Tradizio bilakatua da aspaldi uztailaren 15eko Billabesaren entzierroa Iruñean. Festak bukatuak dira, baina festa jarraitu gogoz direnek entzierroaren ibilbide bera egiten dute Miguel Indurain txirrindulariaren aurrean. Ekitaldi parodikoa da. Iruñeko Udal Polizia eta Espainiako Polizia gogor oldartu zaie, ordea, aurtengo entzierroko partaideei. Jendeari Estafeta kaletik pasatzen utzi ez, eta kargak ere izan dira. Piperbeltz hautsezko espraiak erabili dituzte udaltzainek, eta pilotakadak bota dituzte Espainiako poliziek. Lau pertsona atxilotu dituzte, azkenean, eta hainbat zauritu ere izan dira. Saihets bat hautsi diote Berriozarko gazte bati, pilotakada bat emanda. Guztia, festaren nondik norakoei buruzko balorazioa egiteko erabiltzen den egunean bertan.
Poliziaren jarreraren alde agertu dira Iruñeko Udaleko Segurtasun teknikariak eta Enrique Maia alkatea. Jendeak eraso egin ziela azaldu dute, eta Polizia zuritu: «Ezin dugu utzi festen ondorengo egunean hiriaren funtzionamendua oztopatzerik». Azalpenak eskatu ditu NaBaik, eta alkatearen agerraldi bat ere bai Bilduk. Peñen Federazioaren ustez ,«neurriz kanpokoa» izan da Poliziaren oldarraldia, eta udalaren eta entzierroko parte hartzaileen arteko elkarrizketa proposatu du irtenbide gisa.
Sanferminei buruzko balorazio ona egin du Iruñeko Udalak, oro har. «Normaltasuna» nabarmendu du alkateak, eta, azaldutakoaren arabera, aurreko urteetako bisitari kopuru paretsua izan dituzte aurtengo sanferminek ere: 1,5 milioi pertsona. Hala ere, zenbait gauza txar izan direla ere onartu du Maiak, eta bat egin du horretan oposizioko talde eta herri mugimenduetako kideekin. Zerrenda bat osatu du alkateak: uztailaren 6an Labrit kalean izandako borroka; salatutako sexu-eraso saioa; gizon baten aurkako labankada; garbitzaile baten aurkako erasoa; eta Riau-riauarekin gertatutakoa.
Egitarau ofizialean Riau-riau izeneko prozesioa berreskuratzea izan da Maiak bere buruari jarritako erronka, baina, azkenean, bertan behera uztea erabaki zuen, istilu batzuk zirela medio. Hurrengo urtean berriz saiatuko dela esan du alkateak, halere. Etorkizunean elkarrizketarakobideak irekitzeko aholkua eman diote NaBaik, Bilduk eta peñek. PSNren ustez, baina, «astakirten talde bat» izan da ekitaldiaren porrotaren erantzulea.
Jai ereduari buruzko kezka
Garbitasun falta. Hori izan da Maiari oposizio ia guztiak eta herritar elkarteek egotzi dioten beste hutsa, eta garbiketa lanetarako jarritako dirua murriztu izana kritikatu dute ia guztiek.
Bestalde, festa ereduari buruzko gogoeta bat eskatu dute peñek eta Gora Iruñeak. Ondo baloratu dituzte sanferminak, eta eskertu egin dute herritarren parte hartzea. Hala ere, salatu dute udalak «trabak» jartzen dizkiela, eta gune propiorik gabe utzi dutela gogorarazi du Gora Iruñeak. «Poza» azaldu du Peñen Federazioak, azkenean, udalak txupinazoan ikurrinaren eta beste ikur batzuen «jazarpena» eten duelako.
Uztailaren 15eko gertakariak ikusteko:
www.ateakireki.com
Billabesaren entzierroko Poliziaren oldarraldiak ilundu du jaien balorazioa
Poliziaren jarrera babestu, eta festetan izandako «normaltasuna» nabarmendu du Enrique Maia Iruñeko alkateakPeñen Federazioak eta Gora Iruñea plataformak udalaren trabak salatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu