Tommy O'Haverren Billy's Hollywood Screen Kiss filmean, argazkilari bat, tituluko Billy, zinemako musurik ikonikoenen bila ibiliko da bere fotografietarako. Igandean, Madrilen, balizko musu perfektu zoragarri horren kontraeredu erabatekoa ikusi genuen Alderdi Popularraren egoitzako balkoian. Marianoren eta Elviraren ezpainak elkarren ondoan suertatu ziren, halabeharrez-edo, eta berehala urrundu ziren, behar ez den saihetsetik hurbildutako imanak balira bezala.
Auskalo zergatik, alderdi horretako bertze zenbait agintariren irudiak etorri zitzaizkidan burura, eta Antonio Basagoiti edo Sergio Sayas irudikatu nituen bikotekideari antzeko musu simulakro bat ematen. PPren besta handirako prestatzean, jaka hartu, baina musurik hoberenak armairuan gelditu izan balitzaizkie bezala, atzenduak.
Edonola ere, etorkizunaren iragarle heldu zaigu, nire ustez, Raxoiren potta. Azalekoa, hotza, eskasa. Komertziala, nolabait errateko, kontratu baten ondorioa eta arriskurik gabea. Bada hor gizartearen eredu jakin bat. Estatu neoliberalak ez baititu herritarrak ez maite izaten, ez babesten: ezartzekotan, bezero harremanak ezartzen ditu, arinak, hauskorrak, eskaintzaren eta eskariaren legearen araberakoak.
O'Haverren filmean, Billyk lagun bati leporatuko dio heterosexualegia dela zineman ikusi berri duten istorio baten kitsch landua estimatzeko. Raxoi, bere aldetik, neoliberalegia da, bistan da, minutu bateko musu ikoniko batek (mingain eta guzti) dakarren sakontasuna ulertzeko.
Maratila
'Billy's Hollywood Screen Kiss'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu