Aste Nagusiko bederatzi egunetan, 22:30ak inguratzen hasten direnerako, Bilboko erdiguneko argi guztiak itzaltzen hasten dira. Txosnetan eta tabernetan, berriz, musika isiltzen hasten da. Jai giroa atertzen hasiko dela eman badezake ere, ez da horrela. Su festa hasiko dela iragartzen duten hiru txupinak leherrarazi, eta bilbotarren belarriak eztanda eta zaratara ohitzen hasten dira. Horrela izan da Aste Nagusiak orain arte izan dituen lau egunetan, eta horrela izango da datozen bost gauetan ere. Jendea erruz inguratu da itsasadarraren ertzera, Artxandako magalera, edo ikusmira zabala egon daitekeen edozein lekutara, eta datozen egunetan ere leku onenaren bila txanda egiten ibiliko dira bilbotarrak.
Egun bikoitietan, Nazioarteko XXI. Bilbo Hiria lehiaketako su festak ikusi ahal izango dira zeruan. Bakoitietan, ordea, gertuagokoak diren piroteknia enpresek argituko dute Bilboko zerua, erakustaldi programarekin. Lehiaketa iragan larunbatean hasi zen Madrilgo Vulcanosu etxearen eskutik, herenegun Italiako Ipon Pagano Fireworks enpresak leherrarazi zituen bere txupinak, eta gaur Castelloko (Herrialde Katalanak) Peñarroja pirotekniak izango du ardura hori. Ondotik etorriko diraSuediako Goteborgs Fyrverkeri Fabrik etxearen erakustaldia ostiralean, eta, azkenik,igandean, Zaragozana piroteknia etxearen ikuskizunak itxiko duaurtengo lehiaketa. Sariketaren irabazlea, egun horretan bertan jakinaraziko dute antolatzaileek.
Erakustaldiko programari dagokionez, Arabako FML eta Valecea etxeek egin dituzte erakustaldiak egin dituzte, orain arte; eta, bihar, Granadako Esteban Martin su etxearen txanda izango da. Larunbatean, azkenik, Bilboko piroteknia etxe batek argituko du hiriko zerua, Astondoa etxeak, hain zuzen ere.
Sariketa ugari
Bederatzi piroteknia etxeetatik bost bakarrik lehiatuko diren arren, denek izango dute sariren bat jasotzeko aukera. Epaimahaiak nazioarteko lehiaketara aurkeztuko diren bost etxeen artean garaile suertatuko dena aukeratzen duen momentuan bertan, piroteknia enpresa horrek 2012ko Ciutat de Tarragona su festen Nazioarteko Lehiaketan ere parte hartu ahal izango du. Horretaz gain, txapela eta trofeoa ere eskuratuko du piroteknia etxe horrek.
Ikusleak ordea, ez dira beti epaimahaiaren erabakiekin ados egoten. Horregatik, eurei ere ahotsa eman zaie. Era horretan, herritarren arteko eragina lortu nahi izan dute antolatzaileek publikoaren sariaren bidez. Sari hori, edozein modutan, erakustaldiko egitarauan parte hartuko duten su etxeen artean eskaini ahal izango da soilik. Sariketa horretan garaile suertatzen den enpresak, berriz, 2012ko Nazioarteko Bilbo Hiria lehiaketan parte hartzeko txokoa bermatuta edukiko du.
Azkenik, Sari Berdea ere eskainiko da; gutxien kutsatzen duen su etxeari emango zaio. Piroteknia enpresa guztiek jaurtiketa gunera inguratuko diren teknikarei lehergailu bat eman beharko diete, eta horiek laborategi batean aztertuko dituzte. Ikuskizuna amaitutakoan, geratzen diren hondakin pirotekniko eta bizigabeak baloratuko dituzte teknikari horiek. Era horretan, osagai kutsakor gutxien erabiltzen duen enpresak jasoko du saria.
Lehiaketak lehiaketa, gaueko parranda hasi aurreko ikuskizuna, bederen, bermatuta edukiko dute bilbotarrek.
Bilboko Aste Nagusia
Bilboko zerua, bolboraz lepo
Aste Nagusiko gauetan, lehiaketako eta erakustaldiko su festak ikusi ahal izango dira Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu