez» dute jaso Bilboko Udalaren partetik. Aste Nahasia antolatzeko prozesuan, egitasmoa aurrera eramateko baimenaren inguruko erantzun ofizialik jaso gabe zeudela azaldu dute: «Udalaren aldetik jasotako azken mezuetan, irizpide politikoak nabarmendu dira, eta ez teknikoak edo osasun arlokoak».

Konpartsen esanetan, gainera, Bilboko Udalak haiei bidali dien mezua eta prestatu duen Bilbao Uda egitaraua ez datoz bat. Udalak Aste Nahasia «arazotzat» jo duela salatu dute, eta hark uda osorako egitaraua prestatu duela hala ere: «COVID-19ak ekitaldi herrikoiak, pribatuak eta instituzionalak desberdinduko balitu bezala».

Izango ez den astea

Aste Nahasiak 51 ekitaldi prestatuta zeuzkan, bost gune nagusitan banatuak. Bertso saioak, hitzaldiak, umeen tailerrak, baserritarren merkatuak, zinema, antzezlanak, kontzertu akustikoak, zientzia tailerrak eta mahai jokoak aipatu dituzte, besteak beste. Nabarmendu dute guztietan ere segurtasun neurri «zorrotzak» eta gehienezko edukierak jartzeko asmoa zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.