Asteburuko proposamenak

Bildotsa burruntzi sugarretan

Eusko Labela duen bildotsa dastatu ahal izango da larunbatean Donostian, Bilbon eta Gasteizen

Larunbateko jaian, 3.500 pintxotik gora banatuko dituzte. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako Trinitate plazan, Bilboko Areatzako kaian eta Gasteizko Aihotz plazan burruntzien sugarra indartuko da larunbatean, Kalitatea Fundazioak antolatutako esne bildotsaren jaia ospatzeko.

Aurten hirugarrenez, garaiko produktua sustatu nahian, Eusko Label jatorri izena duen esne bildotsa izango da protagonista larunbatean.

09:30ean martxan ipiniko dituzte suak Karlos Ibarrondoren taldekideek; eguerdi alderako, ehun bildotsetik gora erre ahal izateko. 12:30ean, berriz, euro baten truke, burruntzian erretako kalitatezko arkumearen 3.500 pintxotik gora dastatzeko aukera izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 1.000 pitxotik gora hiriburu bakoitzean.

Amaren esnearekin elikatu ondoren, hiru astetik bost astera bitartean dutenean hiltzen dituzte latxa eta karrantza arrazetako arkumeak, eta horien haragi xamurraz gozatuko dute bisitariek. Horrez gain, nekazaritza elikagaien azoka ere izango da, lurralde bakoitzeko produktuak plazaratuz: Idiazabalgo gazta, Araba, Bizkai eta Getariako Txakolina, sagardoa, Arabako Errioxako ardoa eta ogia dastatu eta erosteko hainbat postu ipiniko dituzte.

Bilboko azokan lortzen den diru guztia hango Caritas erakundearentzat izango da. Donostian eta Gasteizen lortzen den kopurua, berriz, esklerosi anizkoitzaren alde lan egiten duten elkarteetarako izango da. Erakunde horiek banatuko dituzte, hain zuzen ere, bildots pintxoak.

Kanpoko konpetentzia

Eusko Label bereizgarria lortzenlehen produktua izan zen euskal jatorriko esne bildotsa, eta urteekin ekoizpenak gora egin du izugarri. 1994an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 81 artzain zeuden Eusko Labelean izena emanda, eta 32.000 kilogramo haragi merkaturatzen zituzten. 2010ean, berriz, 259 artzain zeuden sor-markaren barruan, eta 100.000 kilogramotik gora aurkitu zituzten merkatuan Eusko Label bereizgarriarekin.

Artzainen kopurua gora egiten joan da azken urte hauetan. Hala ere, kanpoko merkatuetatik etorritako bildotsen konpetentzia eta, oro har, jakiak izan duen beherakada dela eta, euskal artzainak egoera larrian daude, zailtasunak baitituzte bertako kalitatezko bildotsak modu duin batean saltzeko.

BILDOTS JAIA

Non. Donostian, Gasteizen eta Bilbon.

Noiz. Larunbatean, 12:30ean hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.