Inauteri aurreko giroa antzematen da egunotan Euskal Herriko txoko askotan. Haurrak zein helduak mozorroak prestatzen dabiltza, datorren asteburuan kalera irten eta ingurukoekin batera festa partekatzeko asmoz. Bilbon aldaketak egongo dira; inauteriak ez dira iaz bezalakoak izango. Bilboko Konpartsek ez dute desfilerik egingo. Arrazoia, Iñaki Azkuna alkatea buru den udalbatzak jarritako «debekua». «Kale Nagusitik desfilatzeko debekua dela eta, Konpartsok argi utzi nahi dugu 2012ko inauterietan desfile alternatiborik ez egitea erabaki dugula. Dena herriarentzat baina herririk gabe leloa berpiztu dute», azaldu zuen atzoko agerraldian Itziar Villafañez Bilboko Konpartsen bozeramaileak.
Azkunak orain zazpi urte galarazi zien aurrenekoz konpartsei Kale Nagusitik barrena desfilatzea, eta erabakiak indarrean darrai. Debekuaren ondorioz, azken urteetan Hurtado Ametzaga kalea zeharkatuz egin dute jaitsiera. Aurtengoan, ordea, ez dute horrela egingo. Festan parte hartzeko gogoa dute, baina ez edozein preziotan: «Inauterietan beste edozein jaietan bezala parte hartu nahi dugu, modu duin eta eraginkor batean. Ez orain arte bezala, bigarren mailako kaleetara bideratuta».
Ildo beretik, Bilboko Konpartsek inauteri edo bestelako festak antolatzeko orduan dituzten zailtasunak salatu nahi izan zituen bozeramaileak: «Ez dugu gure lan ona erakusteko ez leku ezta aukerarik ere. Ez dugu elite honen oturuntzaren hondakinekin gelditzerik nahi». Jai eredu mistoa eta parte hartzailea arrisku bizian dagoela ere gaineratu zuen.
Mozorrotu eta festarako deia
Udalaren aldetik behin eta berriz jaso dituzten ezezkoak gogoeta egitera eraman ditu Konpartsak. Bilboko Udaleko Batzorde Mistoaren eraginkortasuna «lurperatzen ari dela» ondorioztatu dute. Era berean, alkatearen gustuko ez diren satira edo giza eskaerek Azkunaren berehalako «zentsura edo debeku zuzenekin» topo egiten dutela erantsi zuen Villafañezek, Azkunaren jarrerak sortzen duen kezka azalduz: «Alkatearen egoa gatazka sortzaile iraunkorra da».
Desfilerik antolatu ez badute ere, batzorde mistoko ekintzetan parte hartuko dute konpartsek. «Inauterietan oso presente egongo gara, batzorde mistoan antolatzen ditugun ekintza guztiak sustatuz». Horrez gain, bilbotarrak nahiz hirira bertaratuko direnak mozorrotzera deitu dituzte Konpartsek: «Bilbo hiria bera mozorrotzera gonbidatu nahi ditugu hiritarrak, arropa zaharrak edo oihalak leiho eta balkoietatik zintzilikatzera» .
Bilboko Konpartsek inauterietan desfilerik ez egitea erabaki dute
Desfilatu ez arren, inauterietan mozorroa jantzi eta festan parte hartzera deitu dituzte bilbotarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu