Bilboko Aste Nagusia

Bilbon dira Marijaia eta beste hainbat festazale

Ohi bezala, ongietorria egin dio jendetzak Marijaiari, Arriagan. Balkoian lagun izan ditu Patxo Telleria pregoilaria eta Gisele Felli txupinera, eta, ofizialki, hasiera eman diote festari. Astebetez, Bilboko Aste Nagusiko ageriko protagonistak izango dira hiru horiek, eta, horien itzalean, festaz gozatuko dute milaka lagunek.

Marijaia, festa hasi berritan. MIGUEL TOñA, EFE
2016ko abuztuaren 20a
14:36
Entzun

Euskara eta gaztelera errimatuz, umorez betetako pregoia irakurri du Patxo Telleriak. Hainbat gai aipatu ditu, jai inklusiboak, esaterako. Eraso sexistak ez direla onartzen ere gehitu du: "Batzuek ez dakite errespetua zer den/ anda y que les den!". "Zorionak eta egin dezagun topa", esanez amaitu du pregoia.

Prest dauden 800 ekitaldi baino gehiagotan izango da zer aukeratua. 500 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte Bilboko Konpartsek. Ohiko ekitaldiez gain, aurten itsasadarra ere jaigune bilakatu nahi dute, eta, horretarako, puzgarri erraldoi bat jarriko dute astelehenetik aurrera, 10:00etan eta 17:00etan.

Udalak, berriz, doako 300 ekitalditik gora antolatu ditu. Besteak beste, Ken Zazpi, Bunbury, Mago de Oz, Izal, Carlos Baute, Gente de Zona eta Las Tea Party-ren kontzertuak antolatu dituzte. Baita bertsolariak, bilbainadak eta folk eta reggae kontzertuak ere. Horiek guztiak Europa parkean, Abandoibarran, Plaza Barrian eta Pergoletan egongo dira, jaiek irauten duten bitartean.

Festa bakarrik ez da izango, ordea, Bilbon. Hainbat aldarrikapen egingo dituzte jaietan. Esate baterako, zezenketen kontrako manifestazioa egingo dute hilaren 27an, eta euskal presoentzako amnistia eskatzeko manifestazioa 26an.

Erasorik ez egoteko

Gainera, Aste Nagusian eraso sexistarik gerta ez dadin, protokolo bateratua osatu dute udalak eta konpartsek. Ez beti da ez kanpaina aurkeztu dute elkarlanean, eta merkatarien elkarteek ere parte hartu dute.

Mugimendu feministak ere protokolo bat jarri du abian. Aste Nagusia amaitu bitartean, emakume taldeak ibiliko dira Bilboko kaleetan, "erasoak salazeko, eta ikusarazteko". Zaintza lanak egingo dituzte, "festa giroaz denek berdin goza dezaten".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.