Biomedikuntza ikerketarako eraikina prest

Biokutxa inauguratu dute, Miramonen; Inbiomed fundazioa birsortze medikuntza ikertzen ari da bertan

Ikertzaile batzuk, atzo, Biokutxa eraikineko laborategian lanean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Egun Miramongo Parke Teknologikoa dagoen eremuan, 1979. urtean berreraiki zituzten Donostiako Arbide dorre ezagunak. Harriz harri eraman zituzten bi eraikinok hirigunetik Miramonera. Hiri arkitekturaren ikur izan ziren eraikinek Biokutxa hartu dute orain, eta osasun eta zientzia ikerketak garatzeko ikur izango dira. Kutxaren Gizarte Ekintzak bultzatu du egitasmoa, eta atzo inauguratu zuten. Inbiomed fundazioko ikertzaileak ari dira laborategietan lanean.

Biokutxa eraikinak 3.000 metro koadro ditu, eta 7,92 milioi euroko inbertsioa egin du Kutxak berau egokitzen. Arbide dorreetan bulegoak daude, eta dorreen azpiko aldean laborategiak, bi solairutan banatuta. Hirugarren solairu bat ere prestatu dute, zelula amekin lan egiteko eta birusak segurtasun osoz gordetzeko. Horietarako sarbidea mugatuta dago.

Urte hasieratik ari dira Inbiomedeko ikertzaileak lanean; uneotan 40 ikertzaile ari dira, baina 2015erako 80 eta 100 artean biltzea dute helburua. «Birsortzeko medikuntzaren alorrean nazioarteko erreferentea izan nahi dugu 2015erako. Horretarako, eraikin aproposa dugu, ikerketarako punta-puntako materiala eta hori guztia erabiltzeko gogoz dagoen lantaldea», nabarmendu zuen Inbiomedeko presidente Gurutz Linazasorok, inaugurazio ekitaldian.

Birsortzeko medikuntzan jarduten du Inbiomedek, eta hiru ikerketa esparru ditu: minbizia, parkinsona eta bihotzeko gaitzak. Horietan sakontzeko lau sail teknologiko baliatzen dituzte: birus saila, zelulak birprogramatzekoa, zitometria saila eta animalia ereduena. Minbizia edo parkinsona egungo gizartean gaixotasun gertukoak dira, eta horiek dituztenei transplanteak egiteko ehun eta organo artifizialak sortzea dute erronketako bat, eta zelula amekin lan egiten dute. Horiek ikertzen ari dira Biokutxa eraikin berrian. «Ekarpen garrantzitsuak egiteko modua izango dugu, eta birsortze medikuntzaren ikerketan lehenengo mailan jarriko gaitu, zalantzarik gabe», aurreratu zuen Linazasorok.

2010eko irailean jarri zuten Biokutxaren lehenengo harria, eta atzo inauguratu zuten eraikina. Ekitaldi jendetsua izan zen. Bertan izan ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Lohitzune Txarola Gipuzkoa Batzar Nagusietako presidentea, Kutxako lehendakari Xabier Iturbe, Inbiomed fundazioko lehendakari Gurutz Linazasoro, eta Espainiako Zientzia ministro izandako Kristina Garmendia —Inbiomedeko zuzendaria izan zen politikan hasi aurretik—.

Guztiek izan zuten eraikinaren barrunbeak bertatik bertara ezagutzeko modua, eta guztiek egin zuten Biokutxaren aldeko apustua. «Gutako gehienok ezagutzen dugu minbizia eduki duen inor, eta jakin badakigu gaixotasun horiek sendatzeko bidean zer garrantzia duen ikerketak», esan zuen ahaldun nagusi Martin Garitanok. Bide horretatik jo zuen Kutxako lehendakari Xabier Iturbek ere, eta, krisiak krisi, Kutxak gizarteari ekarpenak egiten jarraituko duela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.