Arma biologikoak garatzeko gai direnek oso kontuan hartzen dute Yersinia pestis bakterioak hiltzeko duen gaitasuna. Hala diote hainbat gobernutako inteligentzia zerbitzuek. Izan ere, ia zibilizazioaren hasieratik gaitzak gerran baliatu dira etsaia suntsitzeko. Europako ekialdean, XIV. mendean, izurri bubonikoarekin hildakoen gorpuak jaurti zituzten katapultaz tartaroek Kaffako hiri setiatura (egungo Teodosia, Krimean). Europara iritsi zen ostean izurri beltza, merkataritzarako ontziez.
Izurriak hedatzea sarritan erabili izan da gerran, ordea, tartaroen aurretik eta ondoren ere. Esaterako, Kaffako setioa gertatu eta 400 urte geroago, Ingalaterrako ofizialek baztangarekin kutsatutako mantak eman zizkieten Ipar Amerikako indiarrei. Bake negoziazioetan eman zizkieten, gainera. Indiarrentzat hondamendia izan zen baztanga. Gerra ekintza makur bezain eraginkor horren adibide bi besterik ez dira.
Gaur egun, Yersinia pestis bakterioak eragin dezakeen gaitzaren hiru aldaeretako baten beldur dira haonbat gobernu, izurri pneumonikoaren beldur. Aldaera horretan gaitza pertsonatik pertsonara kutsatzen da, airetik. Bubonikoan, aldiz, ez da horrela gertatzen; arkakusoek barreiatzen dute, arratoi beltzean (Rattus rattus) dabiltzan arkakusoek. Zer gertatuko litzateke norbait gai balitz esprai baten bidez izurri pneumonikoa hedatzeko? Adibide bat baino ez da.
Weill Cornell Medikuntza Eskolako ikerlariek ohartarazi dute Y. Pestis-en gene bat aurkitu dutela mutatzeko gai dena. Mutazio horrek Y. Pestis ohi baino askoz arriskutsuagoa egingo luke, eta horregatik uste dute bioterrorismoaren barnean balia dezakeela norbaitek.
Bioterrorismoaren mamuaren itzala
Inteligentzia zerbitzuek 'Yersinia pestis' bakterioaren arriskua aztertzen dute laborategietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu