ATZEKOZ AURRERA

Bilbori gainjarritako Bilbo

2050eko eta 2100eko Bilbo nolakoa izan daitekeen irudikatzen du 'Billenium' errealitate areagotuko proiektuak. BBK OFF jaialdiaren barruan, ibilbideak antolatu dituzte etzira bitartean.

Hegaztiak Bilboko Mesedeetako zubian, errealitate areagotuari esker. Hondoan, Jessica Hoffmann, azalpenak ematen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bilboko Concordia geltokiari bizkarra emanda, Arriaga antzokiaren aldera begiratzeko eskatu diete Uninvited Guests proiektuko kide Jessica Hoffmannek eta Paul Clarkek inguruan dituzten hiruzpalau lagunei. Eta gune horretako «zantzu arkeologikoak» aletzen hasi zaizkie: hiribilduaren hazia, alegia, Zazpikaleak; merkataritzak emandako aberastasuna eta hedadura; industriak ekarritako garapen ekonomikoa, migrazioa eta kutsadura, industriaren desagerpena... «Orain, Bilbo zerbitzu hiria da», adierazi du Clarkek. Baina zer izango da etorkizunean?

Hori argitzeko, errealitate areagotuko proiektu espekulatibo bat ondu dute: Billenium. Europako beste hiri batzuetan egin bezala, hemendik hamarkada batzuetako Bilbo erakutsiko dute egunotan, BBK OFF jaialdiaren barruan: hamabi saio antolatu dituzte guztira, gaurko, biharko eta etziko. Gaurko 17:00etako saioak euskarazko itzulpena izango du, eta etziko 11:00etakoak, keinu hizkuntzakoa. «Etorkizuneko arkeologoak izateko aukera ematen du proiektuak, aukeren interpretazioa egitekoa. Bide ematen du hiria beste modu batera imajinatzeko», Clarken arabera.

Abiatu da taldetxoa. Antolatzaileak aurretik eta atzetik doaz, bina bozgorailurekin, parte hartzaileak ez daitezen girotik atera ezta lekualdatu bitartean ere. Heldu dira lehen geralekura, Arriagako aldamenera. Lurrean paratu dituzte bozgorailuak karratu bat sortzen; parte hartzaileak barruan kokatu dira, eta selfie makila batera lotutako sakelakoak eman dizkiete.

Pantailako irudiak tonu urdinxka hartu du, eta silueta argiak agertzen hasi dira errealitatezko egituren gainean eta inguruan: 2050eko Bilbo irudikatzen ari dira. «Etorkizuneko trazak topatu ditugu toki honetan», azaldu du Clarkek. Concordia geltokiaren gainean, arbola mordo bat agertu dira, eta haien alboan «beiraz eta altzairuz» egindako eraikin mardul bat ikusten da; itsasadarraren azpitik abiadura handiko tren bat doa, eta, gainetik, eguzki plakek hornitutako ontziak, eta, are, igerilariak ere bai.

«Garraiobide publiko guztiak elektrikoak izango dira», Clarken hitzetan. «Madrilen egongo gara 20 minutuan, eta Bartzelonan 15ean». Sakelakoa mugitu, eta turista bat agertu da pantailan, errealitate areagotuko betaurreko batzuk jantzita dauzkala. Aste Nagusiaz gozatzen ari da urteko edozein egunetan: aurrean ditu txosnak, zezensuzkoa, baita Marijaia bera ere.

Aurrerago, okerrago

Teknologiak ardaztutako hiriaren antz gutxi izango du, ordea, 2100. urteko Bilbok. Mesedeetako zubira eraman dituzte parte hartzaileak, baina dagoeneko hondatuta dago zubia, itsasoaren mailaren igoeraren ondorioz. Espaloia zegoen lekuan ura dago, eta oinezkoen tokian, hegaztiak. Pilaketa bat islatzen dute gailuek: itsasadarrean, plastikoz osatutako uharte bat sortu da, eta zubi bat eraiki dute hara heltzeko.

Urak lurra hartu du, eta aberatsek, zerua: zutabe mardul batzuen gainean bizilekuak jarri dituzte, eta misil antiaereoak, horiek defendatzeko. «Behean, gaixotasunak azkarrago hedatzen dira, eta txiroak eta migratzaileak sarraskitzen dituzte», Hoffmannek azpimarratu duenez.

San Frantsizko kaleko Cantalojas zubira mugitu dira azkenik. Haiek nahiko luketen Bilbo imajinatzeko eskatu diete antolatzaileek parte hartzaileei. Eta bat etorri dira: aurrean dituzte lurperatuko dituzten Abandoko geltokia eta trenbideak, eta horen gainean gune berde zabal bat jartzea galdegin dute. Baina parte hartzaileen irudimena teknologia baino azkarrago doa: antolatzaileek ez zuten aurreikusi hurbileko etorkizunean Bilbon eguzkia egin zezakeenik, eta azken egunetako giro hodeitsuetara egokitua zuten programa. Arazoa konponduta, eskakizunak mamitzen hasi dira parte hartzaileen pantailetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.