Bilboko jaiak

Bilboko Konpartsek salatu dute Udalak «inposizioaren bidea hautatu» duela

Aste Nagusia eta auzoetako jaiak bertan behera uztea «aldebakarreko» erabakiak izan direla diote, eta horiek ordezkatzeko egitaraua «lantzen» ari direla iragarri dute.

Bilboko Konpartsetako eledunak, Itziar Martinez Rodriguez eta Iñigo Iglesias, goizeko prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko uztailaren 9a
14:58
Entzun

Bilboko Konpartsek «elkarlana berreskuratzeko» deia egin diote Bilboko udalari Arriaga plazan goizean egindako agerraldian. Pandemia hasi zenetik jaien inguruko erabakiak «aldebakartasunez» hartu izana leporatu dio Itziar Martinez Rodriguez Konpartsetako eledunak, eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa, «orain arteko elkarlana irudikatzen» zuen gunea, «deuseztatu» izana ere egotzi dio. Halere, elkarrekin lan egiteko deia luzatu diote Konpartsek Udalari, «Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi esandako» bera aldarrikatuz: «Elkarlana, ez inposizioa».

Martinez Rodriguezek esan duenez, batzordea behin bildu da izurritea hasi zenetik, «hainbat astez eskatu eta eskatu ondoren». Bilera horretan, ordea, Udalak ez zien «inolako erabakirik hartzen utzi» Bilboko Konpartsei. Hala, Konpartsetako eledunak adierazi du «alkateak» debekatu zuela Aste Nagusia, eta ordezko jarduerak antolatzerako orduan ere «Batzorde Mistoaren iritzia eta, are gutxiago, onarpena eskatu gabe» aritu direla. Debekuaren ondoren, Udal Jai Arloaren gain zegoen ardura eta aurrekontua Kultura arlora eraman zuen Udalak, eta, Konpartsen ustez, mugimendu horrek Batzorde Mistoko kideen arteko «elkarlana hustu» egin du. Auzoko jaiei dagokienez, egoera «okerragoan» daudela nabarmendu du Martinez Rodriguezek: «Aurten debekuz debeku ibili dira, Udaleko inor eurekin harremanetan ipini barik».

Konpartsetako eledunak «muturreko» bi aurrekari historiko ekarri ditu gogora: 1980koa eta 1983koa. Azken honetan, aurten bezala, hondamendi natural batek kolokan jarri zuen Aste Nagusia. Hala ere, orduan «auzolanean, elkarlanean eta musu truk» egindako lana goraipatu du. Horren kontrakarrean, 1980ko «inposizioaren bidea»: «Orduko alkatea, herriak onartu ez zuena, herritarren eta konpartsen parte hartzerik gabeko jaiak egiten saiatu zen». Udalaren aurtengo jarrerari «aurrekari kezkagarria» deritze Konpartsek, eta «prest» agertu dira 1983ko jarrera errepikatzeko. «Beraz, non gauden galdetu nahi genioke Bilboko Udalari: 1983an ala 1980an?», itaundu du Martinez Rodriguezek.

Alternatibak garatzen

Bilboko udalak maiatzean iragarri zuen 2020ko Aste Nagusia bertan behera utziko zutela koronabirusaren ondorioz. Alabaina, Bilbok «poztasunen bat» behar duela adierazi du Martinez Rodriguezek. Ez da bederatzi eguneko festa egongo, «baina horrek ez du esan nahi kaletik jaia, festa, parte hartzea eta alaitasuna ezabatu behar» direnik, Konpartsen eledunaren ustetan. Ondorioz, urritik lantzen ari diren egitaraua «osasun irizpideen arabera» moldatzen ari dira Bilboko Konpartsetako kideak. Aurrerantzean jakinaraziko dute egitarau egokitua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.